2019(e)ko apirilaren 5(a), ostirala

MENDE ERDI, NATURAREN BEHATZAILE ETA ZAINDARI


Aitziber Arzallus

Urte berezia da aurtengoa Zarauzko Arkamurka natur taldearentzat, mende erdi pasatu baita ibilbidea hasi zuenetik. “Urte asko dira 50, eta aldaketa handiko urteak izan dira, gainera”, adierazi du Martxel Aizpurua taldekideak. Naturari emandako 50 urte izan dira, eta, aldi berean, asko jaso dute naturatik. “Saiatu gara naturatik ikasten, ikasitakoa zabaltzen eta naturaren kontserbazioa sustatzen”. Gozatu dute, borrokatu dute, eta, aurten, ospatu ere egingo dute. Urteroko jarduerez gain, ekitaldi bereziak ere antolatuko dituzte aurtengo.

Aizpurua alegiarra da izatez, baina badira 35 urte Zarautzera iritsi zela, eta, hain zuzen, ordutik da natur taldeko kide. Ez da taldea sortu zutenetako bat, baina badu hasieraren berri. “Lau perretxikozaleren ekimenez sortu zuten taldea, 1969an. Urte haietan, perretxiko erakusketa handiak egiten ziren Tolosan eta beste zenbait herritan, eta lau lagun erakusketa horietara-eta joaten hasi ziren”. Haiek ere elkarrekin zerbait egin zezaketela pentsatuta, bilerak egiten hasi ziren haietako baten garajean. “Eta Zarauzko Izadi Zaleak izendatu zuten beren burua”, kontatu du Aizpuruak. Perretxikoak biltzen zituzten larunbatetan, eta larunbatetan bildutakoak aztertzen zituzten igandeetan. Zarauzko lehendabiziko perretxiko erakusketa antolatu zuten 1980an, Barren plazan.

Handik hiru urtera, 1983an, Pagoeta mendizale elkartearen parte bihurtu zen taldea, “udalaren laguntzak jasotzeko beharrezkoa baitzen nor izatea”. Pagoeta mendizale elkarteko Izadi taldea izan zen 2001era arte. “Ordurako bolumena hartzen ari zen elkartea, eta Arkamurka taldea sortzea erabaki genuen”. Aizpuruak gogoan du kosta egin zitzaiela izena erabakitzea. “Artelatzari arkamurka edo kortxoa deitzen diogu Zarautzen. Berez, Mediterraneoan hazten da, leku lehorretan, baina, hemengo berezitasunak direla-eta, betidanik egon izan da Zarautz eta Getaria artean”. Horregatik erabaki zuten taldeari Arkamurka izena jartzea.



Zaletasuna eta ardura

Taldea perretxikoen inguruan sortu zen, baina berehala zabaldu zen naturari lotutako beste hainbat esparrutara. Gaur egun, 25 bat lagunek osatzen dute Arkamurka, eta astean behin biltzeko ohitura dute. “Ez gara asko; uste dut herrian pentsatzen dutela benetan garen baino gehiago garela”, esan du Aizpuruak. Hainbat azpitalde dituzte taldearen barruan, eta kideak zaletasunen arabera biltzen dira. “Mikologia taldea da zaharrena; ornitologia taldea ere badugu, geologia taldea, botanikakoa, ingurumenekoa…”, azaldu du Aizpuruak. “Talde sendoa daukagu, adibidez, ornitologian, eta ikerketa asko egiten ari dira”. Esate baterako, Kantauri kostaldeko hegaztien migrazioak erregistratzeaz arduratzen dira, eta datuak Madrilera bidaltzen dituzte. Ingurumen taldearen lana ere nabarmendu du Aizpuruak. “Batzuetan, administrazioarekin elkarlanean aritzen gara; beste batzuetan, aurrez aurre”.

Arkamurkak 35 urte daramatza Iñurritzako biotopoa kontserbatzearen eta hedatzearen aldeko lanean. “Zarautz hezegune baten gainean eraikita dago, eta herriarentzat funtsezkoa izan daiteke gune hori kontserbatzea, etorkizunean uholdeetatik babesteko”. Udalak, baina, badauka esku artean pare bat proiektu eremu hartarako: bata, han inguruko Eguzki-Izarra gunean etxebizitza batzuk eta hotel bat eraikitzea; eta bestea, Astiko kirol azpiegiturak handitzea. “Komunikabideen bidez jakin dugu proiektu horien berri, eta ez zaigu bidezkoa iruditu. Errespetuagatik bakarrik bada ere, uste dut guri zuzenean eman behar zigutela proiektu horien berri”. Arkamurkak lanean jarraituko du eremu horietan ezer eraikitzearen kontra, “herrian badaudelako lur urbanizatuak eta eraikin zaharrak proiektu horiek gauzatzeko, naturari metro bat bera ere kendu beharrik gabe”.

Baina ospakizunetarako tarterik ere hartuko dute aurtengoan, 50 urte ez baitira egunero betetzen. Urteroko jarduerak egingo dituzte, eta baita jarduera bereziak ere. Astronomia Astea da ohikoetako bat, eta egunotan ari dira egiten. Joan den ostiralean planetei egindako argazkiak ikusi eta komentatuko dituzte gaur bertan. Bihar, berriz, 12:00etatik 14:00etara, eguzkia behatzeko bilduko dira Munoan, eta zerua aztertuko dute 21:00etan, Salberdinen.

Dokumentaldia

Urteurreneko jardueren artean, berriz, Dokumentaldia antolatu dute. Euskal Herriko ingurune naturala ezagutzeko balioko duten dokumentalak eskainiko dituzte otsailetik irailera —udako hilabeteetan izan ezik—. Hileko azken asteartean izango dira saioak, 20:00etan, sarrera librearekin, Modelo aretoan, eta foroan parte hartzeko aukera izango da dokumentalak ikusi ostean. Apirilaren 23an izango da hurrengo proiekzioa. Barbacana: la huella del lobo dokumentala emango dute, abeltzainen eta otsoen arteko gatazka aztertzen duen lana. Maiatzaren 28an, Lurraren bidean: Euskal Herriko arroketan idatzitako historia ikusteko aukera egongo da. Eta irailaren 24an, azkenik, Chasing ice emango dute, Groenlandia, Islandia eta Alaskako glaziarren urtzea erakusten duen dokumentala, “Lurra berotzen ari dela erakusten duen froga”.

Urrian, berriz, 40. Natur Astea egingo dute; klima aldaketaren ingurukoa izango da aurtengoa. “Lau bat hitzaldi izaten dira astean zehar, eta igandean bukatzen dugu, Merkatu plazako bi erakusketarekin. Habitat jakin bateko perretxikoei buruzkoa izaten da bata, eta beste zerbait lantzen dugu bestean. Aurten, ziurrenik, klima aldaketak hegaztien migrazioetan duen eragina hartuko dugu gaitzat”, aurreratu du Aizpuruak. Horrez gain, 50. urteurrena dela-eta, elkartearen bilakaera erakusteko ikus-entzunezko bat prestatzen ari dira.


Aitziber Arzallus ek  GIPUZKOAKO HITZA n argitaratutako idatzia duzue hau.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.