2014(e)ko martxoaren 8(a), larunbata

EKOLOGISTAK

Hiru dira artikulu hau idaztera bultzatu nauten arrazoiak, gure gizartean ekologista bezala agertzea gutxietsita dagoela iritzita.
Aurreko astean EITB Sat kanalean Iberdrola enpresak Euskal Herriko kostalderako diseinatu zuen plan energetikoari buruzko programa ikusi nuen. Kontua zaharra da, Lemoizen zentral nuklearra eraiki bazen ere, gizarteak martxan jartzea eragotzi zuen, eta zorionez, Ea-Ispaster eta Itziarrerako pentsatutako zentralak ez zituzten eraiki.

 Garai hartan Xabier Arzallus-ek esandako hitzak gaurdaino iritsi dira: ” si se cierra Lemoiz, comeremos berzas y nos alumbraremos con velas”. Fukushimako hondamendia, eta negu honetan euskal kostaldean bizitako enbatak ikusi eta gero, ez dakit gizon haren (eta bere pentsamenduarekin bat egiten dutenen) burutik zer pasa den, ezer pasa bada. Kontuak kontu, ekologisten garaipenaren ikur den borroka hura hartu nahi dut hizpide. Zenbaiti entzun izan diot Euskal Herriko mugimendu ekologistak lortu duen garaipen bakarra izan dela hura. Ondoren etorri diren borroka guztietan, eta asko izan dira, azpi-egitura handiak/erraldoiak (abiadura handiko errepideak, AHTerrepideak, kirol-portuak, …), enegia- eta industria-plan suntsitzaile eta antidemokratikoak, garapen jasangarriaren kontrako hirigintza eta lurzoruaren erabilera arautzeko legeak, tokian tokiko garapenaren kontrako araudi eta planteamenduak (azalera handiko supermerkatuak, kontsumoaren, energiaren eta hondakinen kudeaketa-plan intentsiboak …), ekologistak galtzaileak izan garenaren sentsazioa oso hedatuta dago. Nire tristurarako, herri honetako borroka ekologista bakarra armekin irabazi dela entzutera iritsi naiz, odola isurita. Uste dut horrek guztiak herri honetako mugimendu ekologistarekiko ikuspegian eragina izan duela, borroka hori ezkortasunetik eta erresistentziatik ikusi araziz.
Eguzkiola. Larreak, pinudiak eta iratzeak

Bigarren arrazoia Gizpuzkoako EHNE, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak eman dit. Aurreko hilabetean bere bazkideei bidalitako gutun batean hauxe diote hitzez hitz: … “ Foru Aldundiak (Gipuzkoakoak) sortu duen baso kontseiluan baserritarren defentsa irmoa burutu beharrean izaten gara, “terrateniente” edota “natur suntsitzaile” garela dioten posizioak gogorrak bezain erasokorrak baitira, batez ere basoa lantzen ez dutenen aldetik (azken horrek kontraesana badirudi ere)”. Baso kontseilu horretan natur talde eta talde ekologistak ordezkatzen ditugunotaz ari dira. Gaur egun zaila da EHNEk zer eta zein ordezkatzen duen jakitea, baina, Gipuzkoako EHNEko arduradunek sinatu dute gutuna, eta haien ikuspegia islatzen duenik ezin ukatu. Baserritar guztiak ez dira baso jabeak, baso-jabe handietatik oso gutxi diren bezala baserritarrak. Hori da lehendabizi argitu behar den aspektua, eta ikuspegi horretatik, ez baserritarrak, baizik baso-jabeak dira “terrateniente” izaera hartzen dutenak. EHNEk oso ondo daki pinudi pribatuen azalera handienaren jabea Kutxa dela, beraz, ez du balio demagogia merke hori egiteak, ez baita inorentzat mesedegarri. Bestalde, Gipuzkoako landa eremu osoko basoak (publiko zein pribatuak), diru publikoaren kudeatzen dira, eta ez dira gaueko ahuntzaren eztula basozaleen elkartetik (GEBE) batzuek eta besteek jasotzen dituzten diru-laguntzak. Hurrengo adiera “natur suntsitzaile” horri dagokio. Ez dugu disimulatzen Gipuzkoako basoen kudeaketak eragiten digun samina. Pinu sailen kudeaketa intentsiboak lurzoruaren etengabeko galera eta pobretzea eragiteaz gain, bioaniztasuna kaltetzen du. Baserritarrak, eta baso zaleak, natura ustiatzetik bizi dira. Baina hori ez da gure kezka, ustiapen-eredua da salatzen duguna. Baserritarrak eta baso-zaleak arrantzaleak bezain beharrezkoak ditugu. Euren lanak baldintzatuko du hainbatek norabide bezala ulertzen dugun elikadura subirautzaren planteamendua. Inork argi izatekotan, ekologistok daukagu argi tokian tokiko garapena sustatu behar dela. Garapen sostengarriaren ikuspegiaren baitan, natur kontserbazioa eta natur balioen ustiapena gizartearen beharren arabera orekatu beharreko jarduerak direla dioten diskurtsoak oso hedatuak daude politikarien ahotan, baina kopla hutsa dira euren jardunari begira, eta horregatik agertzen gara plaza publikora ozen. Bestelako planteamendu eta bideetatik, hondamendira doa lehen sektorea, eta prisma honetatik begiratu beharko gintuzkete nekazarien ordezkariek. Kontrakoa uste badute ere, gu gara euren aliaturik onenak.
Hirugarren eta azken arrazoia gure artean aurkitu dut. Azken legealdi honetan Gipuzkoako 16 natur talde eta talde ekologistak elkarrekin koordinatu gara  Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzaren politika norabidez aldatzeko ahaleginean. Testuinguru horretan, eta adostu ditugun hainbat idatzitan, ekologista eta natur kontserbazionista bezala aurkeztu dugu gure burua. Baina, gure artean, bada izendapen horiek ez direla lagungarri pentsatzen duenik. Horien ordez naturzale eta naturaren babeserako ekintzaile bezala aurkeztu beharko genukeela pentsatzen dute, eta ezin ukatu atentzioa ematen didanik ikuspegi honek.
Naturazaleak, naturaren babeserako ekintzaileak, ekologistak eta kontserbazionistak. Hori guztia gara, eta ematen dugun itxura ematen dugula ere, bakarra da gure helburua: publikoa den ondare naturala kontserbatzea, alegia, balio naturalak zentzuz eta modu jasangarrian ustiatzeko aldarrikapena egitea; beti ere, bioaniztasunaren kontserbazioa helburu izanda. Hori guztia gure herriko garapen sozio-ekonomikoak baldintzatuko du, eta horregatik ari gara garapen sostengarriaren baitan gizarteari, eta haren ordezkari beharko luketen politikariei, horren aldeko konpromisoa eskatzen: Diskurtso hutsalak alboratu, eta  behingoz lanean jar daitezen etorkizunera begira. Oraingoan, beste behin, itsasoa izan baita erakutsi diguna ekologismoa ez dela aukera, baldintza baizik, hainbeste aipatzen duten garapen sostengarri horren paradigman.

Aitziber Sarobe 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.