Zarauzko Udalean
EAJk mozio bat aurkeztu berri du, Enbak eta Gipuzkoako EHNE sindikatuek
eskatuta, Udalak mendiko abeltzaintzarekin konpromiso tinkoa azaldu zezan,
konpromiso horretan sartuko litzatekeelarik otsoaren populazioa kontrolatzeko ehiza baimentzea. EAJren aldeko
botoekin onartu zen mozioa, PSE eta Ahal Duguren kontrako botoekin eta EH
Bilduren abstentzioarekin.
Otsoa badator,
Burgos aldetik mendebaldeari dagokionez eta Pirinio aldetik ekialdeari
dagokionez. Euskal Herria gertatuko da bi populazio horien arteko korridore. Mozio
honen onarpenak legezko inolako eraginik ez duenez, gureiritziz, mozioak lortu nahi zuena da, kontserbazioaren
aldeko gertaera honen aurka jartzea gizartea, lehen sektorea batik bat.
Oraingo eztabaida
honek badu alde positibo bat, eta da, otsoaren gaia garaiz tratatzen hasi
garela, gertaera honetaz jabetzeko, balorazioak egiteko eta neurri egokiak
hartzeko denbora asko beharko baita.
Arkamurka
Elkartearen ustez, otsoaren etorrerak onurak ekarriko ditu Euskal Herrira. Azken
mendeetan desagerrarazi ditugu gure artetik bai herbiboro handiak (basahuntza,
oreina, orkatza, basurdea (orojalea)) eta karniboro handiak (otsoa eta hartza).
Gogor jo ditugu txikiagokoak ere: azeri, lepazuri, erbinude, arrano, zapelatz,
etab. Gogoan ditugu animalia horiek harrapatzeagatik udaletan edo baserrietan sariak
ematen ziren garaiak.
Garaiak aldatzen
ari dira eta, gaurko zientziaren ikuspegi sakonagotik, badakigu suntsitutako
katebegiak berreskuratzeak oreka handiagoa ekarriko duela gure geografiara.
Jakin badakigu,
Zarauzko udal plenoan entzun genuen katastrofismoa alde batera utziz,
abeltzaintzaren birmoldaketa beharrezkoa izango dela otsoarekin batera
bizitzeko: aziendak gauez bildu; itxiturak eraiki; gauezko zaintzaileak kontratatu;
zakur mastinak erabili; etab. Birmoldaketa hau erabat diru publikoz finantzatu
beharko da, otsoak sor ditzakeen kalteak ere bai noski, onurak ere gizarte
osoarentzat direlako. Lehen ere badakigu, Europa laguntzei esker bizi dela gure
abeltzaintza eta baldintzen artean ingurumen kontserbaziokoak egoten direlako.
Jabetzen gara
abeltzainen bizimodu eta ohiturak ere aldatu egin beharko dutela, adibidez,
astebetean ezin izango dira artalde edo behorrak bildu gabe utzi mendian.
Ohitura-aldaketa gogorra da edonorentzat eta hori ere ahal den leunena izan
dadin parte hartu beharko du administrazioak. Administrazioak ez ditu lan
berriak nahi, atzetik ez bada, edo gizarteko eskaera erraldoia, edo bera baino
goragoko agindua. Kasu honetan, espero dugu, mugitu beharko izango duela.
Pandemia garai
honetan, jokabide negargarriak ikusi dira kaletar askoren aldetik
landa-eremuan. Errespetu-falta itzela erakutsi dugu. Azterketa serio bat egin
beharrean gaude. Otsoa etortzen denean, areagotu egingo da mendian izan beharko
dugun errespetua eta arreta. Denok behar dugu birmoldaketa.
Hemen aipatu
ditugun lan horiek guztiak daude otsoa etorri aurretik egiteko, eta
Arkamurkaren iritziz, horretan hasi beharra dago buru-belarri, inplikatu guztiok
elkar hartuta. Ez da bidezkoa, gure ustez, sektore baten mesedetan gizarte
osoaren onura den otsoa tiroz botatzea, hanka gure lurraldean jarri orduko.
Horrela konpondu nahian gabiltza basurde eta orkatzen ugaritzeak, ehiztarien
nahien arabera uxaldiak antolatuz, edo ehiza-parada batzuen baimen-eskaera
greba batez presioa jasanez.
Espero dezagun
otsoaren presentzia ez etortzea tiro-hotsez (ofizial edo furtiboz) lagundua.
