2019(e)ko martxoaren 27(a), asteazkena

ZARAUZKO XXI ASTRONOMIA ASTEA





Martxoak 29 ostirala
Planetei argazkiak ateratzea
Goizeko 4:00tatik 7:00 Talai-mendiko ur depositora(ikus argazkia)joango gara. Artizarra, Jupiter, Saturno, Merkurio, Urano planetak eta Pluton planeta nanoa ikusgai egongo dira. Teleskopio bidez argazkiak aterako dizkiegu. Informazio gehiagorako 608 697022 telefonora deitu.
Alfredo Sayalero eta
Arkamurka Natur Elkarteko kideak


Apirilak 2, asteartea
Lurra 2.0-ren bilaketa
Azken hamarkadan beste eguzki sistemetan dauden planeten aurkikuntzak ugaritu dira.
Gure lurraren parekoa den planetaren bat laister aurkituko al dugu?
Iñigo Elorza
Arkamurka Natur Elkarteko kidea


Apirilak 3, asteazkena
Goazen Martera!
Marte da, Lurraren ostean, gehien ezagutzen dugun planeta. Misio asko bidali dira planeta gorrira, orbitatzaileak zein azalean dabiltzan ibilgailuak. Baina gizakia oraindik ez da bertara iritsi. Zergatik? Iritsiko al da? Noiz?
Itziar Garate
Zientzia Planetarioen Taldeko kidea eta EHUko irakaslea



Apirilak 4, osteguna
Leihoa Unibertsora
Zerura begiratzen dugunean gure planetatik kanpoan dagoena ikusten dugu. Nola interpretatu han ikusten duguna?
Konstelazioak zer diren, nola erabili eta bertan ikusi daitekenaz hitzegingo dugu publiko guztiei zuzendutako hitzaldi honetan.
Virginia Garcia
Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea



Apirilak 5, ostirala
Planetei egindako argazkiak ikustea
Aurreko ostiralean Talai-mendiko ur depositotik planetei egindako argazkiak ikusi eta komentatu egingo ditugu. Nola egin diren eta nola hobetu azalduz.
Alfredo Sayalero eta
Arkamurka Natur Elkarteko kideak

Ondorengo ekitaldi hauek bertan behera geratzen dira eguraldi txarra dela eta


Apirilak 6, larunbata
Eguzki behaketa
12:00tatik 14:00tara Munoan izango gara eguzkia behatu eta haren inguruko azalpenak emateko.


Gau behaketa
21:00tan Salberdinera hurbilduko gara zerua aztertu asmoz. Ekarri zeure teleskopioa ere eta erabiltzen irakatsiko dizugu.

Ilatargi Astronomia Taldea
eta Arkamurka Natur Elkartea



Astronomi aste guztian zehar
Aranzadi Astronomía Taldeko “Unibertsora Begira” erakusketa ikusgai izango dela Pagoeta Mendi Elkarteko lokalean (Santa Marina 2, 1.)19:00tatik 21:00etara






2019(e)ko martxoaren 22(a), ostirala

ZARAUZKO ARKAMURNA NATURA-ELKARTEAK 50 URTE; NATUR DOKUMENTALDIAK, ONDOREN FORUM- SAIOAK IZANGO DIRA


Zarauzko Arkamurka natura-elkarteak 50 urte beteko ditu aurten. Urteurrena, gainera, bikoitza da, 40. Natur Astea baita aurten antolatuko duguna. Urte seinalatua da, beraz, aurtengoa, gure elkartearentzat, zenbaki borobiletara iritsi gara.

Naturaren ezagutza eta natur kontserbazioa helburu dituen taldea izanik, hainbeste urtetan irautea eta oraindik elkarrekin gure zereginean jarraitzeko gogoa izatea ospatzekoa da. Horixe dugu helburu, eta horretarako egitarau berezia prestatu dugu aurten.

Lehen aldiz hainbeste urtetan, gure ingurune naturala ezagutarazteko naturari buruzko dokumental sorta eskainiko dugu otsailetik iraila bitartean (udako hilabeteak salbu). Hilaren azken asteartean eskainiko dira, 20:00etan, ireki berria den Modelo aretoan. Doako sarrerarekin eta herritar guztientzat.

