2019(e)ko urriaren 29(a), asteartea

Arkamurka natura elkartea ; Mende erdi naturatik ikasiz


ARKAMURKA NATUR ELKARTEAK 50 URTE BETE DITU AURTEN ETA HORI OSPATU ETA URTE GUZTI HAUETAKO IBILBIDEA ESKERTZEKO, DOKUMENTAL HAU EGIN DUGU MAITASUN ETA ESKERTZA OSOZ.
Arkamurka Natur Taldeak 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin genuen , Modelon. Besteak beste, hasieratik elkartean dabilen Jose Luis Albizu ‘Golindo’ omendu genuen bertan. 


Askok 1969. urtea gogoratuko dute bazterrak astindu zituzten hainbat mugimendugatik, eta mundua hankaz gora zegoen une hartan, perretxikoak aztertzen hasi zen Zarauzko lagun talde bat, zaletasuna puri-purian zela. Ez zuen inola ere usteko Jose Luis Albizu Golindok garai hartan, 50 urtez izango zutela segida berak eta bere lagunek emandako lehen pauso haiek. 

Izan ere, 50 urte bete ditu Arkamurka Natur Taldeak, eta, urteurrena behar bezala ospatzeko, ekitaldia egin zuten atzo iluntzean Modelo aretoan. Natur taldearen ibilbidea 45 minutuan laburbiltzen duen ikus-entzunezkoa eman zuten aurrena, eta bertaratutakoengan nostalgia gozoa sortu zuen Hodei Unzuetaren lanak. Arkamurkarekin lotura dutenak edo izan dutenak bildu ziren Modelon, eta guztien ahotsak kontuan hartu badituzte ere, ikus-entzunezko batean ahots horiek guztiak sartzearen zailtasuna azpimarratu zuten aurkezpenean.

Dokumentala amaitutakoan Arkamurkako kide eta mikologian aditu Joxepo Teresek hartu zuen hitza eta, besteak beste, Golindoren anekdotak izan zituen ahotan. Elkartearen sortzailea bera ere aterarazi zuten jendaurrera eta oroigarri bat eman zioten, publikoaren txalo zaparradapean. Apur bat hunkitu zela onartu zuen, eta duela 50 urteko zenbait kontu azaldu zizkion ekitaldia amaitzean HITZAri. "Mendira joaten ginen lagun taldeko kide bat perretxiko liburu batekin azaldu zen behin, eta harrezkero behera begira ibiltzen hasi ginen. Ni nintzen okerrena, gainera". Mikologian gehiago sakontzen joan ziren heinean, zekiten hori nolabait jendaurrera eramateko grina piztu zitzaien, eta hala jaio zen lehen perretxiko erakusketa. Arkamurkaren Natur Asteko hitzordu nagusietakoa da oraindik ere, eta hain zuzen, igandean izango da aurtengoa, Merkatu plazan. Pixkanaka hazten joan zen taldea, eta mikologoei gehitu zitzaizkien geologoak, biologoak, astrologoak eta bestelako adituak. "Zortea izan genuen oso jende ona sartu zelako", esan zuen Golindok.

Aitziber Sarobe egungo Arkamurkako lehendakaria gustura agertu zen ekitaldian, baina oro har, natur taldeen osasunak kezkatzen du. "Elkarteengana jotzeko eta biltzeko joera galtzen ari da, eta horrek talde guztiei eragiten die". Dena den,  azpimarratu zuen ingurumenean interesa duen edonor beso-zabalik hartzeko prest jarraitzen dutela Arkamurkan.
Amaia Urbieta Arruti.
Igandeko onddo erakusketan zein klima aldaketaren eragina hegaztietan gaitzat hartuta egin zen erakusketako irudi batzuk dituzue ondoren.







2019(e)ko urriaren 12(a), larunbata

ARKAMURKAREN 50.URTEAURREN EKITALDIA

Kaixo lagun,


Arkamurka natura-elkartea sortu zenetik 50 urte pasa dira eta hori ospatzeko, aurten antolatu dugun 40. Natur Asterako ekitaldi berezia prestatu dugu Zarauzko Modelo Zinema aretoan.

Urte hauetan guztietan izandako harremana eta elkarlana eskertzeko, ekitaldira gonbidatu nahi zaituztegu; taldearen historia jasoko duen ikus-entzunezkoa ikusi eta ondoren eskainiko den mokadutxoaz elkarrekin gozatzeko.

Bertan ikusiko garelakoan, jaso ezazue gure agurrik beroena.