Prentsaren bidez gaur jakin dugu, Zarauzko alkate Xabier Txurrukaren deklarazioak aipatuz, Asti aldeko kirolgunean atletismoko pista berria, beste futbol zelai bat eta padel-pista estalia egiteko proiektua darabiltela esku artean, 25.000 metro koadro gehiago handituz kirolgunea. Hauteskunde-giroa, alde batetik, eta, bestetik, alkate arkitektoaren izaeragatik, obrak eta obrak hedatzen ari dira herrian eta etorkizunerako proiektuak ere bai. Adibide bezala, azken astean Eguzki-Izarren egin nahi den etxegintzaren aurka agertu da Arkamurka. Hauteskunde-kanpainan ere hori da salduko dena, alegia, agindutako obra guztiak martxan daude eta hurrengo legealdian beste obra hauek egingo ditugu. Astiko kirolguneari buruzko alkatearen proiektua Arkamurka Natura-Elkateak gaur prentsaren bidez jakin du. Arkamurka Elkarteak urteak daramatza Astiko kirolgunearen inguruko ideiak eta irizpideak ematen bai herritarrei, bai Udala berari ere. Beraz, lotsagarria iruditzen zaigu Xabier Txurruka alkateak bere proiektuari buruz orain arte hitzik ez esatea Arkamurkari. Ondotxo daki Arkamurka elkarteak Udalak ez duela zertan eginik Arkamurkak pentsatzen duena, baina gizalegea dela iruditzen zaigu herrian eremu horretaz hainbeste arduratu den elkarteari gutxienez aurrez bere asmoen berri ematea. Bestalde, Arkamurka Elkarteak hainbat aldiz adierazi du bere iritziz orain kirolgunea ez den gainerako eremua nekazaritzarako izendatu eta gorde beharko litzatekeela. Eremu hori nekazaritzarako erreserbatuz, bi gauza lortzen dira, batetik, nekazaritzako lur bat izendatzea herrirako nekazari-gaiak sortzeko. Lur horien kudeaketan udalak parte hartu beharko luke, hain zaila den nekazaritzako belaunaldien txandaketa gerta dadin herrian. Bestetik, autopistatik iparraldera dagoen Astiko beste eremua Udalak, Iñurritzako biotopoa bezala, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu nahi du, gure pozerako. Arkamurka Elkarteak, ordea, autopistaren bi aldeak ekologikoki erabat loturik ikusten ditu, Kirolgunearen inguruko zelaiak neguko hegazti askoren pausaleku baitira eta soro tarteetako erretenak ur-landare eta anfibio-mota askoren bizitoki. Bailara osoa da kontserbazio-araupean jarri behar dena. Arkamurka Elkarteak ez du ondo ikusten eremu hori, gaur “erreserba” kalifikazioa duena, apurka-apurka urbanizatuz okupatzen joatea, bailara osoko planteamendua egin gabe. Arkamurka, Zarauzko Natura-Elkartea
Zarauzko Udalak Iñurritza eta Iritarenartean dagoen Eguzki-Izarra eremua (lehen Zarautz-Garden, Zubiondo jatetxearen parean) eraikitzeko proiektua abiarazi du: hiru etxe (behea + 5 solairu) eta hotela (behea + 6 solairu) eraikitzeko asmoari bide eman dio, eta horrek Arkamurka elkartean asaldura eragin du.
Badira 30 urte Arkamurka Natura-Elkarteak “Erriberetako Parkea” proiektua aurkezten ziola Zarauzko Udalari. Proiektu horretan Iñurritza (orain biotopo),Irita eta Asti naturalizatu eta babesteko eskaera egiten zen, bertako hezegune horietan zegoen eta dagoen aberastasuna medio. Uholdeen aurkako neurri gisa ere gomendagarria dirudi.
Urte hauetan ez dira gutxi izan proiektu horrek izan dituen oztopo, eraso eta aitzakiak, baina lortu da Iñurritza biotopo eta Babes Bereziko Eremu izendatzea eta naturalizatzea. Bestalde, Irita eta Asti gaur eraikinez estali gabe daude. Iritan ez zen gauzatu planifikatutako industrialdea.
Ez dugu esango Arkamurka Elkartearengatik kontserbatu direnik hezegune horiek, baina ezezkorik ere ez genuke sinetsi nahi, Arkamurkaren ahalegina etengabea izan baita URA, Aldundia, Jaurlaritza eta Udalaren aurrean.
Berri onak ditugu orain, Zarauzko Udalak agertu du jada, txosten bereziak eskatuaz, hiru eremu horiek eraztun berde-urdina barnean sartu eta Iñurritzako biotopoaren barnean sartzeko hirurak. Poztuko ginateke benetan hori dena gauzatuko balitz, Udalkide guztien arteko adostasunez.
Hiru eremu horiek babesteak sortzen ditu hirigintzako asmoak aldatzea ere, behingoz Zarauzko Hirigintza Orokorra (ZHAPO) aldatuaz, adibidez.
Hiru eremu horiek batera babesten badira, zentzuzkoa dirudi hiru eremu horiek fisikoki komunikaturik egotea, horietako animalien, landareen eta uren batetik besterako sartu-irteerak errazteko. Horregatik Irita eta Astiren artean autopista-irteerak sortzen duen etena aztertu behar da eta baita ere Irita eta Iñurritzaren artekoa.Arkamurka Elkartea Eremu horretan ezer eraikitzearen aurka dago.
Otsaileko Plangintzako Aholku Batzordean Arkamurkak Udalari eskatu dio Irita eta Eguzki Izarra eremuetako hirigintza-proiektuak baztertu ditzala behingoz eta aldatu dezala ZHAPOa Iñurritza errekaren ekialdeko arroa hirigintzatik babesteko. Alegia, zabaldu dezala Iñurritzako Biotopoa Eguzki-Izarretik Iritan barrena Astiraino.
Hurrengo idatzietan zabalduko ditugu hemen azaletik adieraziak.
