2014(e)ko apirilaren 20(a), igandea

Natur kontserbazioa Gipuzkoan (II

Artikulu hartan jakinarazten zen, nola Gipuzkoako natur baliabideak eta ondare naturala kudeatzearen ardura duen Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzako izendapenari zantzu txarrak hartzen genizkion. Julian Unanue Bereciartua zuzendari nagusia urtebete beranduago kargutik kendu dute, aitortu duenez, bere borondatearen kontra.

Horrek hautsak harrotu ditu egurzale, egurraren industriako ordezkariak eta nekazari sindikatuak kargu-aldatze horren aurka mintzatu baitira. HAZI fundaziotik ere entzun dugu egungo basoen kudeaketa-eredua defendatzen duen ahotsik, azken urteotan pinu-egurraren prezioaren beherakadak zer pentsatua eragin beharko balu ere.

Horiek dira erabiltzen dituzten argudio nagusiak: (1) Gipuzkoako basoen osasun egoera ona dela, (2) Gipuzkoako koniferoen eta hostozabalen proportzioa Euskadiko orekatuena dela, eta koniferoak azalera galdu dutela azken 40 urteetan, (3) baso jabeen artean milaka direla azalera txikien jabeak, gehienak baserritarrak, eta (4) egur ekoizpenaren eredua natur kontserbazioarekin bateragarria dela, iraunkortasunaren oinarriak diren funtzio soziala, ekonomikoa eta biologikoa orekatuz. Beldur dira Foru Aldundiko kargu aldaketa honek ez ote duen kudeaketa-eredu biozentrista eragingo (?).

Basoen osasun egoera ona dela diote, baina 2013an argitaratutakoCuarto Inventario Forestal Nacional — Euskadi txostenak zehazki dioena hauxe da: ikuspegi fitosanitariotik gutxi gorabehera zuhaitzen %59 dela osasunez ongi dagoena, eta, aurreko inbentarioko datuekin alderatuta, kaltetutako aleen batez bestekoa %36tik 41era emendatu dela; noski, kalkulu horietan ez dira aintzat hartzen bestelako ingurumen adierazleak —lurraren emankortasuna, espezieen banaketa, espezie arrotzen presentzia…—.

Gipuzkoako koniferoen eta hostozabalen proportzioa Euskadiko orekatuena dela diote koniferoek %55 osatzen dutelako; aldiz, Bizkaian %63 eta Araban, %28.

Baina, nola ulertzen da oreka hori berezko basoa hostozabalena beharko lukeenean? Koniferoen berezko zuhaitz-estaldura arbuiagarria litzateke Gipuzkoan, eta, aldiz, % 55 okupatzen dute. Oreka? Egia da, bederen gutxitzen ari direla, pinu-egurraren balioa gutxitzen ari denarekin batera...

Dena dela, azpimarragarria eta aipatzekoa da ez dela hainbeste koniferoen, eta batez ere, pinudien estaldura-azalera. Baizik, pinudiak ustiatzeko modua. Ustiapen metodo industriala baliatzen dute pinua ateratzeko, makineria astunarekin eta matarrasak eginez, eta horren eraginak dira benetan mendia eta basoa kaltetzen dutenak.

Faltsua eta mingarria den beste argudioa baso-jabeena da. Behin eta berriro esaten dute gehienak baso-azalera txikien jabe diren baserritarrak direla. Baina esaten ez dutena da horiek guztiak pinu azaleraren herenaren jabe baino ez direla (1999ko EAEko landaketa komertzialak dituzten EAEko nekazal ustiapenen datuak). Alegia, baso-jabeen %75 baso-azalera txikiak dituzten baserritarrek osatzen dute, baina denen artean pinudi-azaleraren herena baino ez dute. Beste bi herenen jabeak Kutxa, toki-administrazioak, enpresa handiak, jauntxoak eta kaletarrak dira. Merkea da, gero, demagogia egitea baserritarren eta arrantzaleen kontura!

Azkenik, iraunkortasunaren kontua aipatu nahi nuke. Interes ekonomikoa, soziala eta biologikoa uztartzen dituztela eta, kudeaketa iraunkorra egiten dutela defendatzen dute. Lehenik eta behin, interes soziala eta ekonomikoa, zein biologikoa, nola neurtu dituzten galdetu beharko genuke. Hurbilpenerako baliagarria izan daitekeen adierazlea Zuzendaritza horretatik bideratzen diren aurrekontuak dira. Askotan salatu dugun bezala, Mendiak eta Naturaren Zaintza zuzendaritzako aurrekontuetan ez dira bereizten natur kontserbaziorako eta ustiapenerako bideratzen diren diru-sailak. Basoen kudeaketaren izenean diru publikoaz ireki dira pistak mendian, airez fumigatu dira basoak, eta pinu-landaketa berriak —baita soro eta zelaiak pinudiak bihurtzeko— ordaindu dira berdin jabego pribatukoak zein publikokoak. Gainera, Baso zaleen Elkarteak (GEBE) zuzenean (modu nominalean) milioiak kobratu izan ditu, bere jardunaren berri jendarteratu egin gabe, guk dakigula. Hona hemen, egungo egoera ez aldatzeko tematzearen arrazoi nagusia. Pinu-egurraren negozioa gainbeheran dago aspaldidanik, eta hala ere, bere horretan eusten saiatzen dira. Gainera, administrazioak jabe pribatuei konpetentzia egiten die negozio honetan, bere jabegoko egur-landaketetan ere etekin ekonomikoa lehenesten baitu. Hori guztia berraztertuko dutela agindu dute Foru Aldundiko arduradunek, ikusteko gaude.

Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistek benetako garapen iraunkorraren aldeko apustua egiteko oinarriak ezartzen saiatu dira. Ahalegin horretan, gehiengoarentzat oso ezezaguna den arlo hau ikusaraztea lortu dugu, baina eskatzen genituen aldaketak ez.

Hauek ziren eta dira aldarrikapen nagusienak: a) natur balioen ustiapena eta kontserbazioa aurrekontutan bereiztea, kontserbazioa lehenetsiz, eta b) politika publikoen planifikazioan eragile guztien parte-hartzea bermatzea.

Naturazaleok egin dugu gure lana, eta aldaketaren bidean laguntzeko prest gaude oraindik ere. Ezin zaigu gehiago eskatu.

Aitziber Sarobe Egiguren

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.