Natur dokumental hauen ostean FORUMA izango dugu. Dokumentalen egileak, edota dokumentalak lantzen duen gaiaren inguruko adituak gonbidatuko ditugu natur kontserbazioaren inguruko eztabaidak sustatzeko entzuleen artean. Naturaz gozatu eta egun natur kontserbazioak dituen erronkez aritu nahi dugu, plaza zabalean, adituen eta herritarren arteko parte-hartzearekin. Hain eremu zabala izanda natur kontserbazioa, hainbat aspektu landu nahi izan ditugu: gure lurraldearen izaera naturala (geologikoa eta biologikoa), bertan berezkoa den bioaniztasuna, nekazaritza edo abeltzantzaren eta natur kontserbazioaren arteko gatazkak, klima aldaketa ….

Lehen dokumentala, “ARALAR, mundua leku den lurra” otsailean eskaini zen eta izan zuen arrakasta ikusteak ilusioz bete gaitu. Datorren asteartean “Kantaurialdea” dokumentala eskainiko dugu eta ondoren gure lurraldean berezkoa den, baina nekez mantentzen ari garen  bioaniztasunaz hitz egiteko aukera izango dugu. Apiriliean “Barbacana” dokumentala eskainiko dugu eta ondoren giza jardueren ondorioz natur kontserbazioak gurean dituen mugak aztertuko ditugu. Natur ondarearen eta bioaniztasunaren mugak zeintzuk diren zehaztu eta horiez hausnartuko dugu. Maiatzean, aldiz, uda aurreko azken dokumentala ikusteko aukera izango dugu: “Lurraren bidean: Euskal Herriko Arroketan idatzitako historia”. Uda ondoren, irailean, aldaketa klimatikoaren gaiari helduko diogu “Chasing ice” dokumentalaren bidez. Aurtengo 40. Natur Astean gai hau landuko dugu eta dokumentalarekin emango diogu hasiera.

Natur dokumentaldia ekimen berezia izango da aurten, baina urteroko egitarauarekin ere jarraituko dugu. Horrela, datorren astean hasi eta apirilak 2,3 eta 4 bitartean XXI. Astronomia Astea ospatuko dugu. Urriaren azken astean, berriz, 40. Natur Astea. Eta bitartean, hainbat irteera eta hitzaldi aurreikusten ditugu.

Aurtengo urtea oparoa izatea espero dugu eta herritar guztiok gonbidatzen zaituztegu gure ekitaldietan parte hartzera, gurekin batera natura ezagutu eta naturaz gozatzeko. Gustu handiz gonbidatzen zaituztegu.


Otsailak 26
asteartea
ARALAR, mundua leku den lurra
Sinopsia
Aralarko ondare natural eta kulturalaren leiho izateaz haratago, hausnarketa eta gogoetarako bide ematen duen pelikula da. Adituen adierazpenek eta mundu oniriko bateko pasarteek, Nafarroa eta Gipuzkoaren mugan dagoen mendilerro honen balioa ezagutzera ematearekin batera, kontserbaziorako deia egiten dute.
Martxoak 26
asteartea
KANTAURIALDEA: hartz arrearen dominioak
Sinopsia
Iberiar penintsulako ipar aldean 400 Km baino luzeagoa den mendilerroa dago altxatzen da, Kantauri itsasoaren aurrean jarritako hezi handi baten gisara. Beste aldea, Kantauriar mendilerroa zintzur eta basoz osatzen da. Itsasoaren eraginez, eta eurite ugariei esker, basoko landaretza oparo garatu eta zabaldu da, eta horren ondorioz antzinako garaietatik bertan bizi diren animalia eta bestelako bizidunak ikusteko leku paregabea da. Baina, batez ere, ipar isurialdeko bizidun harrigarrienen lurraldea da: kantauriar mendietako hartz arrearen bizitokia da.
Maiatzak 2
osteguna
BARBACANA: la huella del lobo
Sinopsia
Natur dokumental honek abeltzain eta otsoen arteko gatazka aztertzen du. Filmak Sierra Morenatik Kantauri Mendilerroraino garamatza, non otso talde baten eguneroko erakusten zaigun egunez egun egindako jarraipenari esker. Gaztela-Leon eta Andaluzian babestutako natur gune ezberdinetan grabatu zen dokumentala; zehazki, Babia eta Luna, Picos de Europa, Fuentes Carrionas eta Fuente Cobre Palentziako Mendietan, Sierra Norte de Sevilla eta Sierra de Cardeña natur parkeetan.
Maiatzak 28
asteartea
LURRAREN BIDEAN: Euskal Herriko arroketan idatzitako historia
Sinopsia
Arrokak. Badirudi betidanik egon direla hemen eta betirako egongo direla, aldaezin. Euskal Herriko bazterrek hamaika forma ezberdin izan dituzte milioika urteetan zehar eta haitz hauek etengabe bertan errotu dira ….
Paisaia eta klima aldaketa hauen frogak arroketan daude idatziak, eta geologoen begiak erabiliz historia zoragarriak kontatzen dituzte. Aiako Harriatik abiatuz gure herriaren historia geologikoaren altxorrak deskubrituko ditugu.
Irailak 24
asteartea
CHASING ICE (TRAS LA HUELLA DEL HIELO)
Sinopsia
National Geographic aldizkariko James Balog argazkilariak hainbat urteetan zehar egindako argazkien bidez Groenlandia, Islandia eta Alaskako glaziarren atzerakada, alegia, urtzea erakutsi zuen dokumental honetan; modu horretan, Lurraren beroketa globalaren inguruan egon den eztabaida argitzeko ebidentzia argiak emanaz.


