Zrautzen ugarienetakoa den saguzarretako bat Pipistrellus kuhlii da. Simon Rerucharen argazkia
Zarauzko
Udalak eskatuta, Ostaizka Aizpurua eta Antton Alberdi ikerlariek
Zarauzko saguzarren dibertsitatea jasotzen duen ibentarioa egin dute.
Ikerlan honek Zarauzko Udalerrian gutxienez
bederatzi saguzar espezie daudela adierazten du.Ikerketa-lan honen
helburua Zarauzko herriguneko eta inguruetako saguzarren
dibertsitatea ezagutzea izan da. Zarautz
udalerriko saguzarrak topatu eta espezieak identifikatzeko,
ultrasoinu-grabagailu bidezko laginketak egin zituzten 2014ko
abuztuan eta irailean udalerriko lau eremutan (Herrigunea, Santa
Barbara-Mutxio, Abendaño eta Iñurritza-Talaimendi).
Orokorrean, detektatutako espezie kopurua
altua dela esan daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoan ezagutzen diren
26 espezietik 9 topatu baitira Zarauzko herrigunean eta inguruko
eremuetan (% 35). Honako espezie hauek topatu dituzte: Eptesicus
serotinus, Myotis sp., Nyctalus leisleri, Pipistrellus kuhlii,
Pipistrellus pipistrellus, Plecotus auritus, Plecotus austriacus,
Rhinolophus ferrumequinum eta Rhinolophus hipposideros. Saguzar
horiek guztiak daude Euskal Autonomia Erkidegoko Espezie Mehatxatuen
Katalogoan eta ondorioz legez babestuak daude.
Lan honen helburua da, udalerriko
biodibertsitatearen gaineko ezagutzea handitzea eta herritarrek
inguruan dituzten saguzarrak ezagutzea, intsektuen kontrolean
berebiziko garrantzia duten animalia hauek ezagutzea ezinbestekoa
baita animalion eta gizakion arteko bizikidetza bermatzeko.Zarauzko
herrigunean lau espezie detektatu dituzte: Pipistrellus kuhlii,
Pipistrellus pipistrellus, Eptesicus serotinus, eta Nyctalus
leisleri. Hala ere, espezie horien artean bi Pipistellus espezieak
dira arruntenak; herriguneko kale-argi, parke eta erreketan oso
ohikoak dira. Gainerako saguzarrak herrigunearen inguruko eremuetan
aurkitu dituzte. Lagindutako eremu guztietatik bereziki bi
inguruneren garrantzi handia nabarmendu behar da: Talaimendiko zelai
eta sastrakadiak, eta Santa Barbara-Mutxioko landa-ingurunea. Eremu
horietan topatu zen saguzarren dibertsitate handiena, bakoitzean
zortzi espezie, hain zuzen ere. Bestalde, identifikatu diren saguzar
guztiak giza eraikinetan gorde daitezkeenez, litekeena da babeserako
herriguneko eta landa-inguruneko eraikuntzak erabiltzea horietako
askok.
Helburu horrekin, herriko ikastetxe
guztiei gaiari buruzko hitzaldiak egiteko aukera luzatu die Zarauzko
Udalak. Inguratzen gaituen natura ezagutzeak eta gure saguzarrak
ezagutzeak lagunduko baitigu horiek babesten, kontserbatzen eta, nola
ez, gozatzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.