Izan ere, une honetan egiten ari diren pista ez da Aralarko pista bakarra, baizik eta lehendik zeudenei gehitu nahi zaiena: zehazki, Aralarko bihotzean den Saltarriko abere itxiturara iristeko, bost txaboletatik pasaz, 4,4 km luzerako eta 3,5 metro zabalerako pista egitea aurreikusten da, 96 metrotan, batez beste, 5 metroko altuera izango duen harri lubetarekin. Enirio-Aralar mankomunitatearen aginduz egina dago dagoeneko Goroskintxuraino iristen den zatia, nahiz eta obra-proiektuaren informaziorik ez duten zabaldu lanak hasi eta hamabost egun pasa arte.
Gaia ez da berria. Enirio-Aralar Mankomunitateak 2003an onartutako plangintzan jasota dago Goroskintxutik gora pistak egiteak onura baino kalte askoz gehiago ekarriko lituzkeela, eta egun gauzatzen ari diren proiektuak ez du azaltzen ondorio horretara iristeko arrazoiak zertan aldatu diren. Hala ere, egiten ari direnaz gain, Enirio-Aralar mankomunitateak 2017rako eta hurrengo urteetarako pista gehiago egitea onartu du, txabola guztietara iritsi arte.
Artzaintza da Aralarren pista berriak egiteko beharra justifikatzen dutenen argudio nagusia. Azken hilabetean artzain profesionalak entzun eta irakurri ditugu hedabideetan euren lanbiderako erraztasunak, alegia, mendian ibilgailuz ibiltzeko aukerak eskatzen. Halaber, Tolomendi landa garapen agentziako Iker Karrera teknikariak emandako elkarrizketan (Tolosaldeko atarian) hitzez hitz dio: «[...] Aralar posible egiteko abeltzaintza beharrezkoa baldin bada, [...] bideak ezinbestean onartu beharrekotzat hartu behar dira. Bideen aurkako jarrerak automatikoki esan nahi du abeltzaintzaren aurkako jarrera dagoela, ez baitira biak posible». Ez da egia. Batetik, artzaintzak eta abeltzaintzak, berdin nekazaritzak, bizi duten gainbehera mendiko lanaren zailtasunei egoztea gezurretan aritzea delako; eta bestetik, natur balioen etengabeko galerarik gabeko abeltzaintza posible ez ezik, beharrezkoa delako etorkizun jasangarria irudikatu nahi badugu.
Aralar parke naturala da, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremua, eta Foru Aldundia da kudeaketaren arduraduna baita Enirio-Aralarko mankomunitatearen lurretan ere. Foru Aldundiari dagokio bertako ondare naturala kontserbatu, zaindu edota berreskuratzea. Harrigarria ez ezik, benetan salatzekoa da erakunde honek auzi honetan erakutsi duen jarrera. Prozedurari dagokionez, lotsagarria da tamainako ingurumen-eragina daukan proiektuaren informazioa ezkutatzeko egindako ahalegina, eta benetan kezkatzekoa proiektua halako gabeziekin baimendu izana: ez da azterketa geoteknikorik egin (nahiz eta pista egingo den eremua karstikoa izan eta leize, galeria edo kobaren batekin topo egiteko aukeraz gain, akuiferoetan eragiteko arriskua egon), aztarnategi arkeologikoak oso modu interesatuan hartu dira kontuan eta aztarnategi paleontologikoei buruzko txostena falta da, lurzoruan eragingo den higadura ez da aintzat hartu, Europar Batasunak babestutako espezie eta habitatak dauden lekuetatik pasako da, ikaragarrizko inpaktua izango du paisaian, (Aralar paisai mota hauskorra bezala dago katalogatuta EAEko Paisai Berezi eta Apartekoen Inbentario-Katalogoan, eta ondorioz, pisten inpaktua absorbitzeko ahalmenik ez duela ulertzen da) etab. Laburtuz, proiektuari onarpena emateko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua baliatu da, Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planaren (1994) arabera zorrotzagoa den Ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazioa beharko lukeenean. Ondorioz, pisten proiektu honentzat ez da alternatibarik proposatu.
Bestalde, larria bada aldundiak natur ondarearen defentsan erakutsi duen arduragabekeria, are larriagoa da pistaren alde dauden gainerako interesatuekin auzia behar ez den lekuan kokatzeko baliatzen ari den estrategia. Pisten proiektuaren interes kontrajarriak ekologisten eta artzainen kontrako eztabaidara mugatzea da estrategia horren helburua, auzia mendia aisialdirako baliatu nahi dugun kaletar ezjakinen eta artzain sakrifikatuen interesen arteko lehian irudikatzeko. Natur ondarearen kontserbazioa desio dugunon eta naturaren ustiapenetik bizi direnen arteko dikotomia bilatzen da: kalea/baserria, lana/aisialdia, kaletarren ezjakintasuna/abeltzainen beharrak. Aldundiaren estrategiak herritarrak aurrez aurre jartzera behartzen gaitu, egoera erabat desatseginak biziaraziz. Auzi hau natur ondarearen kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko lehian kokatu behar da, eta Foru Aldundiak berebiziko ardura du kontu honetan, bere egitekoa baita Aralarko ondare naturala zaintzea.
