Zarauzko herria berezko uren arteko topagune naturala da hondartza, errekak, iparreko euri ugariak eta
lurrazpiko akuiferoa direla eta. Hondartza herriko ondarerik bereizgarri eta preziatuena den bitartean,
herrian barna erreka xume bat igarotzen da, eskuarki “Rio Peste” bezala ezagutzen dena. Aurreikuspen
guztien kontra, ur zidor hau bizitzaz beterik dago, gizadiaren gutxiespenaren, kutsaduraren eta
gehiegizko eraikuntzaren oztopoei aurre eginez.
Gure gertuko naturagune hauei ikusgarritasuna eman eta bertako narriadura eta oparotasuna
azaleratzeko xedearekin “uraren azalean” proiektua sortzen da, zeinean uraren ibilgua eta bertako
bizitza omendu eta aldarrikatzeko asmoz ingurumen-kontzientzia, sorkuntza artistikoa eta bizikidetza
uztartzen diren.
URAREN IBILBIDEA
Iñurritzako bokaletik Igerain errekak herriarekin topo egiten duen guneraino doan ibilbidea, anbulategitik haratago. Itsas
ertzetik hasi eta barrualderantz edo alderantziz egin daiteke bidea.
Markatutako puntuetan
informazio-panel bat dago
erreka eta hezeguneen
egoeraren inguruko
azalpenekin.
IÑURRITZA BIOTOPOA
Denbora luzez Iñurritza zabortegi gisa erabilia izan da; Zubiondoko Zakarreta. Eremu honen babesa bermatzeko 1997an
biotopo aitortu zen. 2007an Kontserbaziorako Eremu Berezia (KEB) izendatu eta 2009an naturalizatzeko lanak egin ziren. KEB
sortu zenetik biotopoan ia 200 hegazti-espezie behatu dira, dela bertan habiak eginez, dela migrazioan.
IRITA HEZEGUNEA
Hezeguneak dira munduan gehien hondatu eta galdu
diren ekosistemak, nekazaritzarako eta hirigintzarako
okupatu edo lehortu egin direlako. Gerora joan gara
konturatzen lokazti hauek duten garrantziaz. Alde
batetik, ur-sistema erregulatzen dutelako eta, bestetik,
gune horietan dagoen fauna eta flora oso aberatsa
delako. Planetako ekosistemarik emankorrenak dira,
bertan pilatzen baita erreka eta ibaietatik datorren
materia organiko guztia.
Zarautz inguruko mendietatik errekatxo ugari datoz
maldan behera. Itsasora gerturatzean lautadarekin topo
egiten dute, ingurune honetan sortzen da hezegunea.
Ur-korronte geldoak erreka-ohean sedimentu finak, lohi
eta buztinak, pilatzea eta erreka zabaltzea eragiten du,
inguruko lur-eremu laua heze mantenduz eta aldizka
urez estaliz. Erregularki urez estaltzean, lurzorua
saturatu eta oxigenorik gabe geratzen da, hori dela eta
ekosistema hibrido bat sortzen da, uretako eta lehorreko
bizitza uztartzen duena.
IGERAIN ERREKA “RIO PESTE"
BERTAKO FAUNA
Kanalean uroilo familiak topatzen ditugu joanetorrian, alboko sastraketan euren habiak baitituzte.
Uretan korrokoiak ere ikusten dira. Marea jaistean
korrontearen kontra aho zabalik egoten dira urak
dakarrena jateko. Eta iluntzean saguzarrak irteten
dira ubideko intsektuak ehizatzera.
Industrialdeko teilatuak urmaelak edo “balsak”
bezala direnez, ahateak teilatuetatik handik hona ere
ibiltzen dira. Noizbehinka ubarroiak ere ikusten dira
teilatuetan beren hegalak irekita lehortzeko zain.
Beraz aurreikuspen guztien kontra, ur zidor hau
bizitzaz beterik dago, gizadiaren gutxiespenari,
kutsadurari eta gehiegizko eraikuntzari aurre eginez.
Gaur egun, oso zaila da egoera naturalean kontserbatu diren errekak aurkitzea.
