Andoni Ruiz Etxeberria ren argazkia
2016(e)ko azaroaren 11(a), ostirala
TALAIMENDIKO TXALETAK
Talaimendiko etxebizitzak. (Aiora Larrañaga Solaberrieta) HITZA
Udalak oraintsu eman dio hasierako onespena Talaimendin eraikin berriak egiteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketari. Funtsean, hauxe onetsi dena: hainbat gunetan etxebizitza bakarreko txaleten ordez, bi etxebizitzetakoak egitea; eta beste hainbatetan, etxebizitza bakarreko txaletak lauzpabost etxebizitzetako etxe-blokeekin ordezkatzea. Alegia, jatorrizko eraikigarritasun-azalera mantenduz, etxebizitza kopurua handitzea.
Talaimendiko hirigintza-plana onartu zenean eremu hori Iñurritzako Biotopotik at gelditu zen, eta orduan ere, erabaki hura gogor gaitzetsi zuen Arkamurka Natura-Elkarteak hainbat arrazoiengatik. Batetik, eremu hori Zarauzko hirigunetik at dago, eta askotan azaldu izan dugunez, gure ustez, Udalak ez luke onartu behar gaurko hiri-eremua eraiki arte hortik kanpo kokatutako hirigintza-planik; ez orduan eta ez orain. Bestetik, etxebizitzen tipologia ere salatu genuen. Arkamurkaren ikuspegitik etxebizitza bakarreko txaletak eraikitzean lurzoruaren erabilera desegokia sustatzen da. Azkenik, hiri-eredua aipatu behar da. Talaimendiko etxebizitzen planak ez zion erantzuten, denborak erakutsi digun bezala, Zarauztarren etxebizitza beharrei. Hiri-eredu horren baitan etxebizitza espekulaziorako baliabide bihurtzen da, eta Talaimendiko txaletekin gertatu denak erakusten digu ikuspegi horren zentzugabekeria.
Prozedurari dagokionez, ere, badago zer aztertua. Udalak badu izendatua Aholku Batzorde bat, hainbat sektoretako jendez osatua, haien artean Arkamurka Natura-Elkartea. Dagozkion baldintzak betez, Batzorde horren bilera eskatu genuen irailaren hasierarako Talaimendiko txaleten gaia tratatzeko. Bilera Udaleko Plenoan Plan Orokorra aldatzea onartu ondoren izan da deitua, azaroan. Udalkide inork ez du Batzorde honen bilera-eskaea kontutan eduki.
Talaimendiko txaleten hirigintza-plana astakeria zen gure ustez, eta denborak erakutsi digu arrazoia genuela. Ez dugu ulertzen udalak zergatik lagundu behar duen porrot egin zuen ekimen horretan. Gure ustez ez da Udalaren egitekoa eremu horretako etxebizitzen eraikuntza sustatzea, eta ez dugu onesten Plan Orokorra etxebizitza gehiago egiteko (etxe-blokeak medio) aldatzea.
Ondorioz, Udalari bere ekimenarekiko gure gaitzespena erakutsi diogu, eta bide batez, eraiki gabe dagoen lurzorua bere horretan uzteko eskatzen dugu.
2016(e)ko azaroaren 2(a), asteazkena
Igandeko erakusketak bukaera paregabea eman zion Zarauzko XXXVII natura asteari
Aurten, itsasoa gaitzat hartuta, hiru hitzaldi izan dira eta horrek itsaspeko bizitzaz, paisaiaz edo egoeraz gehio ikasteko balio izan digu. Aste buruan berriz koniferoetako perretxikoiei eman zaie garrantzi haundiena, perretxikoak sailkatu ondoren merkatu plazan erakusketa bidez erakutsi zirelarik. Hitzaldietara jende multzo polita etorri da eta eztabaida interesgarriak izateko baliatu degunez hori beti aberasgarria izaten da. Aste-buruko erakusketaren formatoari dagokionez, aurrera begira, erakusketa tradizionaletik formato berri baterako bidean dijoa non gero eta garrantzi gehiago ematen zaion umeen txokoari. Ikasteko txokoa da horren adibideetako bat.
Urtero bezala Hainbeste ekitaldiz osatutako astea osatzeak, buruhauste eta lan ugari izaten du atzetik eta horregatik Akamurkako taldekide zein laguntzaileei mila mila esker hau guzia aurrera ateratzeko laguntza eman duzuen guziei. Aupa zuek!!!