Aralar antzinatik baliatu dugu artzaintzarako, eta uka ezina da bertako landaredia horren ondorioa dela. Hain maitea eta gurea sentitzen dugun Aralarko paisaia erabat aldatuko litzateke bertatik ardiak eta bestelako aziendak kenduko bagenitu. Baina, hori ez dago zertan interpretatu bioaniztasunaren galera bezala, aitzitik, pixkanaka-pixkanaka basoranzko bidea hartuko luke gaur gailentzen ez diren landareei esker. Gaur-gaurkoz, ez da hau natur kontserbazioniston eta ekologiston nahia. Maite ditugu Aralarko paisaia zein bertatik bizimodua ateratzen duten artzainak, eta zer esanik ez haiek egiten duten gazta. Natur balioen kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko oreka defendatzen dugu, eta horregatik eskatzen diogu Foru Aldundiari dagozkion ardurak bete ditzala eta geldi dezala berehala proiektu hau.
Andoni Egañak igandeko bere idatzian kaletarren larrutik hitz egin du eta une batean honela dio: “Lana ardatz duena hobetsi aisiarterako behar dugunon artean”. Esaldi horretan lana eta aisialdia jartzen dira aurrez aurre. Ez da hori niretzat planteamendu egokia Parke Natural bati buruz ari garenean, kontserbazioa jarri beharko litzateke lana eta aisialdiaren aurretik.
Parke Natural baten gainean gozatzen dut, nahiz eta bertara ez joan, jakiten dudanean animaliak, landareak, perretxikoak, errekak, akuiferoak, eta abar ondo zainduta daudela, aske eta ez uxatuak, edo lerden eta hedakor. Pozten naiz bertako giza jarduerak naturarekiko errespetuz gertatzen direla jakitean. Tristetzen naiz ehiza, perretxiko-bilketa edo ahuntzak baimentzen direla jakiten dudanean edo artzain profesionalen aitzakiarekin auto-kopurua handitzen ari direla jakitean.
Administrazioa, aldiz, parke horiek zenbat pertsonek bisitatzen dituzten kezkatzen du, zenbat milioi izan diren aurten edo iaz baino gehiago izan diren. Parke Natural deklaratzean aparkalekuak egiten dira, interpretazio-zentroak, picnic-guneak, mendiko bideak zabaldu, ... Horretan gastatzen da dirua, gune horietako aurrekontuetatik kontserbazioari dagokiona % 5 ingurukoa bakarrik izanez. Zenbat bider entzun dugu kontserbazio-kezka dutenen ahotik, parke deklaratzeak (modu horretan kudeatuz) gune horien hondamena ekarri duela.
Kaletarrok norbaitek jotzen duen txilibituaren harira funtzionatzen ohituegiak gaude eta kalean inolaz onartzen ez dugun bezala portatzen gara mendian eta okerrena da inork ez digula bestela ibiltzen erakusten edo behartzen.
Talaimendiko etxebizitzak. (Aiora Larrañaga Solaberrieta) HITZA
Udalak oraintsu eman dio hasierako onespena Talaimendin eraikin berriak egiteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketari. Funtsean, hauxe onetsi dena: hainbat gunetan etxebizitza bakarreko txaleten ordez, bi etxebizitzetakoak egitea; eta beste hainbatetan, etxebizitza bakarreko txaletak lauzpabost etxebizitzetako etxe-blokeekin ordezkatzea. Alegia, jatorrizko eraikigarritasun-azalera mantenduz, etxebizitza kopurua handitzea. Talaimendiko hirigintza-plana onartu zenean eremu hori Iñurritzako Biotopotik at gelditu zen, eta orduan ere, erabaki hura gogor gaitzetsi zuen Arkamurka Natura-Elkarteak hainbat arrazoiengatik. Batetik, eremu hori Zarauzko hirigunetik at dago, eta askotan azaldu izan dugunez, gure ustez, Udalak ez luke onartu behar gaurko hiri-eremua eraiki arte hortik kanpo kokatutako hirigintza-planik; ez orduan eta ez orain. Bestetik, etxebizitzen tipologia ere salatu genuen. Arkamurkaren ikuspegitik etxebizitza bakarreko txaletak eraikitzean lurzoruaren erabilera desegokia sustatzen da. Azkenik, hiri-eredua aipatu behar da. Talaimendiko etxebizitzen planak ez zion erantzuten, denborak erakutsi digun bezala, Zarauztarren etxebizitza beharrei. Hiri-eredu horren baitan etxebizitza espekulaziorako baliabide bihurtzen da, eta Talaimendiko txaletekin gertatu denak erakusten digu ikuspegi horren zentzugabekeria. Prozedurari dagokionez, ere, badago zer aztertua. Udalak badu izendatua Aholku Batzorde bat, hainbat sektoretako jendez osatua, haien artean Arkamurka Natura-Elkartea. Dagozkion baldintzak betez, Batzorde horren bilera eskatu genuen irailaren hasierarako Talaimendiko txaleten gaia tratatzeko. Bilera Udaleko Plenoan Plan Orokorra aldatzea onartu ondoren izan da deitua, azaroan. Udalkide inork ez du Batzorde honen bilera-eskaea kontutan eduki. Talaimendiko txaleten hirigintza-plana astakeria zen gure ustez, eta denborak erakutsi digu arrazoia genuela. Ez dugu ulertzen udalak zergatik lagundu behar duen porrot egin zuen ekimen horretan. Gure ustez ez da Udalaren egitekoa eremu horretako etxebizitzen eraikuntza sustatzea, eta ez dugu onesten Plan Orokorra etxebizitza gehiago egiteko (etxe-blokeak medio) aldatzea. Ondorioz, Udalari bere ekimenarekiko gure gaitzespena erakutsi diogu, eta bide batez, eraiki gabe dagoen lurzorua bere horretan uzteko eskatzen dugu.