Ubideak nekazaritzarekin hasi ziren, ureztapenerako, errekaren hazkundeak
kontrolatzeko eta lur-sailak banatzeko. Aurrerago industrializazio eta eraikuntzaren
hazkundearekin erreken ibilguak baldintzatzen eta suntsitzen joan gara.
Berreskuratu eta zaindu ditzagun gure errekak, gure herri barnean integratzea
posible da eta, kanalizatu, lurperatu eta desagertarazi gabe.
SALBERDINGO ERREKA KANALA
Erreka kanalizatu zenetik landaredia bere bizitokia
berreskuratzen joan da. Aldaketa nabarmena dago obra egin
zeneko horma bizigabeen eta oraingo horma bizidunen artean,
landarez josiak. Mareekin ur gazia honaino iristen denez, ur
gazi-gezetako lezkak eta ur gezetako zuhaitzak aurki ditzakegu;
zumarrak, lizarrak, pikondoak etab.
Salberdingo urbanizazio berriarekin 6m-ko zabalera utziko zaio
errekari. Hori errekako bizitzarentzat eta herritarrontzat
hobekuntza bat izango da, baino oso espazio murriztua da.
Zergatik ez aprobetxatu erreka ingurua benetan berdegune bat
izateko, errekaren ibilgua eta bizitza errespetatuz eta gure
bizilekua ere aberastuz?
SALBIDEKO LURPEKO HODIA
Duela ez asko errekak hemen bere ibilgu naturala jarraitzen zuen, zubia eta latsarria
(labaderoa) ere bazeuden. Salbideko etxebizitzak egitean, ordea, erreka lurpeko hodi
batetik igarotzea erabaki zen. Beheko irudian ikusten da nola erreka parkearekin uztartuz
modu duinean bideratuta egon zitekeen, pertsonok bertako bizitzaz gozatzeko, erreka
zerbait bizigabea izango balitz bezala lurperatu beharrean. Errekaren gertutasunaz gozatzea
hondartzaz gozatzea bezain ederra da, azken finean.
ERAZTUN
BERDE-URDINA
Anbulategi atzetik jarraituz Meaga aldera herria
inguratzen duen eraztun berde-urdinean
barneratzen gara. Bertan erreka bazterretako ohiko
landaredia aurki dezakegu: haltzak, zumarrak,
lizarrak, sahatsak, urkiak etab.
Haltza uretara gehien gerturatzen den zuhaitza da.
Normalean zuhaitzen sustraiak ur azpian ito egiten
dira, baina bereak ez. Horregatik ibai eta erreken
ertzetan edota oso heze diren lurzoruetan aurki
dezakegu.
Erreka inguruetan hazten diren zuhaitz hauen
itzalak erreka ixten duten landareak hazten
lagundu eta erreken gehiegizko beroketa eragozten
du, horri esker erreketako izakien bizi-baldintzak
asko hobetzen dira.
ERREKAREN DESBIDERATZE ETA DESAGERTZEA
Igerain erreka herriarekin topo egitean “desagertu” egiten da. Erreka Santa
Barbara azpiko lurpeko tunel batetik desbiratu eta Getariako bidean
itsasoratzen da. Uholdeak ekiditeko aitzakiarekin, duela 20 bat urte Meagatik
zetorren gehiegizko ur emaria desbideratzea erabaki zen. Baina horren ordez,
ur guztia lurpetik itsasoratzeko moduko obra egin zen. Hori dela eta, herrian
barna ikusten dugun erreka ur zidor bat besterik ez da.
Zarautz zeharkatzen duen erreka euri ura eta mareen goraldietako ura da, bere
ur emari naturala desbideratua izan delako. Errekari bere ur emaria utzi
beharko litzaioke eta benetan desbideraketa uholdetarako bakarrik erabili. Ez
da beranduegi Igerain lur azpitik atera eta errekari bere lekua emateko.
Zarauzko herria berezko uren arteko topagunea da. Itsasoaz gain gure zaintza
eta estimua merezi duten hainbat erreka daude. Eta ez hori bakarrik, herri
azpian 400.000m3ko akuiferoa dago.
Hauek dira herrira iristen diren errekak:
• Asti
• Igerain, Meagatik datorrena
• Abendaño
• Olaga, Pagoetan hasi eta Abendañora iristen dena
• Iturrilun edo Erreka Iluna, Urtetako zabortegian behera Abendañora doana