Umeen txokoan aritu zen kuadrilak lan bikaina egin zuen egun osoan. Biba zuek!!!!
2016(e)ko urriaren 26(a), asteazkena
ARALARREKO ARTZAINTZA
Aralarreko
artzaintza, eta artzaintza orokorki, azken aldian eztabaida-gai izaten ari da,
itxuraz posizionamendu kontrajarriak azalduz nekazal alorreko eta
kontserbazioaren aldeko jendearen artean.
ENBA
aldizkarian agertu diren artikulu batzuk motiboa eman didate gauza batzuk
esateko eta kontzeptu batzuk zehazteko. Ni Aralarreko artzaintzaren aldekoa
izanik ere, ezin ditut esaten diren gauza batzuk besterik gabe ontzat eman
artzaintzaren defentsa egiteko badira ere.
1.-Mendiko
artzaintza funtsezkoa da larreak mantentzeko.
Ados,
artzaintzarik ezean oraingo larreak desagertuko lirateke eta Aralar mendia
basorantz abiatuko litzateke, pagadirantz, beti esan ohi den bezala, mendia
zikindu egingo litzateke. Altitude hauetako landarediaren joera basorantz
jotzekoa da eta giza-jarduerak ekiditzen ez badu basorantz abiatzen da. Joera
horri kutsu negatiboa eman beharrik ez legoke.
2.-Balio
handidun ondare naturalak dira.
Ados.
Milaka urtetako ondare bat dira larre hauek eta argi dago ondare natural bat
direla, ez direla ondare arkitektonikoak. Ondare horiek, ordea, giza-jarduera batek, artzaintzak, sortutako
larreak dira. Ondorioz, artzaintzaren desagertzeak berez larre horien
desagerpena ekarriko luke edo gune txiki batzuetara murriztea. Larre zabal
horiek aukera eman dute hainbat espezie basati (landare zein animalia) bertan
bizitzeko. Aralar osoa baso bihurtuz gero, espezie horien atzerakada edo desagerpena
ekarriko luke dudarik gabe, baina halere esan behar da sortuko litzatekeen
egoera ere (pagadia) ondare natural izaten jarraituko lukeela (Zenbat gauza
zoragarri entzun izan ditugun Nafarroako pagadiei buruz).
3.-Artzaintzaren
murrizketak galera bat (dakar) dibertsitate floristikoan.
Baieztapen
hau egiten dute EHUko ikerlari batzuek egindako ikerketa baten ondorioetan
oinarrituz. Begirune eta errespetu osoz aintzat hartzen ditut larre-zati
horietan ikerlariek egindako lanak, noski, baina oraingo larreak babesteko
asmoetan dabiltzanak kontu handiz ibili beharko lukete argumentuak
bereganatzekoan, ez dira argumentu okerrak erabili behar.
Ekologiako
oinarrizko legeek diote ekosistema bat egoera klimazikora (Aralarreko kasuan
basorantz) hurbildu ahala bere dibertsitatea handituz joaten dela. Ekosistema
beteko dibertsitateaz hitz egitean ez dira bakarrik landareak kontutan hartu
behar (dibertsitate floristikoa) baizik eta ingurune horretako bizidun guztiak.
Beraz, egokiago litzateke “galera” hitzaren ordez
“aldaketa” erabiltzea, kutsu negatiboa kenduz.
4.-Aralar
parke naturala da
Artzaintzaren
aldeko defentsa sutsuak entzuten ditugu nonahi, gure ondare kultural,
gastronomiko, historiko eta gure pasaia eta ingurunea babesten duen jarduera
balitza moduan. Artzainen bizibidea ere aipatzen da, noski, bidezkoa denez.
Ahazten da askotan, ordea, Aralarren kasuan, beste larretoki asko bezala, parke
natural baten aurrean gaudela eta horrek ikuspegi berezia ematen diola gaiari.
Parke
Natural baten filosofia nagusia eremu horren kontserbazioa eta naturalizazioa
da. Beraz, eremu horretan egiten den giza-jarduera orok filosofia horretara
makurtu beharko luke, artzaintza bera ere bai, noski. Gogoratu behar da
Europatik urtero datozen dirutzak kontserbazioaren izenean datozela eta ez
artzainen proiektu ekonomikorako. Beraz, kontserbazioaren mentalitatea
asimilatu beharko dute beti artzainek eta laguntzak horiek kudeatzen dituzten
erakundeek.