Aralarreko
artzaintza, eta artzaintza orokorki, azken aldian eztabaida-gai izaten ari da,
itxuraz posizionamendu kontrajarriak azalduz nekazal alorreko eta
kontserbazioaren aldeko jendearen artean.
ENBA
aldizkarian agertu diren artikulu batzuk motiboa eman didate gauza batzuk
esateko eta kontzeptu batzuk zehazteko. Ni Aralarreko artzaintzaren aldekoa
izanik ere, ezin ditut esaten diren gauza batzuk besterik gabe ontzat eman
artzaintzaren defentsa egiteko badira ere.
1.-Mendiko
artzaintza funtsezkoa da larreak mantentzeko.
Ados,
artzaintzarik ezean oraingo larreak desagertuko lirateke eta Aralar mendia
basorantz abiatuko litzateke, pagadirantz, beti esan ohi den bezala, mendia
zikindu egingo litzateke. Altitude hauetako landarediaren joera basorantz
jotzekoa da eta giza-jarduerak ekiditzen ez badu basorantz abiatzen da. Joera
horri kutsu negatiboa eman beharrik ez legoke.
2.-Balio
handidun ondare naturalak dira.
Ados.
Milaka urtetako ondare bat dira larre hauek eta argi dago ondare natural bat
direla, ez direla ondare arkitektonikoak. Ondare horiek, ordea, giza-jarduera batek, artzaintzak, sortutako
larreak dira. Ondorioz, artzaintzaren desagertzeak berez larre horien
desagerpena ekarriko luke edo gune txiki batzuetara murriztea. Larre zabal
horiek aukera eman dute hainbat espezie basati (landare zein animalia) bertan
bizitzeko. Aralar osoa baso bihurtuz gero, espezie horien atzerakada edo desagerpena
ekarriko luke dudarik gabe, baina halere esan behar da sortuko litzatekeen
egoera ere (pagadia) ondare natural izaten jarraituko lukeela (Zenbat gauza
zoragarri entzun izan ditugun Nafarroako pagadiei buruz).
3.-Artzaintzaren
murrizketak galera bat (dakar) dibertsitate floristikoan.
Baieztapen
hau egiten dute EHUko ikerlari batzuek egindako ikerketa baten ondorioetan
oinarrituz. Begirune eta errespetu osoz aintzat hartzen ditut larre-zati
horietan ikerlariek egindako lanak, noski, baina oraingo larreak babesteko
asmoetan dabiltzanak kontu handiz ibili beharko lukete argumentuak
bereganatzekoan, ez dira argumentu okerrak erabili behar.
Ekologiako
oinarrizko legeek diote ekosistema bat egoera klimazikora (Aralarreko kasuan
basorantz) hurbildu ahala bere dibertsitatea handituz joaten dela. Ekosistema
beteko dibertsitateaz hitz egitean ez dira bakarrik landareak kontutan hartu
behar (dibertsitate floristikoa) baizik eta ingurune horretako bizidun guztiak.
Beraz, egokiago litzateke “galera” hitzaren ordez
“aldaketa” erabiltzea, kutsu negatiboa kenduz.
4.-Aralar
parke naturala da
Artzaintzaren
aldeko defentsa sutsuak entzuten ditugu nonahi, gure ondare kultural,
gastronomiko, historiko eta gure pasaia eta ingurunea babesten duen jarduera
balitza moduan. Artzainen bizibidea ere aipatzen da, noski, bidezkoa denez.
Ahazten da askotan, ordea, Aralarren kasuan, beste larretoki asko bezala, parke
natural baten aurrean gaudela eta horrek ikuspegi berezia ematen diola gaiari.
Parke
Natural baten filosofia nagusia eremu horren kontserbazioa eta naturalizazioa
da. Beraz, eremu horretan egiten den giza-jarduera orok filosofia horretara
makurtu beharko luke, artzaintza bera ere bai, noski. Gogoratu behar da
Europatik urtero datozen dirutzak kontserbazioaren izenean datozela eta ez
artzainen proiektu ekonomikorako. Beraz, kontserbazioaren mentalitatea
asimilatu beharko dute beti artzainek eta laguntzak horiek kudeatzen dituzten
erakundeek.
Artzaintzak kalteak ere ekarri dizkio mendiari,
adibidez, deforestazioa (gehiegizkoa askotan) eta higadura hainbat lekutan.
Gaur egun ingurumen horren kontserbazioaren aldeko ekintzak gauzatzean
artzainek gogotsu onartu beharko dituzte hainbat muga eta arau eta
jadanik hainbat onartzen dituzte . Parke natural horretan dena ez da libre
artzaintzaren alde. Adibide nabarmena
ahuntzena da, nire iritziz, erabat debekaturik egon beharko bailuke
ahuntzak libre edukitzea.
Gogotsu
diot, kontserbazioa eta artzaintza (edo edozein nekazal jarduera)
kontrajartzeko gogo handiegia sumatzen dudalako sarritan. Adibidez, ENBAkoek
udazkenean sortuko den Jaurlaritzari aldez aurretik espreski eskatu diote:“ingurumen
zaintzak nekazal jarduera arriskuan edo kinkan jar ez dezan”. Itxuraz
ematen du Euskal Herriko nekazaritzaren gainbehera ingurumen-zaintzak sortu duela.
