2016(e)ko apirilaren 13(a), asteazkena

Iñigo Elortza Arkamurkako kidea eta fisikaria: «Zulo beltzak dira unibertsoan dauden objektu arrotzenak»

Zarauzko hitzan Iñigo Elorzari egindako elkarrizketa;
Arkamurkak Astronomia Astea antolatu du gaurtik larunbatera bitarterako. Zulo beltzen inguruko hitzaldia emango du Elortzak gaur, Ander Gonzalez de Txabarrirekin batera.  

18. urtea da Astronomia Astea antolatzen duzuena eta aurtengorako ere gonbidatu garrantzitsuak lotu dituzue.
Bai, saiatu gara behintzat, eta aurten, zorionez ,ekarriko ditugu kanpoko hizlari batzuk nahiko onak. Esaterako, hemen izango dugu Miren Karmele Gomez Garmendia Iruñeako Planetarioko arduradun didaktikoa zeru sakonean, unibertsoan oso urrun zein objektu motak eta zein prozesu ikus daitezkeen azaltzeko. Etzi emango du hitzaldi interesgarri hori, eta ostegunean, berriz, eguzki sistemari buruz ariko da Naiara Barrado Izagirre.   
EHUko Bilboko Ingeniaritza  fakultateko Zientzia Planetarioen taldeko kidea da, eta oso jantzia eguzki sistemaren kanpoko egituraren inguruan, Neptuno baino harago dauden gorputzetan-eta. 
 
Gaurkotasun handiko gaiak jorratuko dituzue, eta baita zuk eta Ander Gonzalez de Txabarrirekin batera emango duzun hitzaldian ere.  
Bai, bi hitzaldi horien aurretik etxeko hitzaldia izango dugu: zulo beltzak eta uhin grabitazionalei buruzkoa, hain zuzen.  Uste dugu, une honetan unibertsoan dauden objektu arrotzenak direla, eta objektu horietan gertatzen diren prozesuek islatzen dute gure ezjakintasuna. 
Fisikak bi adar ditu une honetan: erlabitate orokorra, Albert Einsteinena, eta mekanika kuantikoa. Oso ezberdinak dira beraien artean eta justu biek aurreikusten dituzte prozesuak zulo beltzetan. Momentu honetan asko lantzen ari diren gaia da, eta datozen urtetan ere asko hitz egingo da astrofisika munduan gertakari horien inguruan.  Gai oso arrotza da, muturreko fisika. 

Orain dela gutxi deskubritu dute zulo beltz erraldoi bat. Zer eragin dute horiek unibertsoan?
Ez dakigu oso ongi zer gertatuko den unibertsoarekin. Badakigu hedatzen ari dela, baina ez dakigu hedapen hori gelditu egingo den ala ez, txikitu egingo den eta Big Bang moduko bat gertatuko den edo zabaldu egingo den betirako. Neketsua da jakitea zer gertatuko den, bata edo bestea, baina badirudi betirako hedatuko dela. Hori hala bada, unibertsoan dagoen materia guztia momentu batean zulo beltzetan sartuko da. Baina zulo beltzak ez dira egonkorrak, denborarekin horiek ere desagertu egiten dira. 
Stephen Hawking zientzialari handia duela 40 urte konturatu zen bazegoela mekanismo kuantiko bat zergatik joaten diren zulo beltzak bere masa galtzen. Epe luzerako prozesua da, baina kalkulatzen da zulo beltzetan sartuko dela unibertsoko materia guztia, eta 10 ber 100 urte barru zulo beltz horiek desagertu eta unibertsoa betirako izango da partikula subatomiko gutxi batzuk bueltaka. 