Artzaintzak kalteak ere ekarri dizkio mendiari,
adibidez, deforestazioa (gehiegizkoa askotan) eta higadura hainbat lekutan.
Gaur egun ingurumen horren kontserbazioaren aldeko ekintzak gauzatzean
artzainek gogotsu onartu beharko dituzte hainbat muga eta arau eta
jadanik hainbat onartzen dituzte . Parke natural horretan dena ez da libre
artzaintzaren alde. Adibide nabarmena
ahuntzena da, nire iritziz, erabat debekaturik egon beharko bailuke
ahuntzak libre edukitzea.
Gogotsu
diot, kontserbazioa eta artzaintza (edo edozein nekazal jarduera)
kontrajartzeko gogo handiegia sumatzen dudalako sarritan. Adibidez, ENBAkoek
udazkenean sortuko den Jaurlaritzari aldez aurretik espreski eskatu diote:“ingurumen
zaintzak nekazal jarduera arriskuan edo kinkan jar ez dezan”. Itxuraz
ematen du Euskal Herriko nekazaritzaren gainbehera ingurumen-zaintzak sortu duela.
Kontserbazioa
eta artzaintzaren arteko bateraezintasuna aldarrikatzen dabiltzanei aurreratu
nahi nieke parke natural batean bietako bat aukeratu beharko balitz,
kontserbazioa aukeratu beharrean izango litzatekeela gure gizartea eta,
horregatik, bien arteko konponbide eta bizikidetzaren aldeko ahalegina dela
nagusitu beharko den apustua.
Sindikatu
berak eskatzen dio Jaurlaritza berriari: “ingurumen politikan nekazal jarduera txertatzeko”.
Nik eskatuko nuke kontserbazio edo zaintzaren irizpidea nekazal jarduera
guztietan txertatzea, jasangarritasuna eta iraunkortasuna bermatze aldera.
Baina, hau esanik ere, eremu babestuen kasuan (parke naturalak, KBE (ZEC),
biotopo, eta abar) kontserbazioaren menpe daude beste giza-jarduera guztiak,
nekazaritza barne. Eremu babestuetan kontserbazioarekin bateragarriak diren
jarduerak bakarrik baimendu behar dira, tradizio handikoak izan edo
sortu-berriak.
Artzaintzan
aldaketa handiak ikusi ditugu gure gazte
garaitik hona, adibidez, artzaina bere artaldearekin batera bizi zen garaitik,
egunero herrira etortzen den gaurko egoerara. Horretarako hainbat erraztasun
jarri zaizkie artzainei, sarritan gehiegizko pista-sarea sortuz edo pista
horien erabilera okerrak ugalduz. (Orain ere bada hautsak harrotu dituen beste
pista zabal bat egiteko proiektua). Artzainen txabolak ere hobetu dira, beharra
bazutenez, baina tertziarizazio-arriskua ere azaldu da. Gaztagintza jada ez da
mendian egiten, gehiena instalazio egokietan egiten da beheko bailaretan. Hori
dena ondo iruditzen zait behar den bijilantzia egiten bada eta abusuak
ekiditzen badira.
Aralarreko
larreak, hango artaldeak eta hango paisaiak estimatu eta irautearen alde gauden
beraiek ikusten ditugu nola kontserbazio eta naturalizazioaren aldeko ekintzak
begi txarrez ikusten dituzten. Planteamendu okerra dutela uste dut, bi
ikuspegiak bat egitetik letorke etorkizuna.
Noski,
badira gai polemikoak eta hitz eginez konpondu beharko direnak, baina
kontserbazioaren aldeko proposamenei ezin zaie printzipioz ezezko biribil
batekin erantzun parke natural batean, Aralarreko kasuan bezala. Gai polemiko
batzuk aipatzekotan: putreak, ahuntzak, pistak, otsoa, ...
Otsoa
aipatu dut ENBAk gai hori ere aipatu
diolako etorkizuneko Jaurlaritzari. Euskaldunok nahi edo ez, otsoa badator gure
lurraldeetara, baita Aralarrera ere.
