Talo postuaren aurrean ilara luzea sortu da aurten ere AbEnduaK San Tomas egunean, eguerdi partean. Ipuin kontalariak haur mordoa elkartu du karpan, eta Moebius taldeak giro polita jarri du oholtza inguruan. Txistorra lehiaketa, iaz bezala, Iosu Zendoia harategiak irabazi du.
AbEnduaK San Tomas jaia eguzki epeletan egin dute aurtengoan. Talo-postuak arrakasta izan du beste behin, eta eguerdi partean ilara luzea sortu da Lege Zaharren enparantzan, mokadu goxoa egiteko prest.
AEK-k antolatzen du gaurko eguna, eta ekitaldiak lehenago hasi dira: 10:30en bueltan Mintzodromoarekin ekin diote jaiari. Eguerdian, Leire Zinkunegi ipuin-kontalari oriotarrak umeak adi-adi eduki ditu minutu luzez, eta haren saioa amaitu bezain pronto hasi da Moebius musika taldea entzuleen belarriak gozatzen.
Txistorra lehiaketa
Bihen bitartean, Txistor Lehiaketa egin dute. Aurten Arkamurka taldeko hiru kide aritu dira epaile lanetan: Eneko Azkue, Idoia Larrañaga eta Martxel Aizpurua. Eta serio-serio hartu dute ardura: txistorra gordina zatitu, usaindu, ireki eta barrua ikusi, frijitu, eta azkenik ondo dastatu.
Zortzi lehiakide izan dira aurten, eta iazko bera gailendu da: Iosu Zendoia harategia (Getaria). Bigarren postua ere getariarrek eskuratu dute, Ezkurtxerri etxeak, hain zuzen. Hirugarrena, berriz, zarauztarrentzat izan da, sanpelaiokoentzat: Etor harategiarentzat.
Bi otarra zozkatu dituzte
Bertako produktuz betetako bi otarra zozkatu ditu AEK-k, eta honakoak dira zenbaki saridunak: 0388 eta 1056. Otarra jasotzera AEK-ren egoitzara joan behar dela adierazi dute antolatzaileek.
Zarauzko hitza.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.