2014(e)ko urria 16, osteguna

XXXV. Natura-astea eta perretxiko-erakusketa

Urtero urrian egin ohi dugun eran, aurten ere perretxiko-erakusketa egiteko asmotan gera Arkamurka taldekoak. Dena dela, aurtengoan zenbait aldaketa ekarri nahi ditugu, ez dadin “betiko” erakusketa izan: beste ikuspegi batetik abiatu eta bide berria jorratzen hasi. Hogeita hamabost urte pasatuta ere berrikuntzarako indarra eta gogoa dugula, alajaina!
Arkamurkako kideak Natura asteko erakusketarako panelak eta abar prestatzen lokalean.
Alde horretatik, igandeko erakusketakoa perretxiko-bilduma izan ordez, perretxikoak beren habitat edo bizilekuen arabera antolatu eta sailkatuko ditugu, eta perretxiko mota asko erakusteari baino indar handiagoa emango diogu landare eta onddoen arteko lotura erakusteari. Arkamurka Natura-taldekoek erakusketa honekin bide berria ireki nahi dugu: perretxikoen aniztasuna erakusteaz gain, onddoek naturan betetzen dituzten funtzioak erakutsi, edo, beste era batera esanda, perretxikoak bildu eta jateko gutiziatik onddoen mundua hobeto ezagutzeko irrikara pasatzea du helburu.
Golindo Natur astearako prestatu ditugun panelak errepasatzen.
Aurtengo beste aldaketa bat merkatu-plazako goiko solairuan jarriko dugun erakusketa izango da. Hogeita hamahiru horma-irudiren bidez onddoen mundua erakusten saiatuko gara: zer den perretxikoa, nolako erlazioak dituzten gainerako bizidunekin, nola moldatzen diren bizi eta ugaltzeko, zein habitatetan bizi diren, zein diren habitat bakoitzeko perretxiko ohikoenak… Erakusketa aste eta erdian egongo da ikusgai, lasai-lasai eta patxadaz ikusi nahi duenarentzat.
Bestalde, erakusketaz gain, azken urteetan egin ohi dugun eran, Natura-astea antolatu dugu urriaren 20tik 26ra bitartean.
Horrelako erakusketa bat antolatzeak urte osoko lana dakar atzetik.
Laburtuz, hauexek dira antolatutako ekitaldiak (denak arratsaldeko 20:15ean):

· Urriaren 20an, astelehena. Erakusketaren bisita gidatua

· Urriaren 21ean, asteartea. Hitzaldia: Onddorik gabeko mundua imajinatzen.

Hizlaria: Esti Sarrionaindia (EHUko Mikologiako irakasle eta ikertzailea).


· Urriaren 22an, asteazkena. Hitzaldia: Aranzadi Elkarteko Mikologia Saileko lanen azalpena: helburuak eta egoera

Hizlaria: Josefo Teres (Aranzadi eta Arkamurka Elkarteetako kidea).


· Urriaren 23an, osteguna. Hitzaldia: Onddoen kontserbazioa: etorkizun hurbileko erronka

Hizlaria: Isabel Salcedo (EHUko Mikologiako irakasle eta ikertzailea).


· Urriaren 25ean, larunbata. Perretxiko-sailkatzea

· Urriaren 26an, igandea. Perretxiko-erakusketa. Kontsultarako txokoa. Txoko didaktikoa

· Urriaren 20tik urriaren 31ra Onddoen  mundua erakusketa merkatu-plazako goiko solairuan. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guzia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea, zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko eta errespetu falta sumatzen badugu jakin dezala bere mezua borratua izango dela.
Eskerrik asko.