Ailegatzen denean, parke natural bat denez, ardiak eta otsoa elkarrekin bizitzeko
neurriak hartu beharko dituzte artzainek, oraingo ohitura asko aldatuz,
adibidez, berriro artzaina eta ardiak
elkarrekin bizi beharra mendian, edo artaldeak gauean bildu eta zaindu beharra.
Horrek, beste gauza batzuekin batera, kostu berriak sortuko ditu, laguntzak ere
handitu beharko litzaizkieke inguru horietako artzainei eta herritarrak ere
prest egon beharko dugu gastu horiek asumitzeko, gure zergetan edo hango
artzainek sortutako gazta erosterakoan. Administrazioak ez dakit ezer egiten
ari den gai honen inguruan, baina sindikatuek ez daude lo, diote hitzez hitz: “otsoa
arriskuan dauden espezien zerrendan ez sartzeko konpromezua” eskatu diote
aurrez datorren irailean aukeratuko den
Jaurlaritzari, alegia, bestela esanda, Bizkaian iaz bezala, agertzen den otso
oro hiltzeko.
Bide
okerra deritzot jarrera horri. Bateragarritasuna bilatu behar da
ustiapena, jasangarritasuna eta kontserbazioaren artean. Sarri esaten bezala,
lurra maileguan jaso dugun ondarea da eta urte luzez mantentzeko obligazioa
dugu.
Martxel
Aizpurua
Oharra: Idatzi hau bidali da ENBA Sindikatura,
Enirio-Aralarko Mankomunitatera, Gipuzkoako Foru-Aldundiko Ekonomia Sustapena,
Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Sailera eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen
eta Lurralde Politikarako Kontseilatzara.
2016(e)ko urriaren 6(a), osteguna
XXXVII NATURA ASTEA, URRIAK 24-30, ZARAUTZ
ITSASOA GAITZAT HARTUTA HONAKO HITZALDIAK IZANGO DIRA
Hitzaldi guztiak 20;15ean izango dira Arkamurka natura elkarteko egoitzan.
Eguna: Urriak 24, astelehena, 20:15an.
Izenburua: “Costumbres de nuestros peces entre Moilarri y San Antón”
Hizlaria: Raul Castro Uranga, Biólogo Marino del área de Gestión ambiental de mares y costas en AZTI.
Eguna: Urriak 25, asteartea, 20:15an.
Izenburua: "La vida submarina y los objetivos para el desarrollo sostenible. Un pacto Mundial"
Hizlaria: Alberto Santolaria. Doctor en Biología marina.
Eguna: Urriak 26, asteazkena, 20:15an.
Izenburua: Onddoen mundua: biologia eta gizakiarekin erlazioa
Hizlaria: Juanma Lasa. Biologia Irakaslea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Saileko partaidea.
Eguna: Urriak 27, osteguna, 20:15an
Izenburua: Kostaldeko itsas azpiko paisaia
Hizlaria: Ibon Galparsoro. Itsas Zientzietan Doktorea AZTIko Ikerketa Sailean.
PERRETXIKO-SAILKATZEA
Eguna: Urriak 29, larunbata.
Arkamurka natura elkarteko eta Aranzadi elkarteko partaideen laguntzaz berdura plazan.
PERRETXIKO-ERAKUSKETA
Eguna: Urriak 30, igandea.
Lekua: Merkatu plazako beheko solairuan.
Aurten koniferoetako perretxikoei eskeinia izango da. Horren harira hamar kartel berri egingo dira non bertako zein kanpoko koniferoak izango diren ikusgai. Gainera kartel bakoitzaren parean pinu edo izei bakoitzaren hosto (orratzak), pinuburu, adar eta abar jarriko dira.
2016(e)ko irailaren 26(a), astelehena
HITZALDIA: AZORE UHARTEAK
Aitor Leiza Zumaiar natura zaleak Azore uharteetara eginiko bidalian ikusi eta bizitako esperientziaren berri emango digu datorren astearte (2016-09-27) honetan, bere nahia bertan ikusitako animalia espezie, paisai edota landareak gugana gerturatzea izango da. Hitzaldia, arratsaldeko 20:15etan Arkamurkako lokalean (Santa Marina kalea 2) izango da. Behekaldean dituzue hitzaldian ikusiko diren irudietako batzuk.
