2021(e)ko abuztuaren 8(a), igandea
JOSE LUIS "GOLINDO" ETA ANE MIRENI EGINDAKO OMENALDIA
2021(e)ko maiatzaren 21(a), ostirala
Hondakinen kudeaketa arduratsua: Zaldibarkoaren irakaspenak, Ahoztar Zelaietaren eskutik
2020ko otsailaren 6an, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegi batetik zetozen milioi erdi metro kubiko lur eta zabor baino gehiagok A-8 autobideko errei bat inbaditu zuten eta ondorioz Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze zabortegiko lur-jausi azpian lurperatuta geratuko zituen. Hortik aurrera, tragediaren handitasuna areagotu baino ez zen egin; Istripuaren ondorioz hainbat sute sortu ziren zabortegian, inguruko bizilagunak beren etxeetan giltzapetu egin zituzten eta oso arriskutsuak diren substantziak daudela jakinarazi zitzaien bertaratu ziren larrialdietako langileei.
Ahoztar Zelaieta kazetariak, bi langileen heriotzak bultzatuta, hondamendiaren zergatiak argitzen saiatzeko ikerketa bat jarri zuen martxan. Bertan hondakin arriskutsuen kontrol eza, hirigintzako espekulazioa, enpresa pribatuaren eta erakunde publikoen arteko ate jiratorioak eta abar izango ditu izpide
2021(e)ko maiatzaren 1(a), larunbata
JOSE LUIS ALBIZU, “GOLINDO”
Jose Luis Albizu, “Golindo”, hil zaigu. Ohikoa da loreak botatzea hil denaren omenetan. Gureak ezin zuen bestela izan. Idatzi honetan gogoan dugun Golindoren argazkia egitea dugu helburu, Arkamurka Elkartetik ateratakoa.
Izadi Taldearen sortzaileetakoa izan zen (gero izena aldatu eta Arkamurka Natura-Elkartea bihurtu zena) duela 52 urte. Vista Alegreko Garaje batean bilerak egiten hasi eta apurka-apurka mikologian zaletzen, ikasten joan zen hango eta hemengoekin harremanduz mikologia arloan punta-puntako aditu izatera iritsiz. Bere lanbideak ez zuen ikusirik zaletasun hauekin, Zarauzko Lizundia tela-fabrikan egin baitzuen lan. Bizipen hark ere ekarri zuen sokarik bestelako eremuetan, Golindoren eskuzabaltasuna agerian gelditu baitzen, beste behin ere, Gaztetxe bihurtu zen lantegi haren azpiegiturak gazteei erakusterakoan.
Gure taldera bueltatuz, Izadi eta Arkamurkaren historian beste lagun handi bat izan zuen bidekide, Manuek Beloki. Biak izan ziren elkarte hauen gidari urteetan eta urteetan. Bien arteko harreman sendoa dela eta, une triste hauetan besarkadarik estuena eta sentituena bidali nahi diogu Manueli.
Lortu zuen ezagutza ez zuen berarentzat gorde, astero zabalik zituen ateak perretxikozaleei ale jangarriak eta ez-jangarriak bereizten erakusteko. Zenbat herritar ez ote da pasa bere aholkuak jasotzera!
Astero-astero hamarkadatan joan zen Donostiako Aranzadi Zientzia-Elkarteko mikologia saileko bileretara, lanetik atera ondoren. Horrela janzten da pertsona, saiatuta. Han izan zuen harremana Euskal Herriko mikologo guztiekin eta baita Frantziako beste mikologia-taldekoekin ere. Famatuak ziren denen artean egiten zituzten ibilaldi mikologikoak. Aranzadin bere lagunik handiena Xabier Laskibar (2019an zendua) mikologo handia izan zuen. Xabier gehienetan, baina Jose Luis ere bai batzuetan, Donostiako Ospitaletik deituak izaten ziren perretxikoz intoxikatutakoak artatu eta antidotoak ezartzera.
