2016(e)ko urria 26, asteazkena

ARALARREKO ARTZAINTZA

Aralarreko artzaintza, eta artzaintza orokorki, azken aldian eztabaida-gai izaten ari da, itxuraz posizionamendu kontrajarriak azalduz nekazal alorreko eta kontserbazioaren aldeko jendearen artean.

ENBA aldizkarian agertu diren artikulu batzuk motiboa eman didate gauza batzuk esateko eta kontzeptu batzuk zehazteko. Ni Aralarreko artzaintzaren aldekoa izanik ere, ezin ditut esaten diren gauza batzuk besterik gabe ontzat eman artzaintzaren defentsa egiteko badira ere.

1.-Mendiko artzaintza funtsezkoa da larreak mantentzeko.

Ados, artzaintzarik ezean oraingo larreak desagertuko lirateke eta Aralar mendia basorantz abiatuko litzateke, pagadirantz, beti esan ohi den bezala, mendia zikindu egingo litzateke. Altitude hauetako landarediaren joera basorantz jotzekoa da eta giza-jarduerak ekiditzen ez badu basorantz abiatzen da. Joera horri kutsu negatiboa eman beharrik ez legoke.

2.-Balio handidun ondare naturalak dira.

Ados. Milaka urtetako ondare bat dira larre hauek eta argi dago ondare natural bat direla, ez direla ondare arkitektonikoak. Ondare horiek, ordea,  giza-jarduera batek, artzaintzak, sortutako larreak dira. Ondorioz, artzaintzaren desagertzeak berez larre horien desagerpena ekarriko luke edo gune txiki batzuetara murriztea. Larre zabal horiek aukera eman dute hainbat espezie basati (landare zein animalia) bertan bizitzeko. Aralar osoa baso bihurtuz gero, espezie horien atzerakada edo desagerpena ekarriko luke dudarik gabe, baina halere esan behar da sortuko litzatekeen egoera ere (pagadia) ondare natural izaten jarraituko lukeela (Zenbat gauza zoragarri entzun izan ditugun Nafarroako pagadiei buruz).

3.-Artzaintzaren murrizketak galera bat (dakar) dibertsitate floristikoan.

Baieztapen hau egiten dute EHUko ikerlari batzuek egindako ikerketa baten ondorioetan oinarrituz. Begirune eta errespetu osoz aintzat hartzen ditut larre-zati horietan ikerlariek egindako lanak, noski, baina oraingo larreak babesteko asmoetan dabiltzanak kontu handiz ibili beharko lukete argumentuak bereganatzekoan, ez dira argumentu okerrak erabili behar.

Ekologiako oinarrizko legeek diote ekosistema bat egoera klimazikora (Aralarreko kasuan basorantz) hurbildu ahala bere dibertsitatea handituz joaten dela. Ekosistema beteko dibertsitateaz hitz egitean ez dira bakarrik landareak kontutan hartu behar (dibertsitate floristikoa) baizik eta ingurune horretako bizidun guztiak.
Beraz, egokiago litzateke “galera” hitzaren ordez “aldaketa” erabiltzea, kutsu negatiboa kenduz.


4.-Aralar parke naturala da

Artzaintzaren aldeko defentsa sutsuak entzuten ditugu nonahi, gure ondare kultural, gastronomiko, historiko eta gure pasaia eta ingurunea babesten duen jarduera balitza moduan. Artzainen bizibidea ere aipatzen da, noski, bidezkoa denez. Ahazten da askotan, ordea, Aralarren kasuan, beste larretoki asko bezala, parke natural baten aurrean gaudela eta horrek ikuspegi berezia ematen diola gaiari.

Parke Natural baten filosofia nagusia eremu horren kontserbazioa eta naturalizazioa da. Beraz, eremu horretan egiten den giza-jarduera orok filosofia horretara makurtu beharko luke, artzaintza bera ere bai, noski. Gogoratu behar da Europatik urtero datozen dirutzak kontserbazioaren izenean datozela eta ez artzainen proiektu ekonomikorako. Beraz, kontserbazioaren mentalitatea asimilatu beharko dute beti artzainek eta laguntzak horiek kudeatzen dituzten erakundeek.