2019(e)ko martxoaren 7(a), osteguna

ZARAUZKO ASTI URBANIZATZEN KIROLAREN IZENEAN


Prentsaren bidez gaur jakin dugu, Zarauzko alkate Xabier Txurrukaren deklarazioak aipatuz, Asti aldeko kirolgunean atletismoko pista berria, beste futbol zelai bat eta padel-pista estalia egiteko proiektua darabiltela esku artean, 25.000 metro koadro gehiago handituz kirolgunea.
Hauteskunde-giroa, alde batetik, eta, bestetik, alkate arkitektoaren izaeragatik, obrak eta obrak hedatzen ari dira herrian eta etorkizunerako proiektuak ere bai. Adibide bezala, azken astean Eguzki-Izarren egin nahi den etxegintzaren aurka agertu da Arkamurka. Hauteskunde-kanpainan ere hori da salduko dena, alegia, agindutako obra guztiak martxan daude eta hurrengo legealdian beste obra hauek egingo ditugu.
Astiko kirolguneari buruzko alkatearen proiektua Arkamurka Natura-Elkateak gaur prentsaren bidez jakin du. Arkamurka Elkarteak urteak daramatza Astiko kirolgunearen inguruko ideiak eta irizpideak ematen bai herritarrei, bai Udala berari ere. Beraz, lotsagarria iruditzen zaigu Xabier Txurruka alkateak bere proiektuari buruz orain arte hitzik ez esatea Arkamurkari.
Ondotxo daki Arkamurka elkarteak Udalak ez duela zertan eginik Arkamurkak pentsatzen duena, baina gizalegea dela iruditzen zaigu herrian eremu horretaz hainbeste arduratu den elkarteari gutxienez aurrez bere asmoen berri ematea.
Bestalde, Arkamurka Elkarteak hainbat aldiz adierazi du bere iritziz orain kirolgunea ez den gainerako eremua nekazaritzarako izendatu eta gorde beharko litzatekeela. Eremu hori nekazaritzarako erreserbatuz, bi gauza lortzen dira, batetik, nekazaritzako lur bat izendatzea herrirako nekazari-gaiak sortzeko. Lur horien kudeaketan udalak parte hartu beharko luke, hain zaila den nekazaritzako belaunaldien txandaketa gerta dadin herrian.
Bestetik, autopistatik iparraldera dagoen Astiko beste eremua Udalak, Iñurritzako biotopoa bezala, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu nahi du, gure pozerako. Arkamurka Elkarteak, ordea, autopistaren bi aldeak ekologikoki erabat loturik ikusten ditu, Kirolgunearen inguruko zelaiak neguko hegazti askoren pausaleku baitira eta soro tarteetako erretenak ur-landare eta anfibio-mota askoren bizitoki. Bailara osoa da kontserbazio-araupean jarri behar dena.
Arkamurka Elkarteak ez du ondo ikusten eremu hori, gaur “erreserba” kalifikazioa duena, apurka-apurka urbanizatuz okupatzen joatea, bailara osoko planteamendua egin gabe.