Arkamurka Elkartea Aranzadi baino apalagoa bazen ere, denen gainetik maite zuen gurea. Gureari eskaini zion ardurarik handiena. Ez zuen huts egiten asteroko bazkide-bilkuretara, egoitzako paretan zegoen bere argazkiari ez ziola bueltarik eman nahi, gogorarazten zigun beti. Arkamurkako hitzaldi, ekitaldi, erakusketa eta abar guztietan beti han izaten zen, entzuten (eserleku finkoa zuen gure aretoan), antolatzen eta laguntzen.
Buru-belarri, bera eta ingurukoak mugitzen zituen urteroko perretxiko-erakusketa antolatzeko: perretxikoak bildu, sailkatu, mahaietan ipini, zaindu, bisitariei erakutsi, … Pandemiaren giroan ere, bere beldur eta guzti, ez zen iazko urriko erakusketara bisita egin gabe geratu.
Ez zuen bere ezagutza berarentzat gorde, gorago esan bezala, herritarren artean banatu zuen etengabe. Azken urteetako lan handi bat ere utzi digu Josepo Teresekin batera egindakoa: Urola Kosta Bailarako Perretxikoak liburu mardula. Liburu hau egitean hilabete asko pasaz, akitu arte jardun zuen, berak zioen bezala, bere bizitzako aldirik nekagarriena biziz. Ikustekoa da liburua, bertako argazki eta testu bikainekin. Zaletua aditu bihurtuta, ikertzaileek egindakoen inbidiarik gabeko lana, guztion gozagarri.
Ez zuen mikologia bakarrik landu, sasoi batean tximeletekin ere izugarrizko lana egin zuen, bilduma bikaina osatuz. Tximeletak eta euren krisalidak nola jaso erakutsi zigun, haienganako miresmena sortuz. Hasten zen hartan sakontzearen aldekoa zen.
Azken urteotan bestelako lanetan ikusi dugu lanean, fin, Jose Luis: genealogia eta historia izan ditu ikergai. Abizenetatik eta jaiotetxeetatik abiatuta, hango eta hemengo kontu zaharrak, galdutako istorioak eta ahaztutako izenak berreskuratu ditu. Berak aurkitu zuen Oñatiko artxibategian Zarauzko artelatzari buruzko agiririk zaharrena ere.
Bere familiaren erroetaraino joanda, ez zen horretan gelditu. Zeregin horretan ikasitakoak ere ingurukoekin partekatu nahi izan zituen eta berari esker, hainbatek bere arbasoen nondik-norakoak ezagutu dituzte. Ikasitakoa erakusten, beti, Golindo.
Badakigu bere zaletasunarekiko ardura berarekin eta handiagorekin zaindu zituela bere familiarekiko loturak. Familiartekoei gure doluminik sakonena adierazi nahi genieke. Bestalde, ordea, badakigu, bere zaletasunean familiartekoak izan zituela euskarri eta laguntzaile. Horregatik, gure eskerrik beroena familiakoei Arkamurka Elkartearen partetik, eta herritarren partetik ere bai, noski.
Izkina askoko hutsunea utzi digu Jose Luisek; ustekabean utzi gaitu. Lanak izango ditugu hutsune hori betetzen, bidea berak hainbat urtetan ezin hobeto erakutsi digun arren. Beti gogoan.
Zarauzko ARKAMURKA Natura-Elkartea
2021(e)ko apirilaren 19(a), astelehena
Ostegun honetan, 20;15 tan, Marteri buruz izugarri dakien Iñaki Ordoñez Etxeberria-ren hitzaldia on-line bidez jarraitzeko sartu beheko link honetara;
https://jitsi.eus/ArkamurkaAstronomiaJardunaldiak
Gure Lur planetaren auzokide, Martitza edo Marte planeta dugu. Gauez begibistaz ikusi daitekena eta oso aspalditik ezaguna dena. Gizakiak betidanik izan du harekiko erakarpena: zeruan egiten zuen ibilbide berezia zela eta hasieran, lehen teleskopioekin begira hasi zirenean eta baita gaur egun ere dauzkagun teknologia onenekin aztertzen hasi garen hontan.
