2018(e)ko abenduaren 9(a), igandea

ULIBARRI-GANBOARA EGINDAKO IRTEERAREN KRONIKATXOA

Ibilbedea zuhatzako itsas otzi abiapuntutik--Garaioko harrera etxerarainokoa izan zen (9 km).
Ibilbidearen haseran Martxel Aizpuruak eta Aitziber Sarobek erkametzei, basoen egituraz zein bertako landarediaren potentzialtasunaz hainbat zehaztasun eman zituzten. Eta ibilbidean aurrera egin ahala, geoligiari buruzko azalpenak izan ziren eta nola ez, inguruko urtegiaren istorioa azalduaz, bere aldeko zein aurkako ikuspuntuak ere bai. Hegaztiak ere izan zuten beraien protagonismoa, urtegian zehar ahate desberdin ugari ikusi ziren, batzuk aipatzen hastearren. Kopetazuriak, antzarak eta murgilak... Eguraldi ederrarekin goiz pasa zoragarria burutu genuen.


GEOLOGIA

Ibilbidean zehar ikusi genituen arroka nagusiak Goi Kretazeoko TUPA eta TUPA KARETSUAK ziren (Santoniensekoak, duela 80 milioi urtekoak). Iberiar mendigunearen hegoaldean kokatuta zegoen plataforma kontinentalean sortu ziren. Ebidentzia gisa, plataforma hartan bizi zen Micraster izeneko itsas trikuen fosilak ugariak erraz topa daitezkeela esan dezakegu. Fosil hauei tximisten harriak deitzen zitzaien, uste zelako tximistekin batera erori zirela zerutik.

Gasteiz inguruan, tupa hauen lodiera 3000 metrokoa da (beste gune batzuena 500 metrokoa besterik ez bada ere).
Tupak iragazkaitzak dira eta horrek urmaelen eta urtegi edota uharken sorrera errazten du.
PETROLIOAREN ISTORIOAK ARABAN
Ingurune honetan, Agurainetik gertu, Entzia mendizerran eta Opakua mendatean, petrolioa aurkitzeko indusketak egiten ziren XX. mendearen hasieran. Ez zuten arrakasta handirik izan … Urtetan, Araba petrolioa aurkitzeko leku egokitzat ikusi zen, eta izan ziren urteak, 1961a bezalakoak, estatuan petrolio bila egin ziren indusketen erdiak Araban egin zirenak.
Ondorengo lerroetan kontatzen den pasarte hau 1960. urteko neguan gertatu zen Entzia eta Urbasa artean, Itaida eta Burundi artean. “Bi metro sakoneko elurteak 20 bat langile eta teknikari alemaniar bat bakartuta (inkomunikatuta) utzi zituen, 10 idi parek bultzatutako elurra kentzeko egurrezko makina Opakuatik euren bila irten bitartean”.
Indusketa haiek, zeinetan ingeniari, teknikari eta brigadako ekipoak bat-batean euren katxarroekin agertzen ziren denbora laburrean alde egiteko, lurralde osoan utzi dituzte arrastoak. Zenbaitetan plataformak ikusgarri daude, beste leku batzuetan barrakoien aztarnak daude, indusketa lekuen lagungarri ziren guneetarako bideak ere ikus daitezke, eta edonola, toponimian jaso diren izenak daude (petroleroak).
Ikerketa haiek baldintza oso gogorretan gauzatzen ziren. Indusketa hasita ezin zen gelditu, beraz 8 orduko hiru turnotan egiten zen lana, gelditu gabe, urteko 365 egunetan. Oro har, indusketa taldea 10 bat pertsonek osatzen zuten, eta 1960 inguruan gutxi gorabehera hileko 7000 pezetako (42 euro) soldata irabazten zuen nagusiak eta 2000 pezetakoa (12 euro) peoiak. Indusketarik gogorrenak, protagonisten ahotik jasota, mendian isolatuta zeudenak ziren, Urbasa 1ekoa bezala, zeinetan 1960. urtean ondorengo pasartea jaso zen:
“halako elurtea egin zuen –ziotenez- bi metro gainditu zituela, eta bi talde bakanduak gelditu ziren. Zegoen janari apurra “aita Otto” izenarekin ezagutzen zen begirale alemaniarrak mugatu zuen, eta eguneroko menua bakailaoa patatekin edo patatak bakailaoarekin izaten zen, egun batean salbu, egun hartan haragia jan ahal izan baitzuten “aita Ottok” langile bati gordeta zuen arkume erdia kendu ziolako. Horrela iraun genuen Opakua herritik 10 idi parek tiratako egurrezko elurra kentzeko makina gure bila abiatu zen arten”. Eurengana iristen lehenak Elias Ruiz de Alegria eta emakume alemaniar bat izan ziren, “garlotxa” batzuen laguntzaz mendatea igotzea lortu eta laguntza eskain ahal izan zieten.
Eremu honetan lanean aritu ziren denbora luzean, baina egunak aurrera egin arren ez zen petroliorik agertzen eta teknikari alemaniarrak animoa galtzen hasi ziren. Ondorengo pasartea ere jasota dago: “Jendea animoa galtzen ari zela ikusita, Dionisiori hainbat putzuetara gauez petrolioa botatzea otu zitzaion, eta hurrengo goizean, teknikariak iritsi eta lohia aztertzen zutenean, petrolio kopuru interesgarriak aurkitzen zituztenez, hainbat hilabetetan luzatu zuten euren lana”. Baina, ez zen petroliorik agertzen eta azkenean bertan behera utzi behar izan zuten.