2020(e)ko otsailaren 8(a), larunbata

Zabor ugari atera degu gaur Iñurritza biotopotik

Zarauzko Hezeguneen I. egunaren harira, Iñurritzako eremuan plastikoa jasotzeko elkartu gera herritar talde bat.  Otsailaren 2a Nazioarteko Hezeguneen Eguna izan zen, eta egun horren harira, Zarauzko Hezeguneen I. eguna antolatu degu Arkamurka natur taldekoak gaurko. Zubiondo erretegiaren atzealdetik hasi, eta golf zelai barreneraino, errekaren bi aldeetan aritu gara plastikoa eta gainerako zaborra jasotzen. 
Babestutako eremuan aritu gara plastikoak jasotzen eta urteko beste garai batzuetan bertan bizi diren txoriak oraindik ez direnez iritsi, hau izaten da urteko garai onena bertan ibiltzeko, orain eragiten zaiolako kalte gutxien eremuari. 
Eremua garbitzeaz gain, landare inbaditzaile batzuk kentzeko ere aprobetxatu degu gaurko eguna.
Eguraldia lagun degula aritu gera, eta irudi bitxiak utzi ditu ekintzak. Argazki berean, boluntarioak ikus zitezkeen zakuak zaborrez betetzen; eta haien gainaldean, berriz, golf zelaiko erabiltzaileak, alde batetik bestera jokoan.
Beheko argazki sorta honetan ikusten den bezala, denon artean zabor kopuru haundia Iñurritzatik ateratzea lortu degu.


Hemen sartuta HITZAREN ERREPORTAIA eta berarekin batera bideotxo bat ere ikusi daiteke.
Arkamurkaren eskutik mila mila esker bertara gerturatu zeraten guzioi.



Iñurritzan bildutako landare inbaditzaile batzuei buruzko azalpenak ematen Aitor Leiza




























































2020(e)ko urtarrilaren 30(a), osteguna

ZARAUZKO I. HEZEGUNE-EGUNA , PLASTIKO BILKETA IÑURRITZAKO BIOTOPOAN

Lekua; Zarauzko surtidorearen aurreko biotopo sarreran.
Eguna; Otsailak 8, larunbata
Ordua; Goizeko 9;00tan
Ekarri beharrekoak; Eskularruak eta katiuskak (Zaborra biltzen ibili behar dutenak behintzat)
Etorri nahi duen guztientzat han izango gara goizetik, Zain izango gaituzue.

Otsailean nazioarteko hezegune-astea ospatzen denez, Zarauzko Arkamurka Natura-Elkarteak Iñurritza biotopoko hezegunearen garrantzia aldarrikatu nahi du. Gure elkartearen ideia eta ilusioa urtero ospatuko den dinamika bat sortzea litzateke, hezegune-eguna deiturikoa, hezeguneen alde egin den eta berauek babesteko egun bizirik darraien ahalegina azpimarratzeko.
Hezeguneak dira munduan gehien hondatu eta galdu diren ekosistemak, nekazaritzarako eta hirigintzarako bete edo lehortu egin direlarik. Garai batetan, ezertarako balio ez duten lokazti horiek estaltzea zela onena iritzi zuen jendeak, baita ordeka egokiak direla beraien ibai ondoko kokalekuagatik.
Gerora joan gara konturatzen lokazti horiek duten garrantziaz. Alde batetik,  itsasertzeko eta lehorguneetako ur-sistema erregulatzen duelako eta, bestetik, gune horietan dagoen fauna eta flora oso aberatsa delako. Ez da ahaztu behar munduko ekosistemarik emankorrenak direla, bertan pilatzen baita ibaietatik datorren materia organikoa. Jakina da hezegune eta paduretan ehunka itsaski (txirla, almeja, lohi har-zizareak , …) biltzen direla eta migrazioan dauden hainbat hegazti bertan elikatzen dira.
Zarautzek badu altxor handi bat, zaindu eta babestu behar den Iñurritzako hezegunea. Espero eta eskatzen dugu, Iñurritzakoaz gainera, Irita eta Asti aldekoak ere naturalizatu eta zabalduko direla luzarora gabe, denak biotopo bakarrean batuz.
Arkamurkak, otsailaren 8an ospatu nahi du aurten hezegune-eguna. Hiru ekintza burutu nahiko lituzke aurten Arkamurkak: bata, Iñurritzako alde bietan dauden zaborrak bildu, plastikoz beteta baitago. Bestea, jende interesatua etorriko balitz, biotopoan bisita gidatua egitea. Ekintza bakarrerako jendea bilduz gero, zaborra biltzearen ekintza bakarrik egingo litzateke. Azkenik, erakutsi nahiko luke zein landare inbaditzaile ugaltzen ari diren biotopoan, eta bakarren batzuk moztu ere egingo dira. Katuez ere hitz egingo da.