Aurtenago Astronomia Aste murriztu honetan Marte planeta izango dugu hizgai.
Lehenengo jardunaldia Modelo Aretoan izango da.
Apirilak 27, asteartea
Exomars misioa: lehen eta orain
Exomars misioa Europako Espazio agentziak abiatutako programa bat da. Orain artean gorabehera desberdinak izan ditu, baina aurrera darrai. Dokumental motz baten bidez hastapen eta helburuen zertzelada batzuk ikusiko ditugu eta ondoren, mahai inguru baten bidez, gaurko egoera aztertuko dugu.
Arkamurka Natur Elkarteko kideen eskutik
Modelo Aretoan 19:30tan
Ondoren, Marteri buruz izugarri dakien Iñaki Ordoñez Etxeberria ekarriko dugu, baina oraingo honetan hitzaldia on-line izango da.
https://jitsi.eus/ArkamurkaAstronomiaJardunaldiak
estekaren bidez ikusi ahal izango da. Ordenagailua pizteko esfortzu txikia egitera animatzen zaituztegu, trukean saio ederra izango bait duzue eta zeuen zalantza eta kuriositateak zuzenean galdetzeko aukera.
Jueves, 29 de abril
Exploración espacial en Marte (Espazio-esplorazioa Marten)
Se realizará un pequeño repaso a la historia de la exploración de Marte, desde las primeras observaciones usando sencillos telescopios, hasta las últimas misiones espaciales que han aterrizado sobre el planeta rojo. Cada avance en los instrumentos de observación o cada nueva misión que ha llegado a Marte, nos ha permitido descubrir nuevos aspectos de este planeta, mostrándonos facetas fascinantes de un mundo al que esperamos que en breve pueda llegar la humanidad.
Hitzaldian Marteko esplorazioaren historiaren errepaso txiki bat egingo da, teleskopio arruntak erabiliz egindako lehen behaketetatik hasi eta planeta gorrian lurreratu diren azken misio espazialetaraino. Behaketa-tresnen aurrerapen bakoitzak edo Martera iritsi den misio berri bakoitzak planeta honen alderdi berriak aurkitzeko aukera eman digu, gizateriaren etorrera laster ikus lezakeen mundu baten alderdi liluragarriak erakutsiz.
Hitzaldia gazteleraz izango da.
Iñaki Ordoñez Etxeberria, Iruñako Planetarioko ikertzailea
20:15etan streaming bidez
https://jitsi.eus/ArkamurkaAstronomiaJardunaldiak
Biak ala biak goxatzeko aukera paregabeak. Modelo aretoan eta on-line ere, zuen esperoan gauzkazue.
2021(e)ko apirilaren 15(a), osteguna
Ardiak mugitzen ari da otsoa
Zarauzko Udalean EAJk mozio bat aurkeztu berri du, Enbak eta Gipuzkoako EHNE sindikatuek eskatuta, Udalak mendiko abeltzaintzarekin konpromiso tinkoa azaldu zezan, konpromiso horretan sartuko litzatekeelarik otsoaren populazioa kontrolatzeko ehiza baimentzea. EAJren aldeko botoekin onartu zen mozioa, PSE eta Ahal Duguren kontrako botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Otsoa badator,
Burgos aldetik mendebaldeari dagokionez eta Pirinio aldetik ekialdeari
dagokionez. Euskal Herria gertatuko da bi populazio horien arteko korridore. Mozio
honen onarpenak legezko inolako eraginik ez duenez, gure iritziz, mozioak lortu nahi zuena da, kontserbazioaren
aldeko gertaera honen aurka jartzea gizartea, lehen sektorea batik bat.