Arkamurka, Zarauzko Natura-Elkartea

2019(e)ko otsailaren 28(a), osteguna

IÑURRITZAKO BIOTOPOA ZABALTZEKO AUKERA ZARAUTZEN



Zarauzko Udalak Iñurritza eta Iritaren artean dagoen Eguzki-Izarra eremua (lehen Zarautz-Garden, Zubiondo jatetxearen parean) eraikitzeko proiektua abiarazi du: hiru etxe (behea + 5 solairu) eta hotela (behea + 6 solairu) eraikitzeko asmoari bide eman dio, eta horrek Arkamurka elkartean asaldura eragin du.   
Badira 30 urte Arkamurka Natura-Elkarteak “Erriberetako Parkea” proiektua aurkezten ziola Zarauzko Udalari. Proiektu horretan Iñurritza (orain biotopo), Irita eta Asti naturalizatu eta babesteko eskaera egiten zen, bertako hezegune horietan zegoen eta dagoen aberastasuna medio. Uholdeen aurkako neurri gisa ere gomendagarria dirudi. 
Urte hauetan ez dira gutxi izan proiektu horrek izan dituen oztopo, eraso eta aitzakiak, baina lortu da Iñurritza biotopo eta Babes Bereziko Eremu izendatzea eta naturalizatzea. Bestalde, Irita eta Asti gaur eraikinez estali gabe daude. Iritan ez zen gauzatu  planifikatutako industrialdea. 
Ez dugu esango Arkamurka Elkartearengatik kontserbatu direnik hezegune horiek, baina ezezkorik ere ez genuke sinetsi nahiArkamurkaren ahalegina etengabea izan baita URA, Aldundia, Jaurlaritza eta Udalaren aurrean. 
Berri onak ditugu orain, Zarauzko Udalak agertu du jada, txosten bereziak eskatuaz, hiru eremu horiek eraztun berde-urdina barnean sartu eta Iñurritzako biotopoaren barnean sartzeko hirurak. Poztuko ginateke benetan hori dena gauzatuko balitz, Udalkide guztien arteko adostasunez. 
Hiru eremu horiek babesteak sortzen ditu hirigintzako asmoak aldatzea ere, behingoz Zarauzko Hirigintza  Orokorra (ZHAPO) aldatuaz, adibidez. 
Hiru eremu horiek batera babesten badira, zentzuzkoa dirudi hiru eremu horiek fisikoki komunikaturik egotea, horietako animalien, landareen eta uren batetik besterako sartu-irteerak errazteko. Horregatik Irita eta Astiren artean autopista-irteerak sortzen duen etena aztertu behar da eta baita ere Irita eta Iñurritzaren artekoa. Arkamurka Elkartea Eremu horretan ezer eraikitzearen aurka dago. 
Otsaileko Plangintzako Aholku Batzordean Arkamurkak Udalari eskatu dio Irita eta Eguzki Izarra eremuetako hirigintza-proiektuak baztertu ditzala behingoz eta aldatu dezala ZHAPOa Iñurritza errekaren ekialdeko arroa hirigintzatik babesteko. Alegia, zabaldu dezala Iñurritzako Biotopoa Eguzki-Izarretik Iritan barrena Astiraino. 
Hurrengo idatzietan zabalduko ditugu hemen azaletik adieraziak. 

Zarauzko Arkamurka Natura-Elkartea 


2019(e)ko otsailaren 22(a), ostirala

ARALAR, mundua leku den lurra NATUR DOKUMENTALDIA. Zarautzen (Ondoren forum-saioa izango da) Arkamurkak 50 urte


