Zarauzko herria berezko uren arteko topagune naturala da hondartza, errekak, iparreko euri ugariak eta lurrazpiko akuiferoa direla eta. Hondartza herriko ondarerik bereizgarri eta preziatuena den bitartean, herrian barna erreka xume bat igarotzen da, eskuarki “Rio Peste” bezala ezagutzen dena. Aurreikuspen guztien kontra, ur zidor hau bizitzaz beterik dago, gizadiaren gutxiespenaren, kutsaduraren eta gehiegizko eraikuntzaren oztopoei aurre eginez. Gure gertuko naturagune hauei ikusgarritasuna eman eta bertako narriadura eta oparotasuna azaleratzeko xedearekin “uraren azalean” proiektua sortzen da, zeinean uraren ibilgua eta bertako bizitza omendu eta aldarrikatzeko asmoz ingurumen-kontzientzia, sorkuntza artistikoa eta bizikidetza uztartzen diren.
URAREN IBILBIDEA
Iñurritzako bokaletik Igerain errekak herriarekin topo egiten duen guneraino doan ibilbidea, anbulategitik haratago. Itsas ertzetik hasi eta barrualderantz edo alderantziz egin daiteke bidea.
IÑURRITZA BIOTOPOA
Denbora luzez Iñurritza zabortegi gisa erabilia izan da; Zubiondoko Zakarreta. Eremu honen babesa bermatzeko 1997an biotopo aitortu zen. 2007an Kontserbaziorako Eremu Berezia (KEB) izendatu eta 2009an naturalizatzeko lanak egin ziren. KEB sortu zenetik biotopoan ia 200 hegazti-espezie behatu dira, dela bertan habiak eginez, dela migrazioan.
IRITA HEZEGUNEA
Hezeguneak dira munduan gehien hondatu eta galdu diren ekosistemak, nekazaritzarako eta hirigintzarako okupatu edo lehortu egin direlako. Gerora joan gara konturatzen lokazti hauek duten garrantziaz. Alde batetik, ur-sistema erregulatzen dutelako eta, bestetik, gune horietan dagoen fauna eta flora oso aberatsa delako. Planetako ekosistemarik emankorrenak dira, bertan pilatzen baita erreka eta ibaietatik datorren materia organiko guztia. Zarautz inguruko mendietatik errekatxo ugari datoz maldan behera. Itsasora gerturatzean lautadarekin topo egiten dute, ingurune honetan sortzen da hezegunea. Ur-korronte geldoak erreka-ohean sedimentu finak, lohi eta buztinak, pilatzea eta erreka zabaltzea eragiten du, inguruko lur-eremu laua heze mantenduz eta aldizka urez estaliz. Erregularki urez estaltzean, lurzorua saturatu eta oxigenorik gabe geratzen da, hori dela eta ekosistema hibrido bat sortzen da, uretako eta lehorreko bizitza uztartzen duena.
IGERAIN ERREKA “RIO PESTE"
BERTAKO FAUNA
Kanalean uroilo familiak topatzen ditugu joanetorrian, alboko sastraketan euren habiak baitituzte. Uretan korrokoiak ere ikusten dira. Marea jaistean korrontearen kontra aho zabalik egoten dira urak dakarrena jateko. Eta iluntzean saguzarrak irteten dira ubideko intsektuak ehizatzera. Industrialdeko teilatuak urmaelak edo “balsak” bezala direnez, ahateak teilatuetatik handik hona ere ibiltzen dira. Noizbehinka ubarroiak ere ikusten dira teilatuetan beren hegalak irekita lehortzeko zain. Beraz aurreikuspen guztien kontra, ur zidor hau bizitzaz beterik dago, gizadiaren gutxiespenari, kutsadurari eta gehiegizko eraikuntzari aurre eginez.
Gaur egun, oso zaila da egoera naturalean kontserbatu diren errekak aurkitzea. Ubideak nekazaritzarekin hasi ziren, ureztapenerako, errekaren hazkundeak kontrolatzeko eta lur-sailak banatzeko. Aurrerago industrializazio eta eraikuntzaren hazkundearekin erreken ibilguak baldintzatzen eta suntsitzen joan gara. Berreskuratu eta zaindu ditzagun gure errekak, gure herri barnean integratzea posible da eta, kanalizatu, lurperatu eta desagertarazi gabe.