Oraingo eztabaida
honek badu alde positibo bat, eta da, otsoaren gaia garaiz tratatzen hasi
garela, gertaera honetaz jabetzeko, balorazioak egiteko eta neurri egokiak
hartzeko denbora asko beharko baita.
Arkamurka
Elkartearen ustez, otsoaren etorrerak onurak ekarriko ditu Euskal Herrira. Azken
mendeetan desagerrarazi ditugu gure artetik bai herbiboro handiak (basahuntza,
oreina, orkatza, basurdea (orojalea)) eta karniboro handiak (otsoa eta hartza).
Gogor jo ditugu txikiagokoak ere: azeri, lepazuri, erbinude, arrano, zapelatz,
etab. Gogoan ditugu animalia horiek harrapatzeagatik udaletan edo baserrietan sariak
ematen ziren garaiak.
Garaiak aldatzen
ari dira eta, gaurko zientziaren ikuspegi sakonagotik, badakigu suntsitutako
katebegiak berreskuratzeak oreka handiagoa ekarriko duela gure geografiara.
Jakin badakigu,
Zarauzko udal plenoan entzun genuen katastrofismoa alde batera utziz,
abeltzaintzaren birmoldaketa beharrezkoa izango dela otsoarekin batera
bizitzeko: aziendak gauez bildu; itxiturak eraiki; gauezko zaintzaileak kontratatu;
zakur mastinak erabili; etab. Birmoldaketa hau erabat diru publikoz finantzatu
beharko da, otsoak sor ditzakeen kalteak ere bai noski, onurak ere gizarte
osoarentzat direlako. Lehen ere badakigu, Europa laguntzei esker bizi dela gure
abeltzaintza eta baldintzen artean ingurumen kontserbaziokoak egoten direlako.
Jabetzen gara
abeltzainen bizimodu eta ohiturak ere aldatu egin beharko dutela, adibidez,
astebetean ezin izango dira artalde edo behorrak bildu gabe utzi mendian.
Ohitura-aldaketa gogorra da edonorentzat eta hori ere ahal den leunena izan
dadin parte hartu beharko du administrazioak. Administrazioak ez ditu lan
berriak nahi, atzetik ez bada, edo gizarteko eskaera erraldoia, edo bera baino
goragoko agindua. Kasu honetan, espero dugu, mugitu beharko izango duela.
Pandemia garai
honetan, jokabide negargarriak ikusi dira kaletar askoren aldetik
landa-eremuan. Errespetu-falta itzela erakutsi dugu. Azterketa serio bat egin
beharrean gaude. Otsoa etortzen denean, areagotu egingo da mendian izan beharko
dugun errespetua eta arreta. Denok behar dugu birmoldaketa.
Hemen aipatu
ditugun lan horiek guztiak daude otsoa etorri aurretik egiteko, eta
Arkamurkaren iritziz, horretan hasi beharra dago buru-belarri, inplikatu guztiok
elkar hartuta. Ez da bidezkoa, gure ustez, sektore baten mesedetan gizarte
osoaren onura den otsoa tiroz botatzea, hanka gure lurraldean jarri orduko.
Horrela konpondu nahian gabiltza basurde eta orkatzen ugaritzeak, ehiztarien
nahien arabera uxaldiak antolatuz, edo ehiza-parada batzuen baimen-eskaera
greba batez presioa jasanez.
Espero dezagun
otsoaren presentzia ez etortzea tiro-hotsez (ofizial edo furtiboz) lagundua.
Zarauzko Arkamurka
Natura-Elkartea
2021/04/11
2021(e)ko apirilaren 9(a), ostirala
ZARAUZKO JARDINETAKO ORKIDEAK
Juantxo Unzuetak egun hauetan Zarauzko jardinetan aurkitu dituen orkideen zerrenda duzue hemen behean. Orkideak landare ezagunak dira lore oso deigarriak dituztelako;Izan ere, lorearen petaloak animalien antzekoak diren egiturak osatzeko eraldatzen dituzte. Badira hegazti(kolibriak) edo saguzarrak erakartzen dituzten orkideak, baina orkidea espezie ia guztiak intsektuek ernaltzen dituzte, esaterako erleek, tximeletek eta liztorrek.