Artzaintzak kalteak ere ekarri dizkio mendiari, adibidez, deforestazioa (gehiegizkoa askotan) eta higadura hainbat lekutan. Gaur egun ingurumen horren kontserbazioaren aldeko ekintzak gauzatzean artzainek gogotsu onartu beharko dituzte hainbat muga eta arau eta jadanik hainbat onartzen dituzte . Parke natural horretan dena ez da libre artzaintzaren alde. Adibide nabarmena  ahuntzena da, nire iritziz, erabat debekaturik egon beharko bailuke ahuntzak libre edukitzea.

Gogotsu diot, kontserbazioa eta artzaintza (edo edozein nekazal jarduera) kontrajartzeko gogo handiegia sumatzen dudalako sarritan. Adibidez, ENBAkoek udazkenean sortuko den Jaurlaritzari aldez aurretik espreski eskatu diote:“ingurumen zaintzak nekazal jarduera arriskuan edo kinkan jar ez dezan”. Itxuraz ematen du Euskal Herriko nekazaritzaren gainbehera  ingurumen-zaintzak sortu duela.

Kontserbazioa eta artzaintzaren arteko bateraezintasuna aldarrikatzen dabiltzanei aurreratu nahi nieke parke natural batean bietako bat aukeratu beharko balitz, kontserbazioa aukeratu beharrean izango litzatekeela gure gizartea eta, horregatik, bien arteko konponbide eta bizikidetzaren aldeko ahalegina dela nagusitu beharko den apustua.

Sindikatu berak eskatzen dio Jaurlaritza berriari: “ingurumen  politikan nekazal jarduera txertatzeko”. Nik eskatuko nuke kontserbazio edo zaintzaren irizpidea nekazal jarduera guztietan txertatzea, jasangarritasuna eta iraunkortasuna bermatze aldera. Baina, hau esanik ere, eremu babestuen kasuan (parke naturalak, KBE (ZEC), biotopo, eta abar) kontserbazioaren menpe daude beste giza-jarduera guztiak, nekazaritza barne. Eremu babestuetan kontserbazioarekin bateragarriak diren jarduerak bakarrik baimendu behar dira, tradizio handikoak izan edo sortu-berriak.

Artzaintzan aldaketa handiak  ikusi ditugu gure gazte garaitik hona, adibidez, artzaina bere artaldearekin batera bizi zen garaitik, egunero herrira etortzen den gaurko egoerara. Horretarako hainbat erraztasun jarri zaizkie artzainei, sarritan gehiegizko pista-sarea sortuz edo pista horien erabilera okerrak ugalduz. (Orain ere bada hautsak harrotu dituen beste pista zabal bat egiteko proiektua). Artzainen txabolak ere hobetu dira, beharra bazutenez, baina tertziarizazio-arriskua ere azaldu da. Gaztagintza jada ez da mendian egiten, gehiena instalazio egokietan egiten da beheko bailaretan. Hori dena ondo iruditzen zait behar den bijilantzia egiten bada eta abusuak ekiditzen badira.

Aralarreko larreak, hango artaldeak eta hango paisaiak estimatu eta irautearen alde gauden beraiek ikusten ditugu nola kontserbazio eta naturalizazioaren aldeko ekintzak begi txarrez ikusten dituzten. Planteamendu okerra dutela uste dut, bi ikuspegiak bat egitetik letorke etorkizuna.


Noski, badira gai polemikoak eta hitz eginez konpondu beharko direnak, baina kontserbazioaren aldeko proposamenei ezin zaie printzipioz ezezko biribil batekin erantzun parke natural batean, Aralarreko kasuan bezala. Gai polemiko batzuk aipatzekotan: putreak, ahuntzak, pistak, otsoa, ...