2016(e)ko irailaren 11(a), igandea
Hegaztien pasea behatuz Organbidexkara eginiko irteera (2016-08-28)
Organbidexkara joateko denera 7 lagun elkartu ginen (horietako bi Sanguesako lagunak). Zarauztik goizeko 7:30tan abiatu ondoren, 10:30tan iritsi ginen Organbidexkara. Egunaren zati haundi bat euripean pasa genuen eta Organbidexka bera ere laino artean zegoen. Panorama hau ikusita, Organbidexkan hamaiketakoa egin ondoren Larraineko
mendatera joateko erabaki genuen, eta bai ondo asmatu ere zeren Larrainera joanda lainoa
behean uztea lortu genuen. Baina ala ere harrapariek lainoaren gainetik argiago zegoenik ez zuten jakingo eta agian horregatik ariko ziren ale gutxiago pasatzen bertatik ere. Hau horrela ikusita Arbaiun eta Irunberrira
joatea erabaki genuen, azkenerako hegazti zerrenda polita osatu genuelarik. Beste hegazti askoren artean, hegazti batzuk Larraineko mendatean ikusi genituen; Zuhaitz belatza,liztorjaleak kasu…
, bidean berriz Ugatza edo Arrano sugejalea…, Arbaiunen, Malkar sorbeltzak,
belatxingak…, eta Irunberrin Arrano txikia edo Sai zuria…. Hego isurialdean eguzkitsu zegoen eguna eta lagun arte giro onean pasa genuen eguna.
Larraine mendate gainean Ori mendia atzean dela
Beheko argazkian ikusten den bezala, Organbidexkan (Iratiko
txaletak) laino azpian geunden. Argazkia Larraine mendatetik aterata
dago
Larrau erderaz eta Larraine
euskaraz.
Ekialdeko mendilerroari jarraituz ibili ginen. Ezkerrean, Ori mendia dago.
Zuhaitz belatza oso urruti
geratu zen.
Ez ohiko argazkiak dira hauek zeren normalean
behetik gora ateratako argazkiak izaten dira. Beheko irudikoa Zapelatz listorjale bat da
Miru gorria, buztana bi
puntekin duelarik.
Ugatzak, buztana sai
zurien antzera izaten duen arren (puntan bukatzen da) dexente handiagoa da
Arbaiuneko zintzurrak oso
handiak dira eta hainbat harraparientzako bizilekua bihurtu dira.
Argazki txarrak izan arren ezkerreko Arrano txikiak buztana karratua du, eta sai zuriak berriz buztana
puntan bukatzen zaiolarik, Zikoinen (Amia moko) koloreak ere badituzte biek.
Belatz gorria ura edatera
jaitsi zela dirudi.
Irunberriko zintzur eder
honetan, sai arreak ziren nagusi.
Buztangorri iluna
Sai arreak arratsalde
partean labarretara lotara jaisten dira.
Irunberriko zintzurrean Sai
arre batek bi plastiko handi zituen hegaletan T30 jartzen zutena.
Plastikoen kolorea horia eta letra beltzak zituen. Arratsaldeko
18:30inguruan ikusi genuen
Landareaz asko hitz
egin genezake, baina gure artean ez ginen gogoratzen landare honen
izenaz eta egia esan argazkiekin bakarrik zer motatakoa den jakitea zaila da.
Carduncellus mitissimus
Zumaian ateratzen den arren 1585 metrotara ere ikusi genuen.
Merendera montana
(eskari lorea). Landare hau loratzen denean artzainak “merienda”
jateko denbora gutxiago geratzen zaienarekin lotzen dute zeren arratsaldeak asko mozten diren garaian irtetzen dira, horregatik gazteleraz “quitameriendas” deitzen zaie.
