Zarauzko Udalak Iñurritza eta Iritaren artean dagoen Eguzki-Izarra eremua (lehen Zarautz-Garden, Zubiondo jatetxearen parean) eraikitzeko proiektua abiarazi du: hiru etxe (behea + 5 solairu) eta hotela (behea + 6 solairu) eraikitzeko asmoari bide eman dio, eta horrek Arkamurka elkartean asaldura eragin du.
Badira 30 urte Arkamurka Natura-Elkarteak “Erriberetako Parkea” proiektua aurkezten ziola Zarauzko Udalari. Proiektu horretan Iñurritza (orain biotopo), Irita eta Asti naturalizatu eta babesteko eskaera egiten zen, bertako hezegune horietan zegoen eta dagoen aberastasuna medio. Uholdeen aurkako neurri gisa ere gomendagarria dirudi.
Urte hauetan ez dira gutxi izan proiektu horrek izan dituen oztopo, eraso eta aitzakiak, baina lortu da Iñurritza biotopo eta Babes Bereziko Eremu izendatzea eta naturalizatzea. Bestalde, Irita eta Asti gaur eraikinez estali gabe daude. Iritan ez zen gauzatu planifikatutako industrialdea.
Ez dugu esango Arkamurka Elkartearengatik kontserbatu direnik hezegune horiek, baina ezezkorik ere ez genuke sinetsi nahi, Arkamurkaren ahalegina etengabea izan baita URA, Aldundia, Jaurlaritza eta Udalaren aurrean.
Berri onak ditugu orain, Zarauzko Udalak agertu du jada, txosten bereziak eskatuaz, hiru eremu horiek eraztun berde-urdina barnean sartu eta Iñurritzako biotopoaren barnean sartzeko hirurak. Poztuko ginateke benetan hori dena gauzatuko balitz, Udalkide guztien arteko adostasunez.
Hiru eremu horiek babesteak sortzen ditu hirigintzako asmoak aldatzea ere, behingoz Zarauzko Hirigintza Orokorra (ZHAPO) aldatuaz, adibidez.
Hiru eremu horiek batera babesten badira, zentzuzkoa dirudi hiru eremu horiek fisikoki komunikaturik egotea, horietako animalien, landareen eta uren batetik besterako sartu-irteerak errazteko. Horregatik Irita eta Astiren artean autopista-irteerak sortzen duen etena aztertu behar da eta baita ere Irita eta Iñurritzaren artekoa. Arkamurka Elkartea Eremu horretan ezer eraikitzearen aurka dago.
Otsaileko Plangintzako Aholku Batzordean Arkamurkak Udalari eskatu dio Irita eta Eguzki Izarra eremuetako hirigintza-proiektuak baztertu ditzala behingoz eta aldatu dezala ZHAPOa Iñurritza errekaren ekialdeko arroa hirigintzatik babesteko. Alegia, zabaldu dezala Iñurritzako Biotopoa Eguzki-Izarretik Iritan barrena Astiraino.
Hurrengo idatzietan zabalduko ditugu hemen azaletik adieraziak.
Zarauzko Arkamurka Natura-Elkartea
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.