2021(e)ko martxoaren 22(a), astelehena
HONEYLAND - DOKUMENTAL SOLASALDIA BIOLOGOA ETA ERLEZAINA DEN MARTXEL AIZPURUAREKIN /2019ko dokumentalik sarituenetakoa izana
Martxoak 30, asteartea-19;00etan, Zarauzko Modelo aretoan izango den dokumental-solasaldi honetan emakume baten begiradaren bidez gizateriaren eta naturaren arteko oreka hauskorra agerian ikusiko degu. Nazioarteko film zein dokumental onenaren Oscar sarietarako izendatua izan da eta beraz urteko dokumental ikusgarrienetako baten aurrean gaudela esan genezake.
2021(e)ko otsailaren 17(a), asteazkena
"NATURA 2000 SAREA " DOKUMENTAL A- SOLASALDIA BIOLOGOA ETA NATUR KONTSERBAZIOAN ADITUA DEN IÑAKI AIZPURUREKIN
Otsailak 23, asteartea-19;30etan, Zarauzko Modelo aretoan izango den dokumental-solasaldi honetan, Euskal herrian ongien kontserbatutako txokoak erakutsiko dizkigute; Natura 2000 Sarea Europa zeharkatzen duen balio ekologiko handiko naturaguneen sare bat da. Honako helburu komuna partekatzen dute naturaguneok: habitat eta espezie mota jakinak beren banaketa gune naturaletan egoera onean babestuta daudela bermatzea, horretarako berauek babestu eta kontserbatzeko gune bereziak sortuz. Europako erakunde eta herritarrek europar lurralde osoan biodibertsitatea babesteko egindako apustu nagusia da Natura 2000 Sarea. Europar Batasuneko kontserbazio bitarteko nagusia da, eta, era berean, Sarearekin zuzenen lotutako giza populazioen garapen jasangarria bultzatzeko aukera ere eskaintzen du. Naturaren eta jarduera ekonomiko eta sozialen arteko oreka bultzatzen du, betiere Sarearen baitan dauden eremuetan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu.
- Natura 2000 Sarea pertsonen eta naturaren arteko itun bat da.
- Biodibertsitatea kontserbatu eta lehengoratzeko Europar Batasunaren apustu nagusia
Europar Batasuneko kontserbazio bitarteko nagusia da, eta, era berean, Sarearekin zuzenen lotutako giza populazioen garapen jasangarria bultzatzeko aukera ere eskaintzen du. Naturaren eta jarduera ekonomiko eta sozialen arteko oreka bultzatzen du, betiere Sarearen baitan dauden eremuetan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu.
2021(e)ko otsailaren 5(a), ostirala
Estudio hidrogeológico de Zarautz (Gipuzkoa) -2009 Geologoa: Alfonso Garcia de Cortazar
Azken aldian Salberdinen (Zarautz) egiten ari diren etxegintzan, sakoneko lurrak atera dituzte. Lur horien tartean harri biribil asko eta ederrak atera dituzte. Jende askok galdetzen du ea erreka-harriak ote diren. Inork gutxik imajinatzen du itsasoa hor ibili denik. Ondorengo orrietan azaltzen da geologo honek egindako lanean agertzen diren datuen laburpen bat, lan horretan bertan agertzen diren marrazkiak azalduz eta lan horretako testuko iruzkin txiki batzuk ipiniz marrazki horien oinetan.
Martxel Aizpurua
Azken glaziazioan itsasoaren maila 100 metro
jaitsi zen. Hamar kilometro atzeratu zen itsasoa.