Egunean zehar osatutako hegazti zerrenda doakizue ondoren;
Arrano sugejalea
Aguila culebrera
Arrano txikia
Aguila calzada
Zuhaitz belatza
Alcotán
Belatz handia
Halcón peregrino
Belatz gorria
Cernicalo vulgar
Zapelatz listorjalea
Halcón abejero
Miru gorria
Milano real
Sai arrea
Buitre leonado
Sai zuria
Alimoche
Ugatza
Quebrantahuesos
Eskinosoa
Arrendajo
Belatxinga
Grajilla
Belatxinga moko gorria
Chova piquirroja
Belea
Corneja negra
Erroia
Cuervo
Enara arrunta
Golondrina común
Haitz enara
Avión roquero
Enara azpizuria
Avión común
Sorbeltza
Vencejo común
Malkar sorbeltza
Vencejo real
Buztanikara horia
Lavandera cascadeña
Mendi txirta
Bisbita alpina
Ur zozoa
Mirlo acuático
Txirriskil arrunta
Verdecillo
Karnaba
Jilguero
Buztangorri iluna
Colirrojo tizón
Buztanzuri arrunta
Collalba gris
Txolarre arrunta
Gorrión común
Pitxartxar arrunta
Tarabilla común
Haitz usoa
Paloma bravía
Txoka
Pardillo común
Belatxinga moko horia, Chova piquigualda (ez genuen konfirmatzerik izan, baina Ori mendiaren inguruan hauen tankera zuten talde handi bat ikusi genuen eta normalean espezie hau izaten da han ibili zalea eta horregatik pentsatsen degu espezie hau izatea)
Aitor Leizak osatutako kronika.
Aitor Leizak osatutako kronika.
Maiatzean Zarauzko “Harralde txikira” egindako irteeraren kronikatxoa
Eguna hego haize zakarrarekin hasi ginenez goiza petral xamar joan zitzaigun. Nahi genuen lekuraino marea jaitsi zain egon ondoren, tresna guztiekin bertaraino hurbildu ginen.
Harriak altza eta azpian azaltzen ziren bizidunak aztertzen eta ahal
zirenak baldeetara sartzen genituen bitartean, Aitor Leizaren adierazpen txiki batzuk entzun ondoren berriro bertan uzten genituen aurkitzen genituen bizidunak. Harriak lehen zeuden moduan uztea oso
garrantzitsua da, hau egin ezean itzala behar duten bizidunak
hiltzen direlako eta argia behar dutenak ere beste hainbeste.
Leku hontan Cragnon cragnon
(izkira zuria) hondarraren itxura duen izkira, hartzen dugu etortzen
garen bakoitzean. Bi aldiz mahats txorten beltzen itxura duen potxan arrautzak ere topatu genituen hemen. Bestalde Blenidoak, Gobidoak eta lapatiak sakonera gutxi eta korronte asko dagoen lekuetan bizi direrez, marearteko gune hau aproposa da arrain hauek aurkitzeko eta gainera nahiko arruntak dira berton.
Txangarra (Eriphia
verrucosa )“txoaskina edo peludoa” eta
bere oso antzekoa den Pilumnus hirtellus (baina oso neurri txikikoa) ikusteko aukera ere izan genituen hemen.
Harralde txikiko bizidunekin gozatzen jarraitzeko, ondoren argazki sorta bat doakizue.
Lehen aipatutako, kabuxa mota desberdinek, harri azpitan jartzen dituzte arrautzak
Oraindik jarri berriak izan arren, aurrexeago bi begitxo ikusiko zaizkie bola bakoitzeko.
Potxen arrautzak (Sepia
officinalis). Arrautza bakoitzeko “soka”
moduko batekin lotzen du.Potxa Zarautzen eta Txoko izen ofiziala.
Ocenebra erinacea
maulioa ikusi genuen bere arrautzak jartzen . Kapsula horiak
arrautzak dira.
Plantelmintoak, zizare
planoak dira eta milimetro bat inguruko lodiera dute. Mota ezberdinetakoak izaten dira eta oso kolore politak izaten dituzte. Beheko hauek ez dira
koloretsuak baina ugariak dira.
Izkira zuria (Crangon
crangon) hondar azpian ezkutatzen da eta
hondarren kolorea hartzen du.
Zenbat daude?
Txangarra txikia
(Pilumnus hirtellus)
Harriei buelta eman
ondoren nudibrankioak muki itxura du, baina uretan sartu ez gero,
bere forma hartzen du (eskuineko gezi beltza eta azpiko argakia).
Nudibrankio honen arrautzak borobilean dagoen zati zuria (gezi beltz
txikia). Zare modukoa Briozooak dira (gezi gorria goian), eta
ezkerrean lapazorriak, baina hauek gehienetan harri azpian bizi dira.
Harraldera joten garenean zapaltzen dugun lapa zorria. (Chthamalus stellatus)
Sumendien itxura duen eta “kraterra “ ilez inguratuta dituen Sycon ciliatum asko ikusi genituen esponja irteera honetan
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)









































