2019(e)ko martxoaren 7(a), osteguna

ZARAUZKO ASTI URBANIZATZEN KIROLAREN IZENEAN


Prentsaren bidez gaur jakin dugu, Zarauzko alkate Xabier Txurrukaren deklarazioak aipatuz, Asti aldeko kirolgunean atletismoko pista berria, beste futbol zelai bat eta padel-pista estalia egiteko proiektua darabiltela esku artean, 25.000 metro koadro gehiago handituz kirolgunea.
Hauteskunde-giroa, alde batetik, eta, bestetik, alkate arkitektoaren izaeragatik, obrak eta obrak hedatzen ari dira herrian eta etorkizunerako proiektuak ere bai. Adibide bezala, azken astean Eguzki-Izarren egin nahi den etxegintzaren aurka agertu da Arkamurka. Hauteskunde-kanpainan ere hori da salduko dena, alegia, agindutako obra guztiak martxan daude eta hurrengo legealdian beste obra hauek egingo ditugu.
Astiko kirolguneari buruzko alkatearen proiektua Arkamurka Natura-Elkateak gaur prentsaren bidez jakin du. Arkamurka Elkarteak urteak daramatza Astiko kirolgunearen inguruko ideiak eta irizpideak ematen bai herritarrei, bai Udala berari ere. Beraz, lotsagarria iruditzen zaigu Xabier Txurruka alkateak bere proiektuari buruz orain arte hitzik ez esatea Arkamurkari.
Ondotxo daki Arkamurka elkarteak Udalak ez duela zertan eginik Arkamurkak pentsatzen duena, baina gizalegea dela iruditzen zaigu herrian eremu horretaz hainbeste arduratu den elkarteari gutxienez aurrez bere asmoen berri ematea.
Bestalde, Arkamurka Elkarteak hainbat aldiz adierazi du bere iritziz orain kirolgunea ez den gainerako eremua nekazaritzarako izendatu eta gorde beharko litzatekeela. Eremu hori nekazaritzarako erreserbatuz, bi gauza lortzen dira, batetik, nekazaritzako lur bat izendatzea herrirako nekazari-gaiak sortzeko. Lur horien kudeaketan udalak parte hartu beharko luke, hain zaila den nekazaritzako belaunaldien txandaketa gerta dadin herrian.
Bestetik, autopistatik iparraldera dagoen Astiko beste eremua Udalak, Iñurritzako biotopoa bezala, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu nahi du, gure pozerako. Arkamurka Elkarteak, ordea, autopistaren bi aldeak ekologikoki erabat loturik ikusten ditu, Kirolgunearen inguruko zelaiak neguko hegazti askoren pausaleku baitira eta soro tarteetako erretenak ur-landare eta anfibio-mota askoren bizitoki. Bailara osoa da kontserbazio-araupean jarri behar dena.
Arkamurka Elkarteak ez du ondo ikusten eremu hori, gaur “erreserba” kalifikazioa duena, apurka-apurka urbanizatuz okupatzen joatea, bailara osoko planteamendua egin gabe.

Arkamurka, Zarauzko Natura-Elkartea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.