Aralarreko
artzaintza, eta artzaintza orokorki, azken aldian eztabaida-gai izaten ari da,
itxuraz posizionamendu kontrajarriak azalduz nekazal alorreko eta
kontserbazioaren aldeko jendearen artean.
ENBA
aldizkarian agertu diren artikulu batzuk motiboa eman didate gauza batzuk
esateko eta kontzeptu batzuk zehazteko. Ni Aralarreko artzaintzaren aldekoa
izanik ere, ezin ditut esaten diren gauza batzuk besterik gabe ontzat eman
artzaintzaren defentsa egiteko badira ere.
1.-Mendiko
artzaintza funtsezkoa da larreak mantentzeko.
Ados,
artzaintzarik ezean oraingo larreak desagertuko lirateke eta Aralar mendia
basorantz abiatuko litzateke, pagadirantz, beti esan ohi den bezala, mendia
zikindu egingo litzateke. Altitude hauetako landarediaren joera basorantz
jotzekoa da eta giza-jarduerak ekiditzen ez badu basorantz abiatzen da. Joera
horri kutsu negatiboa eman beharrik ez legoke.
2.-Balio
handidun ondare naturalak dira.
Ados.
Milaka urtetako ondare bat dira larre hauek eta argi dago ondare natural bat
direla, ez direla ondare arkitektonikoak. Ondare horiek, ordea, giza-jarduera batek, artzaintzak, sortutako
larreak dira. Ondorioz, artzaintzaren desagertzeak berez larre horien
desagerpena ekarriko luke edo gune txiki batzuetara murriztea. Larre zabal
horiek aukera eman dute hainbat espezie basati (landare zein animalia) bertan
bizitzeko. Aralar osoa baso bihurtuz gero, espezie horien atzerakada edo desagerpena
ekarriko luke dudarik gabe, baina halere esan behar da sortuko litzatekeen
egoera ere (pagadia) ondare natural izaten jarraituko lukeela (Zenbat gauza
zoragarri entzun izan ditugun Nafarroako pagadiei buruz).
3.-Artzaintzaren
murrizketak galera bat (dakar) dibertsitate floristikoan.
Baieztapen
hau egiten dute EHUko ikerlari batzuek egindako ikerketa baten ondorioetan
oinarrituz. Begirune eta errespetu osoz aintzat hartzen ditut larre-zati
horietan ikerlariek egindako lanak, noski, baina oraingo larreak babesteko
asmoetan dabiltzanak kontu handiz ibili beharko lukete argumentuak
bereganatzekoan, ez dira argumentu okerrak erabili behar.
Ekologiako
oinarrizko legeek diote ekosistema bat egoera klimazikora (Aralarreko kasuan
basorantz) hurbildu ahala bere dibertsitatea handituz joaten dela. Ekosistema
beteko dibertsitateaz hitz egitean ez dira bakarrik landareak kontutan hartu
behar (dibertsitate floristikoa) baizik eta ingurune horretako bizidun guztiak.
Beraz, egokiago litzateke “galera” hitzaren ordez
“aldaketa” erabiltzea, kutsu negatiboa kenduz.
4.-Aralar
parke naturala da
Artzaintzaren
aldeko defentsa sutsuak entzuten ditugu nonahi, gure ondare kultural,
gastronomiko, historiko eta gure pasaia eta ingurunea babesten duen jarduera
balitza moduan. Artzainen bizibidea ere aipatzen da, noski, bidezkoa denez.
Ahazten da askotan, ordea, Aralarren kasuan, beste larretoki asko bezala, parke
natural baten aurrean gaudela eta horrek ikuspegi berezia ematen diola gaiari.
Parke
Natural baten filosofia nagusia eremu horren kontserbazioa eta naturalizazioa
da. Beraz, eremu horretan egiten den giza-jarduera orok filosofia horretara
makurtu beharko luke, artzaintza bera ere bai, noski. Gogoratu behar da
Europatik urtero datozen dirutzak kontserbazioaren izenean datozela eta ez
artzainen proiektu ekonomikorako. Beraz, kontserbazioaren mentalitatea
asimilatu beharko dute beti artzainek eta laguntzak horiek kudeatzen dituzten
erakundeek.
Artzaintzak kalteak ere ekarri dizkio mendiari,
adibidez, deforestazioa (gehiegizkoa askotan) eta higadura hainbat lekutan.
