2015(e)ko martxoa 10, asteartea

Zarauzko saguzarren inbentarioa

Pipistrellus kuhlii - Kuhl's Pipistrelle
Zrautzen ugarienetakoa den saguzarretako bat Pipistrellus kuhlii da. Simon Rerucharen argazkia

Zarauzko Udalak eskatuta, Ostaizka Aizpurua eta Antton Alberdi ikerlariek Zarauzko saguzarren dibertsitatea jasotzen duen ibentarioa egin dute. Ikerlan honek Zarauzko Udalerrian gutxienez bederatzi saguzar espezie daudela adierazten du.Ikerketa-lan honen helburua Zarauzko herriguneko eta inguruetako saguzarren dibertsitatea ezagutzea izan da.  Zarautz udalerriko saguzarrak topatu eta espezieak identifikatzeko, ultrasoinu-grabagailu bidezko laginketak egin zituzten 2014ko abuztuan eta irailean udalerriko lau eremutan (Herrigunea, Santa Barbara-Mutxio, Abendaño eta Iñurritza-Talaimendi).
Orokorrean, detektatutako espezie kopurua altua dela esan daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoan ezagutzen diren 26 espezietik 9 topatu baitira Zarauzko herrigunean eta inguruko eremuetan (% 35). Honako espezie hauek topatu dituzte: Eptesicus serotinus, Myotis sp., Nyctalus leisleri, Pipistrellus kuhlii, Pipistrellus pipistrellus, Plecotus auritus, Plecotus austriacus, Rhinolophus ferrumequinum eta Rhinolophus hipposideros. Saguzar horiek guztiak daude Euskal Autonomia Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Katalogoan eta ondorioz legez babestuak daude.
Lan honen helburua da, udalerriko biodibertsitatearen gaineko ezagutzea handitzea eta herritarrek inguruan dituzten saguzarrak ezagutzea, intsektuen kontrolean berebiziko garrantzia duten animalia hauek ezagutzea ezinbestekoa baita animalion eta gizakion arteko bizikidetza bermatzeko.Zarauzko herrigunean lau espezie detektatu dituzte: Pipistrellus kuhlii, Pipistrellus pipistrellus, Eptesicus serotinus, eta Nyctalus leisleri. Hala ere, espezie horien artean bi Pipistellus espezieak dira arruntenak; herriguneko kale-argi, parke eta erreketan oso ohikoak dira. Gainerako saguzarrak herrigunearen inguruko eremuetan aurkitu dituzte. Lagindutako eremu guztietatik bereziki bi inguruneren garrantzi handia nabarmendu behar da: Talaimendiko zelai eta sastrakadiak, eta Santa Barbara-Mutxioko landa-ingurunea. Eremu horietan topatu zen saguzarren dibertsitate handiena, bakoitzean zortzi espezie, hain zuzen ere. Bestalde, identifikatu diren saguzar guztiak giza eraikinetan gorde daitezkeenez, litekeena da babeserako herriguneko eta landa-inguruneko eraikuntzak erabiltzea horietako askok.
Helburu horrekin, herriko ikastetxe guztiei gaiari buruzko hitzaldiak egiteko aukera luzatu die Zarauzko Udalak. Inguratzen gaituen natura ezagutzeak eta gure saguzarrak ezagutzeak lagunduko baitigu horiek babesten, kontserbatzen eta, nola ez, gozatzen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.