Otsoa aipatu dut ENBAk  gai hori ere aipatu diolako etorkizuneko Jaurlaritzari. Euskaldunok nahi edo ez, otsoa badator gure lurraldeetara, baita Aralarrera ere.  Ailegatzen denean, parke natural bat denez,  ardiak eta otsoa elkarrekin bizitzeko neurriak hartu beharko dituzte artzainek, oraingo ohitura asko aldatuz, adibidez, berriro artzaina eta ardiak elkarrekin bizi beharra mendian, edo artaldeak gauean bildu eta zaindu beharra. Horrek, beste gauza batzuekin batera, kostu berriak sortuko ditu, laguntzak ere handitu beharko litzaizkieke inguru horietako artzainei eta herritarrak ere prest egon beharko dugu gastu horiek asumitzeko, gure zergetan edo hango artzainek sortutako gazta erosterakoan. Administrazioak ez dakit ezer egiten ari den gai honen inguruan, baina sindikatuek ez daude lo, diote hitzez hitz: “otsoa arriskuan dauden espezien zerrendan ez sartzeko konpromezua” eskatu diote aurrez  datorren irailean aukeratuko den Jaurlaritzari, alegia, bestela esanda, Bizkaian iaz bezala, agertzen den otso oro hiltzeko.

Bide okerra deritzot jarrera horri. Bateragarritasuna bilatu behar da ustiapena, jasangarritasuna eta kontserbazioaren artean. Sarri esaten bezala, lurra maileguan jaso dugun ondarea da eta urte luzez mantentzeko obligazioa dugu.

Martxel Aizpurua



Oharra: Idatzi hau bidali da ENBA Sindikatura, Enirio-Aralarko Mankomunitatera, Gipuzkoako Foru-Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Sailera eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikarako Kontseilatzara.



6 iruzkin:

  1. Zorionak Martxel! Aspaldian irakurri dudan idatzirik zentzuzko eta jakintsuena, agur bat.

    ErantzunEzabatu
  2. zorionak!
    oso egokia eta hausnarketarako bidea. argumentuak eta azalpenak emanez, beraiek hortan motz!

    ErantzunEzabatu
  3. ZORIONAK!!HITZEZ HITZ ADOS.
    Zure baimenarekin esteka partekatu nahi nuke nire facebookean jendea irakurtzera gonbidatuz.
    Besterik gabe, agur bat!

    ErantzunEzabatu
  4. Ahuntzik ez, eta orkatzak bai?????
    Otsoa bai, eta listor asiatikoa?????

    ErantzunEzabatu
  5. Iñuxente galanta hau idatziona! Ikustenda ze jakinduri dauken.... enfin

    ErantzunEzabatu
  6. Parke Natural batean behar edo ahal diran ganadu kopuruak Aralarren 2.5 aldiz handiagoak dira.
    100% artzantzaretik bizi direnak gutxienak dira, geiengoa ganadu zale afizionatuak dira, beste lanbide bat dutenak bere bizimodua ateratzeko. Oso erraza da hau kontrolatzea, beraien lanbide eta zergak jakin araziz. Ni ere ganadu zale afizionatu eta profesionala izanik, Martxelen herri berekoa, dexente ondo ezagutzen ditut Aralarko ganadu zaleak. Abeltzainen arazoak ugari dira, intensiboaren kutxadura latzak (miloika litro pixak, fitosanitarioak,...) edo extensiboa lur nahiko ez daukagunean edo ta pinuz eta prozesionariaz jositako mendiak,.., merkatuaren gertutasun eta urruntasunak, inportazioak eta konpetentzia, eta abar; Aralarren pixtak eginez irtenbiderik ematen ez dituztenak.
    Aranzadik baditu ikerketak erakusten dutenak nola orain 50 urte baso ziren lurraldeak gaur egun harri huts direla. Desertifikazio edo basamortutzea ez da Saharan bakarrik gertatzen. Zuhaitzak ez baditugu, neurririk gabeko ganadu kopurua, beraien ankekin arrotutako lurra euriteak darama.
    Dehesetan, ganadu, belardi eta zuhaitzak oso ondo elkarbizi dezakete.
    Inondik inora Aralarko parke naturala ez da inguruko herrien jabetza, denok, mundu guziak pairatzen ditugu bere ondasun eta kalteak, denok ordaintzen ditugun zergekin egiten dira Aralarko "lanak".
    Natura 2000, legeak, datu zehatzak eta Natur Parkeen zereginak argi ta garbi izan behar ditugu planteamendu edo antolamendu ekonomizistak gainditzeko. Beraien aldarri handiena artzaien beharrean asentatzen da eta argi daukat honetako ere ez duela balio pixtak egitea edo ta Aralar izatea beraien irtenbidea. Polita, bukolikoa, tradizionala,... ez datoz ia inoiz bat naturaren legearekin.

    ErantzunEzabatu

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.