Kontserbazioa
eta artzaintzaren arteko bateraezintasuna aldarrikatzen dabiltzanei aurreratu
nahi nieke parke natural batean bietako bat aukeratu beharko balitz,
kontserbazioa aukeratu beharrean izango litzatekeela gure gizartea eta,
horregatik, bien arteko konponbide eta bizikidetzaren aldeko ahalegina dela
nagusitu beharko den apustua.
Sindikatu
berak eskatzen dio Jaurlaritza berriari: “ingurumen politikan nekazal jarduera txertatzeko”.
Nik eskatuko nuke kontserbazio edo zaintzaren irizpidea nekazal jarduera
guztietan txertatzea, jasangarritasuna eta iraunkortasuna bermatze aldera.
Baina, hau esanik ere, eremu babestuen kasuan (parke naturalak, KBE (ZEC),
biotopo, eta abar) kontserbazioaren menpe daude beste giza-jarduera guztiak,
nekazaritza barne. Eremu babestuetan kontserbazioarekin bateragarriak diren
jarduerak bakarrik baimendu behar dira, tradizio handikoak izan edo
sortu-berriak.
Artzaintzan
aldaketa handiak ikusi ditugu gure gazte
garaitik hona, adibidez, artzaina bere artaldearekin batera bizi zen garaitik,
egunero herrira etortzen den gaurko egoerara. Horretarako hainbat erraztasun
jarri zaizkie artzainei, sarritan gehiegizko pista-sarea sortuz edo pista
horien erabilera okerrak ugalduz. (Orain ere bada hautsak harrotu dituen beste
pista zabal bat egiteko proiektua). Artzainen txabolak ere hobetu dira, beharra
bazutenez, baina tertziarizazio-arriskua ere azaldu da. Gaztagintza jada ez da
mendian egiten, gehiena instalazio egokietan egiten da beheko bailaretan. Hori
dena ondo iruditzen zait behar den bijilantzia egiten bada eta abusuak
ekiditzen badira.
Aralarreko
larreak, hango artaldeak eta hango paisaiak estimatu eta irautearen alde gauden
beraiek ikusten ditugu nola kontserbazio eta naturalizazioaren aldeko ekintzak
begi txarrez ikusten dituzten. Planteamendu okerra dutela uste dut, bi
ikuspegiak bat egitetik letorke etorkizuna.
Noski,
badira gai polemikoak eta hitz eginez konpondu beharko direnak, baina
kontserbazioaren aldeko proposamenei ezin zaie printzipioz ezezko biribil
batekin erantzun parke natural batean, Aralarreko kasuan bezala. Gai polemiko
batzuk aipatzekotan: putreak, ahuntzak, pistak, otsoa, ...
Otsoa
aipatu dut ENBAk gai hori ere aipatu
diolako etorkizuneko Jaurlaritzari. Euskaldunok nahi edo ez, otsoa badator gure
lurraldeetara, baita Aralarrera ere.
Ailegatzen denean, parke natural bat denez, ardiak eta otsoa elkarrekin bizitzeko
neurriak hartu beharko dituzte artzainek, oraingo ohitura asko aldatuz,
adibidez, berriro artzaina eta ardiak
elkarrekin bizi beharra mendian, edo artaldeak gauean bildu eta zaindu beharra.
Horrek, beste gauza batzuekin batera, kostu berriak sortuko ditu, laguntzak ere
handitu beharko litzaizkieke inguru horietako artzainei eta herritarrak ere
prest egon beharko dugu gastu horiek asumitzeko, gure zergetan edo hango
artzainek sortutako gazta erosterakoan. Administrazioak ez dakit ezer egiten
ari den gai honen inguruan, baina sindikatuek ez daude lo, diote hitzez hitz: “otsoa
arriskuan dauden espezien zerrendan ez sartzeko konpromezua” eskatu diote
aurrez datorren irailean aukeratuko den
Jaurlaritzari, alegia, bestela esanda, Bizkaian iaz bezala, agertzen den otso
oro hiltzeko.
Bide
okerra deritzot jarrera horri. Bateragarritasuna bilatu behar da
ustiapena, jasangarritasuna eta kontserbazioaren artean. Sarri esaten bezala,
lurra maileguan jaso dugun ondarea da eta urte luzez mantentzeko obligazioa
dugu.
Martxel
Aizpurua
Oharra: Idatzi hau bidali da ENBA Sindikatura,
Enirio-Aralarko Mankomunitatera, Gipuzkoako Foru-Aldundiko Ekonomia Sustapena,
Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Sailera eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen
eta Lurralde Politikarako Kontseilatzara.
ADECAPek, arma- eta
kartutxo-saltzaileek kontrolpean duten elkarteak Araba, Bizkaia eta
Gipuzkoako foru-aldundiei pagausoa kontrapasan ehizatzeko baimena
eman dezaten eta ‘kontrapasa’ hitza erabili beharrean
‘ehizaldiaren luzapena’ terminoa maltzur erabilita oraintsu
eginiko eskaera dela eta, behean sinatzen dugun talde naturazale eta
kontserbazionistok hau helarazi ahi diogu iritzi publikoari:
Sarasketa jaunak berak aitortua dio prentsari terminologia horrela
erabiltzea azpikeria hutsa dela. Iturria:http://www.elnortedecastilla.es/20130814/local/gobierno-proyecta-ampliar-permiso-201308132018.html.
