2019(e)ko otsailaren 28(a), osteguna

IÑURRITZAKO BIOTOPOA ZABALTZEKO AUKERA ZARAUTZEN



Zarauzko Udalak Iñurritza eta Iritaren artean dagoen Eguzki-Izarra eremua (lehen Zarautz-Garden, Zubiondo jatetxearen parean) eraikitzeko proiektua abiarazi du: hiru etxe (behea + 5 solairu) eta hotela (behea + 6 solairu) eraikitzeko asmoari bide eman dio, eta horrek Arkamurka elkartean asaldura eragin du.   
Badira 30 urte Arkamurka Natura-Elkarteak “Erriberetako Parkea” proiektua aurkezten ziola Zarauzko Udalari. Proiektu horretan Iñurritza (orain biotopo), Irita eta Asti naturalizatu eta babesteko eskaera egiten zen, bertako hezegune horietan zegoen eta dagoen aberastasuna medio. Uholdeen aurkako neurri gisa ere gomendagarria dirudi. 
Urte hauetan ez dira gutxi izan proiektu horrek izan dituen oztopo, eraso eta aitzakiak, baina lortu da Iñurritza biotopo eta Babes Bereziko Eremu izendatzea eta naturalizatzea. Bestalde, Irita eta Asti gaur eraikinez estali gabe daude. Iritan ez zen gauzatu  planifikatutako industrialdea. 
Ez dugu esango Arkamurka Elkartearengatik kontserbatu direnik hezegune horiek, baina ezezkorik ere ez genuke sinetsi nahiArkamurkaren ahalegina etengabea izan baita URA, Aldundia, Jaurlaritza eta Udalaren aurrean. 
Berri onak ditugu orain, Zarauzko Udalak agertu du jada, txosten bereziak eskatuaz, hiru eremu horiek eraztun berde-urdina barnean sartu eta Iñurritzako biotopoaren barnean sartzeko hirurak. Poztuko ginateke benetan hori dena gauzatuko balitz, Udalkide guztien arteko adostasunez. 
Hiru eremu horiek babesteak sortzen ditu hirigintzako asmoak aldatzea ere, behingoz Zarauzko Hirigintza  Orokorra (ZHAPO) aldatuaz, adibidez. 
Hiru eremu horiek batera babesten badira, zentzuzkoa dirudi hiru eremu horiek fisikoki komunikaturik egotea, horietako animalien, landareen eta uren batetik besterako sartu-irteerak errazteko. Horregatik Irita eta Astiren artean autopista-irteerak sortzen duen etena aztertu behar da eta baita ere Irita eta Iñurritzaren artekoa. Arkamurka Elkartea Eremu horretan ezer eraikitzearen aurka dago. 
Otsaileko Plangintzako Aholku Batzordean Arkamurkak Udalari eskatu dio Irita eta Eguzki Izarra eremuetako hirigintza-proiektuak baztertu ditzala behingoz eta aldatu dezala ZHAPOa Iñurritza errekaren ekialdeko arroa hirigintzatik babesteko. Alegia, zabaldu dezala Iñurritzako Biotopoa Eguzki-Izarretik Iritan barrena Astiraino. 
Hurrengo idatzietan zabalduko ditugu hemen azaletik adieraziak. 

Zarauzko Arkamurka Natura-Elkartea 


2019(e)ko otsailaren 22(a), ostirala

ARALAR, mundua leku den lurra NATUR DOKUMENTALDIA. Zarautzen (Ondoren forum-saioa izango da) Arkamurkak 50 urte


Arkamurka natura-elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten. Urteurren seinalatua da, zenbaki borobila. Naturaren ezagutza eta natur kontserbazioa helburu dituen taldea izanik, hainbeste urtetan irautea eta oraindik elkarrekin gure zereginean jarraitzeko gogoa izatea ospatzekoa da. Horixe dugu helburu, eta horretarako egitarau berezia prestatu dugu aurten.
Lehen aldiz hainbeste urtetan, natur balioak eta gure ingurune naturala ezagutarazteko naturari buruzko dokumental sorta eskainiko dugu otsailetik iraila bitartean (udako hilabeteak salbu). Hilaren azken asteartean eskainiko dira, 20:00eta eta ireki berria den Modelo aretoan.
Natur dokumental hauek ostean FORUMA izango dugu. Dokumentalen egileak, edota dokumentalak lantzen duen gaiaren inguruko adituak gonbidatuko ditugu natur kontserbazioaren inguruko eztabaidak sustatzeko entzuleen artean. Naturaz gozatu eta egun natur kontserbazioak dituen erronkez aritu nahi dugu, plaza zabalean, adituen eta herritarren arteko parte-hartzearekin. Datozen egunetan emango ditugu ziklo osoaren argibideak.
Lehen dokumentala datorren asteartean eskainiko dugu. ARALAR, Mundua leku den lurra eskainiko dugu. Dokumentalaren zuzendariak eta Landarlan ingurumen taldeko kideak gonbidatu ditugu eta haiekin mantenduko dugu ondoren solasaldia. Gaur Aralarko parke naturalean artzantza/abeltzantzaren eta natur kontserbazioaren artean dagoen gatazka plazaratu eta horri buruz dauden iritzi ezberdinak partekatu nahi ditugu. Gonbidatuta zaudete guztiok dokumental-forum honetan parte hartzera. Datorren asteartean, Otsailaren 26an, izango da Modelo Zineman arratsaldeko 20:00etan   
Orain arte Enirio-Aralar parke naturalari buruz egin den “lanik ikusgarri eta osoena” da eta “Aralar mendia gizartera gerturatzeko leiho bat” da. Bertaratzen diren ikusleak bertako haran, baso, gaindegi, larre, barrunbe, osin eta haitzarteetan ezkutaturiko altxorrak ezagutzeko aukera bikaina izango dute.
Aralarko irudi ikusgarriak jaso dituzte ikus-entzunezkoan, baina baita hainbat adituren azalpen teknikoak ere. Hala, Aralarren geologia eta ura, fauna eta flora, historiaurrea eta historia hurbila izango dituzte hizpide. Pello Ramirez musikari ordiziarrak egin du soinu banda. Zuzendari taldea berriz, Iban Toledo, Garazi Auzmendi, Ion Fontenla eta Aloña Jauregi goierritarrek osatu dute.
Hemen klikatuta duzue dokumentaldiaren TRAILERRA