Gaur egun ingurumen horren kontserbazioaren aldeko ekintzak gauzatzean
artzainek gogotsu onartu beharko dituzte hainbat muga eta arau eta
jadanik hainbat onartzen dituzte . Parke natural horretan dena ez da libre
artzaintzaren alde. Adibide nabarmena
ahuntzena da, nire iritziz, erabat debekaturik egon beharko bailuke
ahuntzak libre edukitzea.
Gogotsu
diot, kontserbazioa eta artzaintza (edo edozein nekazal jarduera)
kontrajartzeko gogo handiegia sumatzen dudalako sarritan. Adibidez, ENBAkoek
udazkenean sortuko den Jaurlaritzari aldez aurretik espreski eskatu diote:“ingurumen
zaintzak nekazal jarduera arriskuan edo kinkan jar ez dezan”. Itxuraz
ematen du Euskal Herriko nekazaritzaren gainbehera ingurumen-zaintzak sortu duela.
Kontserbazioa
eta artzaintzaren arteko bateraezintasuna aldarrikatzen dabiltzanei aurreratu
nahi nieke parke natural batean bietako bat aukeratu beharko balitz,
kontserbazioa aukeratu beharrean izango litzatekeela gure gizartea eta,
horregatik, bien arteko konponbide eta bizikidetzaren aldeko ahalegina dela
nagusitu beharko den apustua.
Sindikatu
berak eskatzen dio Jaurlaritza berriari: “ingurumen politikan nekazal jarduera txertatzeko”.
Nik eskatuko nuke kontserbazio edo zaintzaren irizpidea nekazal jarduera
guztietan txertatzea, jasangarritasuna eta iraunkortasuna bermatze aldera.
Baina, hau esanik ere, eremu babestuen kasuan (parke naturalak, KBE (ZEC),
biotopo, eta abar) kontserbazioaren menpe daude beste giza-jarduera guztiak,
nekazaritza barne. Eremu babestuetan kontserbazioarekin bateragarriak diren
jarduerak bakarrik baimendu behar dira, tradizio handikoak izan edo
sortu-berriak.
Artzaintzan
aldaketa handiak ikusi ditugu gure gazte
garaitik hona, adibidez, artzaina bere artaldearekin batera bizi zen garaitik,
egunero herrira etortzen den gaurko egoerara. Horretarako hainbat erraztasun
jarri zaizkie artzainei, sarritan gehiegizko pista-sarea sortuz edo pista
horien erabilera okerrak ugalduz. (Orain ere bada hautsak harrotu dituen beste
pista zabal bat egiteko proiektua). Artzainen txabolak ere hobetu dira, beharra
bazutenez, baina tertziarizazio-arriskua ere azaldu da. Gaztagintza jada ez da
mendian egiten, gehiena instalazio egokietan egiten da beheko bailaretan. Hori
dena ondo iruditzen zait behar den bijilantzia egiten bada eta abusuak
ekiditzen badira.
Aralarreko
larreak, hango artaldeak eta hango paisaiak estimatu eta irautearen alde gauden
beraiek ikusten ditugu nola kontserbazio eta naturalizazioaren aldeko ekintzak
begi txarrez ikusten dituzten. Planteamendu okerra dutela uste dut, bi
ikuspegiak bat egitetik letorke etorkizuna.
Noski,
badira gai polemikoak eta hitz eginez konpondu beharko direnak, baina
kontserbazioaren aldeko proposamenei ezin zaie printzipioz ezezko biribil
batekin erantzun parke natural batean, Aralarreko kasuan bezala. Gai polemiko
batzuk aipatzekotan: putreak, ahuntzak, pistak, otsoa, ...
Otsoa
aipatu dut ENBAk gai hori ere aipatu
diolako etorkizuneko Jaurlaritzari. Euskaldunok nahi edo ez, otsoa badator gure
lurraldeetara, baita Aralarrera ere.
Ailegatzen denean, parke natural bat denez, ardiak eta otsoa elkarrekin bizitzeko
neurriak hartu beharko dituzte artzainek, oraingo ohitura asko aldatuz,
adibidez, berriro artzaina eta ardiak
elkarrekin bizi beharra mendian, edo artaldeak gauean bildu eta zaindu beharra.