2020(e)ko urtarrilaren 5(a), igandea

SANTOÑARA HEGAZTIAK IKUSTEKO IRTEERA 2019

Aurtengo Santoñarako irteerarako talde bikaina bildu ginen.. Elkarren arteko giro ederraz gain eguraldia ere lagun izan genuen. Urtero etortzen ziren taldekide batzuk kale egin arren beste berri batzuk gehitu zirenez talde ederra osatzea lortu genuen
Sestaoko botanika taldekoak 4 etorri ziren, Madrildar bikote bat ere bai ,Kantabriatik beste bat ere bai, Plentziako bat, Oiartzuar bi, Astigarragako hiru eta Zarauz-Zumaiatik 12 joan ginen.
2020an antolatuko ditugun hainbat ekimen aurrera ateratzeko ere zuen laguntza ezinbestekoa izango da eta ANIMATU!!!!!














2019(e)ko abenduaren 14(a), larunbata

EUKALIPTOAK AUSTRALIARA!!!!!








NATURA DOKUMENTALDIA ZARAUTZEN; APOLLO 11

Abenduak 17 - 20;00etan . Zarauzko Modelo aretoan, Apollo 11 dokumentalaren emanaldia izango da Arkamurkako astronomia taldearen eskutik. Emanaldia dohain izango da.

Apollo 11 1969KO UZTAILAREN 16AN AEBk espaziora bidali zuen misioa da. Ilargiaren azala ukitu zuen lehenengo hegaldi eskifatua izan zen.
Apollo 11 Floridako Cañaberako lurmuturreko NASAren Kennedy Espazio Gunetik (LC 39A plataforma) jaurti zen, Saturn V suziri baten bidez, goizeko 10:32etan. Misioa ofizialki AS-506 legez ezagutu zen.
Apollo 11 misioaren tripulazioa Neil Amstrong (38 urte), ilargiratze-moduluaren pilotu Edwin E Aldrin Jr, Buzz ezizenez ezaguna (39 urte) eta aginte-moduluaren pilotu Michaell Collingsek (39 urte) osatzen zuten. Ontzien izendapena komandantearen esku egon zen, Armstrongen esku alegia. Berak Eagle (arranoa) izendatu zuen ilargiratze-modulua eta Columbia deitu zion aginte-moduluari.
1969ko uztailaren 21ean 2:56ak zirela (nazioarteko orduan UTC), Mare tranquilitatisen hegoaldean Neil Armstrong komandantea gure satelitearen gainazala zapaltzen zuen lehenengo gizakia bilakatu zen. Ilargiratzetik sei ordu eta erdira gizakiak lehenengo urratsa eman zuen satelitean. Lorpen historiko honen irudiak planeta osora igorri ziren Parkes Behalekuko (Australia) instalazioetatik. Hasiera batean, Ilargian zeharko paseoa telebistaz emateko, Espazio sakoneko sarearen parte den Goldstongo jarraipen estaziora (Kalifornia, Estatu Batuak) iristen zen seinalea erabiltzea aurreikusirik zegoen. Baina, seinalearen harrera txarra zenez gero, Honeysuckle Creek estaziokoa (Canberratik hurbil, Australia) erabiltzea erabaki zen. Honek paseoaren lehenbiziko minutuak erretransmititu zituen, eta gainerakoa Parkes Behalekutik igorri zen.
Apollo programak 24.000 milioi dolarreko inbertsioa suposatu zuen. 400.000 langile baino gehiagok jardun zuten bere garapenean. Suziriak, ontziak eta ilargiratze-moduluak 5.600.000 atalez osaturik zeuden, eta denak %99,9ko eraginkortasunez funtzionatu izan balira ere, 5.600 matxura inguru sor zatekeen. Gaur egungo edozein sakelekoak Armstrong, Aldrin eta Collinsen ontzi barnean zeramaten ordenagailuak baino memoria gehiago dauka. Wilkipedia