Ondorengo izotzen urtzeak sortu zuen itsasoaren
gorakada: 1 edo 2 metro gorago gaur baino.
Hareatza handiak geratu ziren airean eta haizearen
eraginez duna-ilara handiak sortu ziren.
Maskorren disoluzioak eta ondorengo kristalizazioak harea zementatu zuen.
Itsasoaren bigarren aurreratze honetan, itsasoak
erabat edo partzialki desegingo ditu duna-ilarak.
Aurreko kolmatazioen gainean itsas jatorriko hareak-eta pilatzen dira.
Itsasoaren bigarren aurreratze honetan, itsasoak erabat edo partzialki desegingo ditu duna-ilarak.
Aurreko kolmatazioen gainean itsas jatorriko hareak-eta pilatzen dira.
Ibaietako bokaleetan padura zabalak sortu ziren.
Haizeak duna-sistema handiak sortu zituen.
Gizakiaren eragina handia da jada garai horretan (deforestazioa) eta ibai-errekek lur asko ekarri eta itsasadar askoren kolmatazioa eragin zuen.
HITZA (2021/01/28) : Laburpena: 1.-Salberdingo harri biribildu horiek itsasbazterreko harriak dira. 2.-Zarauzko lautadan bi “zulo” (gune) daudela: bat, Azken Portutik Santa Barbara aldera eta, bestea, Salberdindik ekialdera. 3.-Harri horien adina 15.000 eta 40.000 urteren artekoa dela.
2021(e)ko urtarrilaren 21(a), osteguna
BERTAN BEHERA GERATU DA ZARAUZKO II. HEZEGUNE-EGUNA , PLASTIKO BILKETA IÑURRITZAKO BIOTOPOAN
Jakinarazten dizuegu aurtengo Zarauzko II. hezegune eguna bertan behera uzteko gomendatu digutela. Hori dela eta Larunbat honetarako Iñurritza biotopoan antolatua genuen plastiko bilketa bertan behera geratzen da.
Besterik gabe, garai hobeak iritsiko diren esperoan, elkar zaindu eta besarkada haundi bat denoi.
Ongi izan.
---------------------------------------------------------------
Lekua; Zarauzko surtidorearen aurreko biotopo sarreran.
2020(e)ko azaroaren 14(a), larunbata
EZ ESKERRIK ASKO!!!! GLADYSEN LEHIOA DOKUMENTALA
Azaroko azken asteartean, 24an, iluntzeko 7retatik aurrera Gladys del Estali buruzko dokumentaldia izango da modelo aretoan. 80. hamarkadako mugimendu antinuklearraren kronika egiten da. Hemen informazio pixka bat:
80ko hamarkada hasieran mugimendu antinuklearra puri-purian zegoen nazioartean, eta baita Euskal Herrian ere. Kostaldean eraikitzear ziren hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat egiteko asmoa zegoen. Horren aurka protestatzeko, mobilizazioak antolatu ziren Tuteran. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil baten tiroak hil zuen. Film honek, Gladysen gertakariaren harira, garaiko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egin nahi du.
Dokumentaldiaren ondoren, garai haietan Urola kostan mugimendu antinuklearrean murgilduta ibili ziren kide batzuk ere hartuko dute hitza.
Dokumentalaren trailerra;
https://www.youtube.com/watch?v=5EMiICCPA4g
2020(e)ko azaroaren 9(a), astelehena
Zarauzko ibaiak ardatz hartuaz ,Uraren azalean ekimena Ainhoa Goenagaren eskutik
Zarauzko herria berezko uren arteko topagune naturala da hondartza, errekak, iparreko euri ugariak eta lurrazpiko akuiferoa direla eta. Hondartza herriko ondarerik bereizgarri eta preziatuena den bitartean, herrian barna erreka xume bat igarotzen da, eskuarki “Rio Peste” bezala ezagutzen dena. Aurreikuspen guztien kontra, ur zidor hau bizitzaz beterik dago, gizadiaren gutxiespenaren, kutsaduraren eta gehiegizko eraikuntzaren oztopoei aurre eginez. Gure gertuko naturagune hauei ikusgarritasuna eman eta bertako narriadura eta oparotasuna azaleratzeko xedearekin “uraren azalean” proiektua sortzen da, zeinean uraren ibilgua eta bertako bizitza omendu eta aldarrikatzeko asmoz ingurumen-kontzientzia, sorkuntza artistikoa eta bizikidetza uztartzen diren.