Arkamurka natura-elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten. Urteurren seinalatua da, zenbaki borobila. Naturaren ezagutza eta natur kontserbazioa helburu dituen taldea izanik, hainbeste urtetan irautea eta oraindik elkarrekin gure zereginean jarraitzeko gogoa izatea ospatzekoa da. Horixe dugu helburu, eta horretarako egitarau berezia prestatu dugu aurten.
Lehen aldiz hainbeste urtetan, natur balioak eta gure ingurune naturala ezagutarazteko naturari buruzko dokumental sorta eskainiko dugu otsailetik iraila bitartean (udako hilabeteak salbu). Hilaren azken asteartean eskainiko dira, 20:00eta eta ireki berria den Modelo aretoan.
Natur dokumental hauek ostean FORUMA izango dugu. Dokumentalen egileak, edota dokumentalak lantzen duen gaiaren inguruko adituak gonbidatuko ditugu natur kontserbazioaren inguruko eztabaidak sustatzeko entzuleen artean. Naturaz gozatu eta egun natur kontserbazioak dituen erronkez aritu nahi dugu, plaza zabalean, adituen eta herritarren arteko parte-hartzearekin. Datozen egunetan emango ditugu ziklo osoaren argibideak.
Lehen dokumentala datorren asteartean eskainiko dugu. ARALAR, Mundua leku den lurra eskainiko dugu. Dokumentalaren zuzendariak eta Landarlan ingurumen taldeko kideak gonbidatu ditugu eta haiekin mantenduko dugu ondoren solasaldia. Gaur Aralarko parke naturalean artzantza/abeltzantzaren eta natur kontserbazioaren artean dagoen gatazka plazaratu eta horri buruz dauden iritzi ezberdinak partekatu nahi ditugu. Gonbidatuta zaudete guztiok dokumental-forum honetan parte hartzera. Datorren asteartean, Otsailaren 26an, izango da Modelo Zineman arratsaldeko 20:00etan   
Orain arte Enirio-Aralar parke naturalari buruz egin den “lanik ikusgarri eta osoena” da eta “Aralar mendia gizartera gerturatzeko leiho bat” da. Bertaratzen diren ikusleak bertako haran, baso, gaindegi, larre, barrunbe, osin eta haitzarteetan ezkutaturiko altxorrak ezagutzeko aukera bikaina izango dute.
Aralarko irudi ikusgarriak jaso dituzte ikus-entzunezkoan, baina baita hainbat adituren azalpen teknikoak ere. Hala, Aralarren geologia eta ura, fauna eta flora, historiaurrea eta historia hurbila izango dituzte hizpide. Pello Ramirez musikari ordiziarrak egin du soinu banda. Zuzendari taldea berriz, Iban Toledo, Garazi Auzmendi, Ion Fontenla eta Aloña Jauregi goierritarrek osatu dute.
Hemen klikatuta duzue dokumentaldiaren TRAILERRA



2019(e)ko urtarrilaren 28(a), astelehena

ZER ARI DA GERTATZEN PINUEKIN?

Datorren otsailaren 7 an, 19;30 tan "zer ari da gertatzen pinuekin"eta "baso politika" gaitzat hartuaz,  Aitziber Sarobe ( Arkamurka natura elkartea eta Naturkon elkartea) eta Iñaki Aizpuru (Naturkon elkartea) izango ditugu hizlari Antoniano aretoan (Zarautz). Beraz, pinuen gaitza pil pilean dagoen honetan, aukera paregabea izango da gai honetaz ausnartzeko. 



Hitzaldia entzutera jende andana elkartu zen



2019(e)ko urtarrilaren 23(a), asteazkena

Hitzaldia: Finnoy uhartea (Norbegia) Aitor Leizak egindako bidaia


Urteari hasiera ona emate aldera urtarrilak 29 ean, 20,15 tan Zarauzko Arkamurka natura taldearen lokalean (Santa Marina 2-2) Aitor Leizak Norbegiako Finnoy uhartera (Norbegia) egindako bidaiari buruzko hitzaldia emango du.
Aitor Leiza lanera joan zen Finnoy uhartera (Haroya-n ondoan), eta denbora librea aprobetxatuz inguruko txokoak ezagutzeko parada izan zuen eta Kotxearekin fiordo batzuk ikusteaz gain Alesund herriko mendia ere  igotzeko parada izan zuen. Irtera hauetan ikusitako landare eta bizidunen berri ere emango du. Beraz nahi duen orok aukera paregabea du inguru horretako berri gertuagotik ezagutzeko. 


2019(e)ko urtarrilaren 5(a), larunbata

SANTOÑARA HEGAZTIAK IKUSTERA EGINDAKO IRTEERAN ATERATAKO IRUDI BATZUK

Andoni Ruiz en eskutikan, Arkamurkakoak urte bukaera honetan Santoñako (Cantabria) hezegunera, hegaztiak ikustera egindako irteeran ateratako irudi eder batzuk dituzue ikusgai beheko bideotxo honetan. Momentu honetan Kantauri ixurialdean aurkitzen den hezegunerik ederrena izango da bera. Hori dela eta hezeguneetara egokitutako hegazti ugari ikusteko modua izaten da bertan. Beheko irudi hauek dira horren lekuko.