2015(e)ko maiatza 6, asteazkena

BIOANIZTASUNAREN KONTSEILUA GIPUZKOAN, AZKENEAN

Legealdiaren bukaeran, ia garaiz kanpo, baina agindutakoa bete du Gipuzkoako Foru Aldundiko 
Mendiak eta Natura Ingurunea saileko zuzendaritzak: arlo horretan adituak direnekin, eta
administrazioetako zein gizarte eragileen parte-hartze zabalarekin mahai teknikoa osatzea
(apirilaren 14an Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluan). 
Legealdia hasi bezain pronto Gipuzkoako Natur Taldeek egindako eskaera izan da hau. Legealdi
honetan onartu den ekimenik garrantzitsuena da gure ustez Landa Garapeneko azpisailari
dagokionean, eta kargua hartu eta berehala agindu zuten aldaketaren bidean eman den
aurrerapausorik handiena, ezbairik gabe.  
Izan ere, gure ustez, orain gutxi arte Gipuzkoako Aldundiak zenbait lobbyren (egurzaleak,
ehiztariak, kudeaketaren “aditu” diren enpresa zenbait …) mesedean egituratu dituen
erabakiak hartzeko, parte-hartzean eta gardentasunean oinarrituko den aholkularitza-organoa
(Bioaniztasunaren Kontseilua) sortu da. Mahai tekniko hau osatzea ezinbestekoa da, beraz, 
sail horren kudeaketa arduratsua eta eraginkorra egiteko.
Zuzendaritza horretatik Mendien Araua aldatzeko egindako ahaleginak erakutsi bezala, ondare
publikotik irabazi pribatuak lortzea lehenesten diren politikak bultzatu dira gaurdaino, eta
horretan onuradun izan diren enpresek eta partikularrek gogor egi(te)n diote politika horiek
aldatzeko edozein ekimeni. Egurzaleen lobbya izan da eragilerik ikuskorrena borroka horretan,
baina ez da ulergarriagoa EHNE-Gipuzkoa eta ENBA nekazal sindikatuen jarrera. Lehen
sektorea gure herrian nola dagoen ikusita, politika horien aldaketak eskatzen ditugunon artean
aliatuak bilatzeko ahalegina egin beharko luketelakoan gaude, sektorearen etengabeko
gainbehera erakusten duen status quo honen defentsa egiteari utzita. 
Natur kontserbazionistak gara, ondare naturalaren kontserbazioa, eta ahal dela
berreskurapena da gure helburua. Baina, badakigu hori ezinezkoa dela landa eremuan bizi eta
lan egiten dutenen lankidetzarik gabe. Pentsamendu horri erantzuteko sortu zen Europan
Natura 2000 sarea 1992ko maiatzaren 21ean ezarritako 92/43/EEE zuzentarauaren agindura.
Habitat Naturalen eta Fauna eta Flora Basatiaren Kontserbazioa izena eman zitzaion 
zuzentarau honen xedea da Europan mehatxatuenak dauden habitat eta espezieen
biziraupena bermatzea epe luzera begira, gizakiak eragindako bioaniztasunaren galera gelditu
eta ekiditeko. Zuzentarauan argitzen du, bestalde, xede hori garapen jasangarriaren bidetik
baino ezin dela gauzatu.  
Europar Batasunak natura babesteko garatu duen erremintarik eraginkorrena da Natura 2000
sarea. Tokian tokian behar bezala garatzeko ezinbestekoa da ingurune naturalean eta fauna
eta flora basatian adituak direnen iritziak eta ezagutzak kontuan hartzea ez ezik, landa
eremuaren kudeaketan txertatzea. Horretarako sortu da Bioaniztasunaren kontseilua, mahai
tekniko horrek izan behar duelako Gipuzkoako bioaniztasunaren kontserbazioaren
kudeaketaren ardatza.  
Denon ardura da jaso dugun natur ondorea zaintzea; gurea ez ezik, datozen belaunaldien
bizimodua kaltetu gabe. Ondorioz, kontseilu hau eraginkorra egiten laguntzea eskatzen diegu
datozen egunetan kanpainan sartuko diren ALDERDI POLITIKO GUZTIEI, naturaren eta
ingurunearen defentsan hartuko dituzten konpromisoen zerrendan sartuz.   



Gipuzkoan, 2015eko apirilaren 29an



Sinatuta: 

Itsas Enara OE 
Arkamurka Zarauzko NT
Eguzki 
Mutrikuko NT
Herrio Orioko NT 
Ugatza OE
Ekologistak Martxan 
Zumaiako NT
Erkaxo Azpeitiko NT 
Katamarrua Zestoako NT
Landarlan Goierriko NT 
Ondarroa 12 milia
aritzalde Naturzaleen Elkartea 
Okil Beltzak Elgoibarko NT
Osina Natur Taldea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.