Horrek, beste gauza batzuekin batera, kostu berriak sortuko ditu, laguntzak ere
handitu beharko litzaizkieke inguru horietako artzainei eta herritarrak ere
prest egon beharko dugu gastu horiek asumitzeko, gure zergetan edo hango
artzainek sortutako gazta erosterakoan. Administrazioak ez dakit ezer egiten
ari den gai honen inguruan, baina sindikatuek ez daude lo, diote hitzez hitz: “otsoa
arriskuan dauden espezien zerrendan ez sartzeko konpromezua” eskatu diote
aurrez datorren irailean aukeratuko den
Jaurlaritzari, alegia, bestela esanda, Bizkaian iaz bezala, agertzen den otso
oro hiltzeko.
Bide
okerra deritzot jarrera horri. Bateragarritasuna bilatu behar da
ustiapena, jasangarritasuna eta kontserbazioaren artean. Sarri esaten bezala,
lurra maileguan jaso dugun ondarea da eta urte luzez mantentzeko obligazioa
dugu.
Martxel
Aizpurua
Oharra: Idatzi hau bidali da ENBA Sindikatura,
Enirio-Aralarko Mankomunitatera, Gipuzkoako Foru-Aldundiko Ekonomia Sustapena,
Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Sailera eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen
eta Lurralde Politikarako Kontseilatzara.
Zorionak Martxel! Aspaldian irakurri dudan idatzirik zentzuzko eta jakintsuena, agur bat.
ErantzunEzabatuzorionak!
ErantzunEzabatuoso egokia eta hausnarketarako bidea. argumentuak eta azalpenak emanez, beraiek hortan motz!
ZORIONAK!!HITZEZ HITZ ADOS.
ErantzunEzabatuZure baimenarekin esteka partekatu nahi nuke nire facebookean jendea irakurtzera gonbidatuz.
Besterik gabe, agur bat!
Ahuntzik ez, eta orkatzak bai?????
ErantzunEzabatuOtsoa bai, eta listor asiatikoa?????
Iñuxente galanta hau idatziona! Ikustenda ze jakinduri dauken.... enfin
ErantzunEzabatuParke Natural batean behar edo ahal diran ganadu kopuruak Aralarren 2.5 aldiz handiagoak dira.
ErantzunEzabatu100% artzantzaretik bizi direnak gutxienak dira, geiengoa ganadu zale afizionatuak dira, beste lanbide bat dutenak bere bizimodua ateratzeko. Oso erraza da hau kontrolatzea, beraien lanbide eta zergak jakin araziz. Ni ere ganadu zale afizionatu eta profesionala izanik, Martxelen herri berekoa, dexente ondo ezagutzen ditut Aralarko ganadu zaleak. Abeltzainen arazoak ugari dira, intensiboaren kutxadura latzak (miloika litro pixak, fitosanitarioak,...) edo extensiboa lur nahiko ez daukagunean edo ta pinuz eta prozesionariaz jositako mendiak,.., merkatuaren gertutasun eta urruntasunak, inportazioak eta konpetentzia, eta abar; Aralarren pixtak eginez irtenbiderik ematen ez dituztenak.
Aranzadik baditu ikerketak erakusten dutenak nola orain 50 urte baso ziren lurraldeak gaur egun harri huts direla. Desertifikazio edo basamortutzea ez da Saharan bakarrik gertatzen. Zuhaitzak ez baditugu, neurririk gabeko ganadu kopurua, beraien ankekin arrotutako lurra euriteak darama.
Dehesetan, ganadu, belardi eta zuhaitzak oso ondo elkarbizi dezakete.
Inondik inora Aralarko parke naturala ez da inguruko herrien jabetza, denok, mundu guziak pairatzen ditugu bere ondasun eta kalteak, denok ordaintzen ditugun zergekin egiten dira Aralarko "lanak".
Natura 2000, legeak, datu zehatzak eta Natur Parkeen zereginak argi ta garbi izan behar ditugu planteamendu edo antolamendu ekonomizistak gainditzeko. Beraien aldarri handiena artzaien beharrean asentatzen da eta argi daukat honetako ere ez duela balio pixtak egitea edo ta Aralar izatea beraien irtenbidea. Polita, bukolikoa, tradizionala,... ez datoz ia inoiz bat naturaren legearekin.