URAREN IBILBIDEA
Iñurritzako bokaletik Igerain errekak herriarekin topo egiten duen guneraino doan ibilbidea, anbulategitik haratago. Itsas ertzetik hasi eta barrualderantz edo alderantziz egin daiteke bidea.
IÑURRITZA BIOTOPOA
Denbora luzez Iñurritza zabortegi gisa erabilia izan da; Zubiondoko Zakarreta. Eremu honen babesa bermatzeko 1997an biotopo aitortu zen. 2007an Kontserbaziorako Eremu Berezia (KEB) izendatu eta 2009an naturalizatzeko lanak egin ziren. KEB sortu zenetik biotopoan ia 200 hegazti-espezie behatu dira, dela bertan habiak eginez, dela migrazioan.
IRITA HEZEGUNEA
Hezeguneak dira munduan gehien hondatu eta galdu diren ekosistemak, nekazaritzarako eta hirigintzarako okupatu edo lehortu egin direlako. Gerora joan gara konturatzen lokazti hauek duten garrantziaz. Alde batetik, ur-sistema erregulatzen dutelako eta, bestetik, gune horietan dagoen fauna eta flora oso aberatsa delako. Planetako ekosistemarik emankorrenak dira, bertan pilatzen baita erreka eta ibaietatik datorren materia organiko guztia. Zarautz inguruko mendietatik errekatxo ugari datoz maldan behera. Itsasora gerturatzean lautadarekin topo egiten dute, ingurune honetan sortzen da hezegunea. Ur-korronte geldoak erreka-ohean sedimentu finak, lohi eta buztinak, pilatzea eta erreka zabaltzea eragiten du, inguruko lur-eremu laua heze mantenduz eta aldizka urez estaliz. Erregularki urez estaltzean, lurzorua saturatu eta oxigenorik gabe geratzen da, hori dela eta ekosistema hibrido bat sortzen da, uretako eta lehorreko bizitza uztartzen duena.
IGERAIN ERREKA “RIO PESTE"
BERTAKO FAUNA
Kanalean uroilo familiak topatzen ditugu joanetorrian, alboko sastraketan euren habiak baitituzte. Uretan korrokoiak ere ikusten dira. Marea jaistean korrontearen kontra aho zabalik egoten dira urak dakarrena jateko. Eta iluntzean saguzarrak irteten dira ubideko intsektuak ehizatzera. Industrialdeko teilatuak urmaelak edo “balsak” bezala direnez, ahateak teilatuetatik handik hona ere ibiltzen dira. Noizbehinka ubarroiak ere ikusten dira teilatuetan beren hegalak irekita lehortzeko zain. Beraz aurreikuspen guztien kontra, ur zidor hau bizitzaz beterik dago, gizadiaren gutxiespenari, kutsadurari eta gehiegizko eraikuntzari aurre eginez.
Gaur egun, oso zaila da egoera naturalean kontserbatu diren errekak aurkitzea. Ubideak nekazaritzarekin hasi ziren, ureztapenerako, errekaren hazkundeak kontrolatzeko eta lur-sailak banatzeko. Aurrerago industrializazio eta eraikuntzaren hazkundearekin erreken ibilguak baldintzatzen eta suntsitzen joan gara. Berreskuratu eta zaindu ditzagun gure errekak, gure herri barnean integratzea posible da eta, kanalizatu, lurperatu eta desagertarazi gabe.