2019(e)ko abenduaren 12(a), osteguna

Txistorra lehiaketa Santo Tomasetan; Arkamurka taldeko hiru kide aritu dira epaile lanetan

Talo postuaren aurrean ilara luzea sortu da aurten ere AbEnduaK San Tomas egunean, eguerdi partean. Ipuin kontalariak haur mordoa elkartu du karpan, eta Moebius taldeak giro polita jarri du oholtza inguruan. Txistorra lehiaketa, iaz bezala, Iosu Zendoia harategiak irabazi du.
AbEnduaK San Tomas jaia eguzki epeletan egin dute aurtengoan. Talo-postuak arrakasta izan du beste behin, eta eguerdi partean ilara luzea sortu da Lege Zaharren enparantzan, mokadu goxoa egiteko prest.
AEK-k antolatzen du gaurko eguna, eta ekitaldiak lehenago hasi dira: 10:30en bueltan Mintzodromoarekin ekin diote jaiari. Eguerdian, Leire Zinkunegi ipuin-kontalari oriotarrak umeak adi-adi eduki ditu minutu luzez, eta haren saioa amaitu bezain pronto hasi da Moebius musika taldea entzuleen belarriak gozatzen.

Txistorra lehiaketa

Bihen bitartean, Txistor Lehiaketa egin dute. Aurten Arkamurka taldeko hiru kide aritu dira epaile lanetan: Eneko Azkue, Idoia Larrañaga eta Martxel Aizpurua. Eta serio-serio hartu dute ardura: txistorra gordina zatitu, usaindu, ireki eta barrua ikusi, frijitu, eta azkenik ondo dastatu.
Zortzi lehiakide izan dira aurten, eta iazko bera gailendu da: Iosu Zendoia harategia (Getaria). Bigarren postua ere getariarrek eskuratu dute, Ezkurtxerri etxeak, hain zuzen. Hirugarrena, berriz, zarauztarrentzat izan da, sanpelaiokoentzat: Etor harategiarentzat.

Bi otarra zozkatu dituzte

Bertako produktuz betetako bi otarra zozkatu ditu AEK-k, eta honakoak dira zenbaki saridunak: 0388 eta 1056. Otarra jasotzera AEK-ren egoitzara joan behar dela adierazi dute antolatzaileek.
Zarauzko hitza.

2019(e)ko abenduaren 2(a), astelehena

ZATOZ BIOBOX PROIEKTUA EZAGUTZERA

Arkamurkaren eskutik, Aranzadi Zientzia Elkarteak garatzen duen BIOBOX proiektu zientifikoa entzungai izango da. Honen helburu nagusia izurriteen kontrola modu biologikoan sustatzea da. Horretarako, Getariako Txakolina eta Euskal Sagardoko mahasti eta sagastietan hegaztientzako habia-kutxak eta saguzarrentzako babeslekuak jarri dira.

Proiektua eta emaitzak ezagutzera emateko hiru hitzaldi ireki antolatu dira publiko orori zuzenduta. Animatu zaitezte!