Talaimendiko etxebizitzak. (Aiora Larrañaga Solaberrieta) HITZA
Udalak oraintsu eman dio hasierako onespena Talaimendin eraikin berriak egiteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketari. Funtsean, hauxe onetsi dena: hainbat gunetan etxebizitza bakarreko txaleten ordez, bi etxebizitzetakoak egitea; eta beste hainbatetan, etxebizitza bakarreko txaletak lauzpabost etxebizitzetako etxe-blokeekin ordezkatzea. Alegia, jatorrizko eraikigarritasun-azalera mantenduz, etxebizitza kopurua handitzea.
Talaimendiko hirigintza-plana onartu zenean eremu hori Iñurritzako Biotopotik at gelditu zen, eta orduan ere, erabaki hura gogor gaitzetsi zuen Arkamurka Natura-Elkarteak hainbat arrazoiengatik. Batetik, eremu hori Zarauzko hirigunetik at dago, eta askotan azaldu izan dugunez, gure ustez, Udalak ez luke onartu behar gaurko hiri-eremua eraiki arte hortik kanpo kokatutako hirigintza-planik; ez orduan eta ez orain. Bestetik, etxebizitzen tipologia ere salatu genuen. Arkamurkaren ikuspegitik etxebizitza bakarreko txaletak eraikitzean lurzoruaren erabilera desegokia sustatzen da. Azkenik, hiri-eredua aipatu behar da. Talaimendiko etxebizitzen planak ez zion erantzuten, denborak erakutsi digun bezala, Zarauztarren etxebizitza beharrei. Hiri-eredu horren baitan etxebizitza espekulaziorako baliabide bihurtzen da, eta Talaimendiko txaletekin gertatu denak erakusten digu ikuspegi horren zentzugabekeria.
Prozedurari dagokionez, ere, badago zer aztertua. Udalak badu izendatua Aholku Batzorde bat, hainbat sektoretako jendez osatua, haien artean Arkamurka Natura-Elkartea. Dagozkion baldintzak betez, Batzorde horren bilera eskatu genuen irailaren hasierarako Talaimendiko txaleten gaia tratatzeko. Bilera Udaleko Plenoan Plan Orokorra aldatzea onartu ondoren izan da deitua, azaroan. Udalkide inork ez du Batzorde honen bilera-eskaea kontutan eduki.
Talaimendiko txaleten hirigintza-plana astakeria zen gure ustez, eta denborak erakutsi digu arrazoia genuela. Ez dugu ulertzen udalak zergatik lagundu behar duen porrot egin zuen ekimen horretan. Gure ustez ez da Udalaren egitekoa eremu horretako etxebizitzen eraikuntza sustatzea, eta ez dugu onesten Plan Orokorra etxebizitza gehiago egiteko (etxe-blokeak medio) aldatzea.
Ondorioz, Udalari bere ekimenarekiko gure gaitzespena erakutsi diogu, eta bide batez, eraiki gabe dagoen lurzorua bere horretan uzteko eskatzen dugu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.