Pasartea: Y eso supondría que en
Euskadi se aplicasen los mismos periodos que en el sur de la
Península. ¿No es eso contradictorio con la resolución judicial
que prohíbe la contrapasa en el País Vasco? Sarasketa sostiene que
no, ya que estaríamos hablando de una prórroga para las torcaces y
no de un periodo específico para contrapasa. Aunque, en esencia,
viene a ser lo mismo.
Hegaztiak kontrapasan ehizatzeko debekua EB osoan indarrean dagoen
debeku orokorra da. Aurreikusita dauden salbuespen-kasu guztietatik
batek ere ez du babesten ADECAPen eta ONCren nahia. Izan ere,
lehenago ere erabilitako argudio berberak erabili dituzte oraingoan,
EHJANen eta Espainiako Auzitegi Gorenaren eta Europako Batasunaren
Luxenburgoko Justizia Auzitegiaren epaiek behin eta berriro
indargabetuagatik ere. Luxenburgoko Auzitegiak emandako epaiak ezin
argiago erabaki zuen ezenel
requisito de que no haya otra solución satisfactoria no concurre si
la medida que autoriza la caza con carácter excepcional (en
contrapasa) está destinada únicamente a prorrogar los períodos de
caza de determinadas especies de aves en territorios ya frecuentados
por éstas durante los períodos de caza ordinarios.
Proposamenak, beraz, dagoeneko aztertuta eta epaituta dagoen kontu
bat dakar berriz; ezinbestean hartu behar da bestek delitua
eginarazteko saiotzat. ADECAPek nahi du norbaitek prebarikatzea,
duela urte batzuk Jose Luis Garai Bizkaiko foru-diputatuak bezala,
zeina delitu hargatik (pagausoak kontrapasan ehizatzen lagatzeagatik
hain zuzen, jakinik legearen kontrakoa zela) epaitu eta zortzi urtez
gaitasungabetu baitzuten
(http://elpais.com/diario/2001/02/19/paisvasco/982615215_850215.html).
Ez da ahaztu behar, halaber, Aznarrek berak
indultatu zuela gerora Garai jauna.
Hori
guztia pagausoaren kontserbazio-egoera eta haren ugaritasuna
gorabehera. Europak bere hegaztiak kontserbatzeko politikaren
oinarrizko elementu bat da horiek ez ehizatzea ez ugaltze-sasoian,
ez, migrarien kasuan, eztai-aurreko migrazioan (kontrapasan) ere.
Gaur egun EAEn pagausoa ehizatzeko zabalik dauden sasoiek agortu
egite dituzte legez baimendu daitezkeenak (eztai-ondoko uda-sasoia,
eztai-ondoko pasea eta negualdia), eta beraz ez dago horiek areago
luzatzerik.
Horregatik guztiagatik,
ADECAPen eta ONCren proposamena salatu nahi dugu behean sinatzen
dugunok, funtsik eta edukirik gabeko ekimen merkea delako, gizartea
oro har eta bereziki ehiztariak manipulatzeko saioa delako
(Sarasketak bururen bat aurkeztu behar die jarraitzaileei), eta batez
ere delitua eragiteko saio ezin agerikoagoa delako. Gaiaren eskumena
duten foru-arduradunei, tekniko zein politiko, dei egiten diegu beren
jarrera erakus dezaten, eta gogorarazten diegu auzia hiru
lurraldeetako ehiza-kontseiluetan aztertu behar dela. Arma- eta
kartutxo-saltzaileen lobbyaren eskaerari men eginez gero delituan eta
errorean tematzea lekarke. Halaber iragartzen dugu sinatzaileok
delitugileen eta delitu eginarazleen aurka ekintza penalak abiaraziko
ditugula.
Argazkian ikusten den bezala bi hondar motaren arteko kolorea oso ezberdina da
Olatuek
gogor kolpatu dute aurtengo neguan Kantauriko itsasertza eta euskal
kostan zehar hainbat izan dira sorturiko kalteak. Zarauzko kasuan,
egitura ezberdinek jasan dituzte kolpe hauek eta hondartzak ere
aldaketa naturalak izan ditu. Kalteak konpontzeko, Espainiako
Gobernuak diru kantitate bat onartu zuen. Horrela, hainbat konponketa
lan egiten hasi ziren Zarautzen ere eta konponketa-lan horien artean,
Jaizkibeldik ekarritako hondarra eskaini zion Espainiako Gobernuak
Zarauzko Udalari. Itsasertza Espainiako Gobernuareneskumena
bada ere, horrelako jarduera bat egin aurretik Udalari egingo
duenaren berri eman behar baitio. Zarauzko kasu zehatzean, Udalaz
gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bazuen hondar mugimendu honen
notizia, Zarauzko itsasertzean Iñurritza babesturiko biotopoa
dugulako.
Arkamurka
Natur Elkarteak, neguan izan genituen olatu hauen nondik norakoak
azaltzeko, martxoan hitzaldi bat antolatu genuen. Aurtengo neguko
olatuen ezohikotasuna aztertu zen, hondartzaren funtzionamendua
hobeto ulertu eta hondartzaren eta dunen egoera zein zen ikusi.
