Arkamurka Natura Elkartetik beste behin zuengana zuzentzen gatzaizkizu ostiral honetan, Azaroak 15, gure elkartean ospatuko dugun hitzaldiaren berri ematera. Astronomia haintzat hartu, baino neurri handi batetan batetan ingurumenaz mintzatuko gara oraingo honetan, sateliteetatik lurra nola ikusten den eta aztertzen diren alderdiei buruz mintzatuko bait da Iban Ameztoy Aramendi zarauztarra (atxikitako argazkiak berak lortuak dira). Hemen berak bere hitzaldiari buruz idatzi duena:
Goitik behera: Sateliteen aukerak eta erronkak
Hogeigarren mendeko bigarren erdialdeaz geroztik, Sputnik 1 satelitea orbitaratu zenetik alegia, teknologia espazialak eraldaketa handiak bizi izan ditu, azken urteotan bereziki. Honek hamaika aukera sortu ditu hainbat alorretan. Lurraren ikuskatzearen inguruan, inoiz baino satelite gehiago orbitaratu dira azken hamar urteetan; eta hauek, adimen artifizialaren aurrerapenak direla medio, geure planetaren ulermen sakonagoa izatea ahalbidetu dute.
Helburuaren arabera, sateliteek ezaugarri desberdinak dituzte. Besteren artean, orbitaren kokapenak, jasotzen duten uhin luzerak, duten tamaina eta pisuak, lurra irakurtzeko bereizmen gaitasunak eta abar. Hauen baitan, ingurumenarekin erlazionaturiko aplikazio asko daude eta hainbat dira ikusi eta aztertu ditzakegun fenomenoak: Kanada mendebaldeko suteak, Patagoniako glaziarren eboluzioa, Amazoniako basoen deforestazioa, Europako uholdeak, Afrikako ur masen aldaketak eta sumendi edota kostaldeen dinamikak, esaterako. Aipatutako hauek dira adibidez, mundu mailan hainbat ikerlarik, teknikarik zein analistek sateliteen bitartez jorratzen dituzten gaiak.
Etorkizun jasangarriago bat helburu, planetaren ikuskatze lokal zein globala kontuan izanik, satelite ezberdinen ezaugarriak, hauen aplikazioak eta erronkak izango ditugu hizpide azaroaren 15ean, ostiralean, Arkamurkak Zarautzen duen aretoan arratsaldeko 19:00etan Santa Marina kaleko 2. zenbakiko bigarren solairuan.
Iban Ameztoy Aramendi - Europan zehar ikerketa-zentro desberdinetan ibilia. Ingurumen zientzietan eta teledetekzioan aditua.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.