SALBERDINGO ERREKA KANALA
Erreka kanalizatu zenetik landaredia bere bizitokia berreskuratzen joan da. Aldaketa nabarmena dago obra egin zeneko horma bizigabeen eta oraingo horma bizidunen artean, landarez josiak. Mareekin ur gazia honaino iristen denez, ur gazi-gezetako lezkak eta ur gezetako zuhaitzak aurki ditzakegu; zumarrak, lizarrak, pikondoak etab. Salberdingo urbanizazio berriarekin 6m-ko zabalera utziko zaio errekari. Hori errekako bizitzarentzat eta herritarrontzat hobekuntza bat izango da, baino oso espazio murriztua da. Zergatik ez aprobetxatu erreka ingurua benetan berdegune bat izateko, errekaren ibilgua eta bizitza errespetatuz eta gure bizilekua ere aberastuz?
SALBIDEKO LURPEKO HODIA
Duela ez asko errekak hemen bere ibilgu naturala jarraitzen zuen, zubia eta latsarria (labaderoa) ere bazeuden. Salbideko etxebizitzak egitean, ordea, erreka lurpeko hodi batetik igarotzea erabaki zen. Beheko irudian ikusten da nola erreka parkearekin uztartuz modu duinean bideratuta egon zitekeen, pertsonok bertako bizitzaz gozatzeko, erreka zerbait bizigabea izango balitz bezala lurperatu beharrean. Errekaren gertutasunaz gozatzea hondartzaz gozatzea bezain ederra da, azken finean.
ERAZTUN BERDE-URDINA
Anbulategi atzetik jarraituz Meaga aldera herria inguratzen duen eraztun berde-urdinean barneratzen gara. Bertan erreka bazterretako ohiko landaredia aurki dezakegu: haltzak, zumarrak, lizarrak, sahatsak, urkiak etab. Haltza uretara gehien gerturatzen den zuhaitza da.
Normalean zuhaitzen sustraiak ur azpian ito egiten dira, baina bereak ez. Horregatik ibai eta erreken ertzetan edota oso heze diren lurzoruetan aurki dezakegu. Erreka inguruetan hazten diren zuhaitz hauen itzalak erreka ixten duten landareak hazten lagundu eta erreken gehiegizko beroketa eragozten du, horri esker erreketako izakien bizi-baldintzak asko hobetzen dira.
ERREKAREN DESBIDERATZE ETA DESAGERTZEA
Igerain erreka herriarekin topo egitean “desagertu” egiten da. Erreka Santa Barbara azpiko lurpeko tunel batetik desbiratu eta Getariako bidean itsasoratzen da. Uholdeak ekiditeko aitzakiarekin, duela 20 bat urte Meagatik zetorren gehiegizko ur emaria desbideratzea erabaki zen. Baina horren ordez, ur guztia lurpetik itsasoratzeko moduko obra egin zen. Hori dela eta, herrian barna ikusten dugun erreka ur zidor bat besterik ez da. Zarautz zeharkatzen duen erreka euri ura eta mareen goraldietako ura da, bere ur emari naturala desbideratua izan delako. Errekari bere ur emaria utzi beharko litzaioke eta benetan desbideraketa uholdetarako bakarrik erabili. Ez da beranduegi Igerain lur azpitik atera eta errekari bere lekua emateko. Zarauzko herria berezko uren arteko topagunea da. Itsasoaz gain gure zaintza eta estimua merezi duten hainbat erreka daude. Eta ez hori bakarrik, herri azpian 400.000m3ko akuiferoa dago. Hauek dira herrira iristen diren errekak:
• Asti
• Igerain, Meagatik datorrena
• Abendaño
• Olaga, Pagoetan hasi eta Abendañora iristen dena
• Iturrilun edo Erreka Iluna, Urtetako zabortegian behera Abendañora doana
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.