Nola erantzuten du jendeak halako gai arrotzen aurrean. 
Dibulgazio maila lantzea da gure helburua, adituentzako bakarrik ez izatea. Ikuspegi orokorrak ematen saiatzen gara gai zehatzen inguruan. Horregatik, hitzaldiak irudiekin, bideoekin... laguntzen ditugu. 
Jendeak oso ongi erantzuten du. Fideltasun handiko bezeroak ditugu, egia esan. Normalean 30-40 pertsona etortzen dira jardunaldietara. Hain gai zehatzak izateko, oso pozgarria da jendeak interesa baduela ikustea. 
Astronomia Astea antolatzeak lan asko eskatzen du, baina bukatu bezain pronto hurrengo urtekoa antolatzeko irrikitan egoten gara. 

Horregatik, jardunaldi praktikoak ere eskaintzen dituzue. Gau eta eguzki behaketaz gain, aurten teleskopioari buruzko tailer moduko bat ere antolatu duzue. 
Arkamurkako bi ordezkari, Ander Souza eta Alfredo Sayalero arduratuko dira horretaz, oso jantziak biak. Helburua da etxean teleskopio bat duena etortzea, horri etekina ateratzen ikasteko. 

Astronomia Astea da Arkamurkako Astronomia sailaren urteko ekitaldi nabarmenena. Baina, horretaz gain, urtean zehar ere bestelako jardunaldiak eramaten dituzue aurrera, ezta? 
Aste hau antolatzeaz gain, urtean zehar ere noizbehinka irteera batzuk egiten ditugu, behaketak egiteko. Horretaz gain, askotariko hitzaldiak ere antolatzen ditugu. 
Arkamurkako azpitalde hau dozena erdi batek osatzen dugu.  Asteartero bilera arrunta egiten dugu, eta komunikabideetan gaiari lotutako albiste esanguratsuak ateratzen direnean komentatu egiten ditugu, eta interesaren arabera, jardunaldiak antolatu. Azpitaldearen urteko jarduera zerbait oso bizia da,  etengabeko jarioa dugu.

Lau hitzaldi eta behaketak izango dira XVIII. Astronomia Astearen barruan


Arkamurka natur elkarteak antolatuta, Astronomia Astea ospatuko dute beste behin Zarautzen. XVIII. ziklo honetan, lau hitzaldi eskainiko dituzte. Apirilaren 12an, datorren asteartean, zulo beltzak eta uhin grabitazionalak izango dituzte hizpide Ander Gonzalez de Txabarri EHUko ikasleak eta Arkamurkako kide Iñigo Elorzak. Fenomeno horien ezaugarriak zeintzuk diren eta nola detektatzen dituzten azalduko dute, besteak beste.
Bigarren egunean, hilaren 13an, Zeru sakonean hitzaldia eskainiko du Iruñeako Planetarioko ordezkari Miren Karmele Gomez Garmendiak. Planetarioan prestatu duten Deep Sky ikus-entzunezkoa emango dute eta horren inguruan mintzatuko da.
Hilaren 14ean, ostegunean eguzkiaren eremu grabitatorioan dauden gorputz ugariei begirada bat botako diote bertaratzen direnek, Eguzki Sisteman zehar bidaiatzen hitzaldiaren bitartez. Naiara Barrado Izagirre EHUko zientzia planetarioen taldeko kideak eskainiko du.
Teleskopioari etekina ateratzeko hainbat aholku eskainiko dituzte Arkamurkako Alfredo Sayalero eta Ander Souza azken hitzaldian, datorren ostiralean. Teleskopioa nola muntatu azalduko dute, horri nola gehitu kamera bat eta, oro har, erabilera hobetzen lagunduko diete gerturatzen direnei. Lau hitzaldiak natur elkartearen aretoan izango dira, 20:15etik aurrera.
Astea biribiltzeko, larunbatean eguzki eta gau behaketak egingo dituzte, urtero legez. 12:00etatik 14:00etara bilduko dira parte-hartzaileak Munoan eguzkia behatzeko. Gaua aztertzeko, berriz, Salberdingo lorategian elkartuko dira, 21:00etan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.