Argazkian ikusten den bezala bi hondar motaren arteko kolorea oso ezberdina da
Olatuek
gogor kolpatu dute aurtengo neguan Kantauriko itsasertza eta euskal
kostan zehar hainbat izan dira sorturiko kalteak. Zarauzko kasuan,
egitura ezberdinek jasan dituzte kolpe hauek eta hondartzak ere
aldaketa naturalak izan ditu. Kalteak konpontzeko, Espainiako
Gobernuak diru kantitate bat onartu zuen. Horrela, hainbat konponketa
lan egiten hasi ziren Zarautzen ere eta konponketa-lan horien artean,
Jaizkibeldik ekarritako hondarra eskaini zion Espainiako Gobernuak
Zarauzko Udalari. Itsasertza Espainiako Gobernuaren
eskumena
bada ere, horrelako jarduera bat egin aurretik Udalari egingo
duenaren berri eman behar baitio. Zarauzko kasu zehatzean, Udalaz
gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bazuen hondar mugimendu honen
notizia, Zarauzko itsasertzean Iñurritza babesturiko biotopoa
dugulako.
Arkamurka
Natur Elkarteak, neguan izan genituen olatu hauen nondik norakoak
azaltzeko, martxoan hitzaldi bat antolatu genuen. Aurtengo neguko
olatuen ezohikotasuna aztertu zen, hondartzaren funtzionamendua
hobeto ulertu eta hondartzaren eta dunen egoera zein zen ikusi.
Hitzaldira
Udaleko hainbat ordezkari hurbildu ziren, tartean Ingurumen
Zinegotzia. Bertan, argi ondorioztatu zen Zarauzko hondartza sistema
itxi bat dela, hondarra ez dela galtzen eta aurtengo egoera mugimendu
naturalen ondorio zela. Alegia, Zarauzko hondarzak ez zuela hondar
ale bakar bat ere behar, pazientzia pixkat bakarrik.
Hondarra
behar duen hondartza bat dugun kasuetan eta kanpotik hondarra
ekartzea beste aukerarik ez dagoenean, elkartu nahi ditugun bi hondar
hauek bateragarriak diren aztertu behar da. Bateragarriak diren edo
ez erabakitzeko, hainbat dira kontutan eduki beharreko
hondar-ezaugarriak; gehitu nahi dugun ondar berriaren konposizioa,
forma, tamaina eta kolorea adibidez. Zarauzko hondartza berezia da
duen konposizioagatik, ehuneko zati haundi bat bizidunen oskolez
osaturikoa da, eta honek ez du zerikusirik bota berri duten mineral
zatiz osaturiko hondar aleekin. Forma ere ezberdina dute bi
hondarrek, hondar berriak forma borobilakoa baitu. Tamainari
dagokionez, neurri berdineko hondar aleak badituen arren, hondar ale
handiagoak eta txikiagoak ere asko ikus daitezke. Koloreari buruz
ezer gutxi esateko, diferentzia begi bistakoa da.
Ezaugarri
guzti hauetatik, hondarraren tamaina eta forma oso garrantzitsuak
dira, ezaugarri hauek hondarraren portaera azaltzen dutelako eta
hondartzak hartzen duen forma definitzen. Kalteak neurtzea oraindik
oso zaila bada ere, asko dira inolako
premiarik
gabe arriskuan jarri diren hondartzaren ezaugarriak. Batetik,
hondartzaren malda aldatu daiteke, paseatzeko hain erosoa zen gunea
moldeatuz. Bestetik, hondartzak izango dituen ondar-guneak eta
tontorrak formaz aldatzea ere posible da eta ikusteko dago
hondartzaren hainbat erabileei nola eragingo dien (surfa, furbola eta
gehiago). Gainera, ekarritako hondarraren tamaina txikiko zatiak ura
“zikintzen” du eta hautsa sortzen hondar lehorrean.
Baina
gehien harritzen gaituena erabakiak hartzeko modua da. Egon beharko
luke honetaz guztiaz hitz egiteko, erabakiak hartzeko eta erabaki
hauek herritarrei helarazteko bestelako modurik horrelako gai
garrantzitsuetan. Hondartza natural bati hondar arrotza botatzea
salbuespenen neurri bat da eta 100.000 metro kubiko kantitate
esanguratsua da Zarautz bezelako hondartza batentzat. 100.000 metro
kubikori ezin zaio baietz esan gaiaz informatu gabe, galdetu gabe,
kontrastatutako iritzi teknikorik gabe. Onartezina da. Gai hauetan
adituak diren zentroak ditugu eta Zarautzen Arkamurka Natur Elkartea
ere badago. Arkamurkako kideoi galdetu ere ez digute egin eta
gertatzen ari zenaren berri medioetatik jakin dugu.
Orain,
hondartzaren egoeraren jarraipena egitea ezinbestekoa da eta
horretarako behar-beharrezkoa da ahalik eta informazio gehien
biltzea. Dragak egiterakoan, jarraipen txostenak egitea
derrigorrezkoa da eta Zarautzera ekarri duten hondar horren
ezaugarriak eta kantitateak zehaztasun osoz jakitea garrantzitsua da
adituekin informazio hau kontrastatu eta hondartzan izan dezakeen
eragina aurreikusteko. Udalari baimenak nola eta nork eman dituen
galdetu diogu, baina oraingoz, ez dugu erantzunik jaso. Gauza bat
garbi gera dadila, Zarautzek hondartza bezela zuen identitatea dago
jokoan, beste Zarautz bat da orain.
Laburtuz,
Zarauzko Arkamurka Natur Elkarteak duen jarrera honakoa da:
1.-
Zarauzko hondartzak ez zuen eta ez du hondarrik behar, olatuek
eramandako hondarra olatuek itzuliko dute.
2.-
Ezin da horrelako hondar bolumen kantitatea (100.000 m3)
kanpotik ekarri kontrastatutako iritzi teknikorik gabe, ondo neurtu
behar dira ondorioak.
3.-
Arkamurka Elkartea saiatuko da baimen kontuak nola izan diren
jakiten.
4.-
Orain, hondartzaren bilakaeraren jarraipena egin behar da eta
garrantzitsua da gertatutakoaren informazio bilketa zehatza egitea.
5.-
Olatuek hondarra ekartzeko prozesua bizkortu nahi bazen, Zarauzko
hondarra dagoen tokitik bertatik egin behar zen draga eta ez
Jaizkibeldik ekarri.
6.-
Arkamurka Elkartea ez da honelako hondar mugimendu handiak egitearen
aldekoa, garantia guztiekin eginda ere. Uste dugu pertsonok fenomeno
naturaletara moldatzen hasteko garaia badela.