SALBERDINGO ERREKA KANALA
Erreka kanalizatu zenetik landaredia bere bizitokia berreskuratzen joan da. Aldaketa nabarmena dago obra egin zeneko horma bizigabeen eta oraingo horma bizidunen artean, landarez josiak. Mareekin ur gazia honaino iristen denez, ur gazi-gezetako lezkak eta ur gezetako zuhaitzak aurki ditzakegu; zumarrak, lizarrak, pikondoak etab. Salberdingo urbanizazio berriarekin 6m-ko zabalera utziko zaio errekari. Hori errekako bizitzarentzat eta herritarrontzat hobekuntza bat izango da, baino oso espazio murriztua da. Zergatik ez aprobetxatu erreka ingurua benetan berdegune bat izateko, errekaren ibilgua eta bizitza errespetatuz eta gure bizilekua ere aberastuz?
SALBIDEKO LURPEKO HODIA
Duela ez asko errekak hemen bere ibilgu naturala jarraitzen zuen, zubia eta latsarria (labaderoa) ere bazeuden. Salbideko etxebizitzak egitean, ordea, erreka lurpeko hodi batetik igarotzea erabaki zen. Beheko irudian ikusten da nola erreka parkearekin uztartuz modu duinean bideratuta egon zitekeen, pertsonok bertako bizitzaz gozatzeko, erreka zerbait bizigabea izango balitz bezala lurperatu beharrean. Errekaren gertutasunaz gozatzea hondartzaz gozatzea bezain ederra da, azken finean.
ERAZTUN BERDE-URDINA
Anbulategi atzetik jarraituz Meaga aldera herria inguratzen duen eraztun berde-urdinean barneratzen gara. Bertan erreka bazterretako ohiko landaredia aurki dezakegu: haltzak, zumarrak, lizarrak, sahatsak, urkiak etab. Haltza uretara gehien gerturatzen den zuhaitza da.
Normalean zuhaitzen sustraiak ur azpian ito egiten dira, baina bereak ez. Horregatik ibai eta erreken ertzetan edota oso heze diren lurzoruetan aurki dezakegu. Erreka inguruetan hazten diren zuhaitz hauen itzalak erreka ixten duten landareak hazten lagundu eta erreken gehiegizko beroketa eragozten du, horri esker erreketako izakien bizi-baldintzak asko hobetzen dira.
ERREKAREN DESBIDERATZE ETA DESAGERTZEA
Igerain erreka herriarekin topo egitean “desagertu” egiten da. Erreka Santa Barbara azpiko lurpeko tunel batetik desbiratu eta Getariako bidean itsasoratzen da. Uholdeak ekiditeko aitzakiarekin, duela 20 bat urte Meagatik zetorren gehiegizko ur emaria desbideratzea erabaki zen. Baina horren ordez, ur guztia lurpetik itsasoratzeko moduko obra egin zen. Hori dela eta, herrian barna ikusten dugun erreka ur zidor bat besterik ez da. Zarautz zeharkatzen duen erreka euri ura eta mareen goraldietako ura da, bere ur emari naturala desbideratua izan delako. Errekari bere ur emaria utzi beharko litzaioke eta benetan desbideraketa uholdetarako bakarrik erabili. Ez da beranduegi Igerain lur azpitik atera eta errekari bere lekua emateko. Zarauzko herria berezko uren arteko topagunea da. Itsasoaz gain gure zaintza eta estimua merezi duten hainbat erreka daude. Eta ez hori bakarrik, herri azpian 400.000m3ko akuiferoa dago. Hauek dira herrira iristen diren errekak:
• Asti
• Igerain, Meagatik datorrena
• Abendaño
• Olaga, Pagoetan hasi eta Abendañora iristen dena
• Iturrilun edo Erreka Iluna, Urtetako zabortegian behera Abendañora doana


