Hitzaldira
Udaleko hainbat ordezkari hurbildu ziren, tartean Ingurumen
Zinegotzia. Bertan, argi ondorioztatu zen Zarauzko hondartza sistema
itxi bat dela, hondarra ez dela galtzen eta aurtengo egoera mugimendu
naturalen ondorio zela. Alegia, Zarauzko hondarzak ez zuela hondar
ale bakar bat ere behar, pazientzia pixkat bakarrik.
Hondarra
behar duen hondartza bat dugun kasuetan eta kanpotik hondarra
ekartzea beste aukerarik ez dagoenean, elkartu nahi ditugun bi hondar
hauek bateragarriak diren aztertu behar da. Bateragarriak diren edo
ez erabakitzeko, hainbat dira kontutan eduki beharreko
hondar-ezaugarriak; gehitu nahi dugun ondar berriaren konposizioa,
forma, tamaina eta kolorea adibidez. Zarauzko hondartza berezia da
duen konposizioagatik, ehuneko zati haundi bat bizidunen oskolez
osaturikoa da, eta honek ez du zerikusirik bota berri duten mineral
zatiz osaturiko hondar aleekin. Forma ere ezberdina dute bi
hondarrek, hondar berriak forma borobilakoa baitu. Tamainari
dagokionez, neurri berdineko hondar aleak badituen arren, hondar ale
handiagoak eta txikiagoak ere asko ikus daitezke. Koloreari buruz
ezer gutxi esateko, diferentzia begi bistakoa da.
Ezaugarri
guzti hauetatik, hondarraren tamaina eta forma oso garrantzitsuak
dira, ezaugarri hauek hondarraren portaera azaltzen dutelako eta
hondartzak hartzen duen forma definitzen. Kalteak neurtzea oraindik
oso zaila bada ere, asko dira inolakopremiarik
gabe arriskuan jarri diren hondartzaren ezaugarriak. Batetik,
hondartzaren malda aldatu daiteke, paseatzeko hain erosoa zen gunea
moldeatuz. Bestetik, hondartzak izango dituen ondar-guneak eta
tontorrak formaz aldatzea ere posible da eta ikusteko dago
hondartzaren hainbat erabileei nola eragingo dien (surfa, furbola eta
gehiago). Gainera, ekarritako hondarraren tamaina txikiko zatiak ura
“zikintzen” du eta hautsa sortzen hondar lehorrean.
Baina
gehien harritzen gaituena erabakiak hartzeko modua da. Egon beharko
luke honetaz guztiaz hitz egiteko, erabakiak hartzeko eta erabaki
hauek herritarrei helarazteko bestelako modurik horrelako gai
garrantzitsuetan. Hondartza natural bati hondar arrotza botatzea
salbuespenen neurri bat da eta 100.000 metro kubiko kantitate
esanguratsua da Zarautz bezelako hondartza batentzat. 100.000 metro
kubikori ezin zaio baietz esan gaiaz informatu gabe, galdetu gabe,
kontrastatutako iritzi teknikorik gabe. Onartezina da. Gai hauetan
adituak diren zentroak ditugu eta Zarautzen Arkamurka Natur Elkartea
ere badago. Arkamurkako kideoi galdetu ere ez digute egin eta
gertatzen ari zenaren berri medioetatik jakin dugu.
Orain,
hondartzaren egoeraren jarraipena egitea ezinbestekoa da eta
horretarako behar-beharrezkoa da ahalik eta informazio gehien
biltzea. Dragak egiterakoan, jarraipen txostenak egitea
derrigorrezkoa da eta Zarautzera ekarri duten hondar horren
ezaugarriak eta kantitateak zehaztasun osoz jakitea garrantzitsua da
adituekin informazio hau kontrastatu eta hondartzan izan dezakeen
eragina aurreikusteko. Udalari baimenak nola eta nork eman dituen
galdetu diogu, baina oraingoz, ez dugu erantzunik jaso. Gauza bat
garbi gera dadila, Zarautzek hondartza bezela zuen identitatea dago
jokoan, beste Zarautz bat da orain.
Laburtuz,
Zarauzko Arkamurka Natur Elkarteak duen jarrera honakoa da:
1.-
Zarauzko hondartzak ez zuen eta ez du hondarrik behar, olatuek
eramandako hondarra olatuek itzuliko dute.
2.-
Ezin da horrelako hondar bolumen kantitatea (100.000 m3)
kanpotik ekarri kontrastatutako iritzi teknikorik gabe, ondo neurtu
behar dira ondorioak.
3.-
Arkamurka Elkartea saiatuko da baimen kontuak nola izan diren
jakiten.
4.-
Orain, hondartzaren bilakaeraren jarraipena egin behar da eta
garrantzitsua da gertatutakoaren informazio bilketa zehatza egitea.
5.-
Olatuek hondarra ekartzeko prozesua bizkortu nahi bazen, Zarauzko
hondarra dagoen tokitik bertatik egin behar zen draga eta ez
Jaizkibeldik ekarri.
6.-
Arkamurka Elkartea ez da honelako hondar mugimendu handiak egitearen
aldekoa, garantia guztiekin eginda ere. Uste dugu pertsonok fenomeno
naturaletara moldatzen hasteko garaia badela.