2025(e)ko apirilaren 8(a), asteartea

Zarauzko astronomia asteko bi hitzaldiak zuzenean ikusteko aukera

Beste urte batez, Zarautzen astronomia astea ospatu da, eta bi hitzaldi interesgarri izan ditugu, gai oso desberdinak jorratuz. Emanaldi hauek unibertsoa hobeto ulertzeko eta gure Eguzki Sistema arakatzeko aukera paregabea eskaini digute. Astronomia zaleei eta gai honetan sakondu nahi dutenei eskainitako eduki aparta izango delakoan jarraian dituzue bi hitzaldiak ikusgai. 

Lehen hitzaldian, Javier Armentia astrofisiko eta dibulgatzaile entzutetsuak, "Descifrando el cosmos: La astronomía como ciencia de datos" izenburuarekin aurkeztu zuen hitzaldia. Bertan, astronomiaren datu-laguntzaile izaera azpimarratu zuen, eta unibertsoaren fenomenoak ulertzeko datuen bilketaren eta azterketaren garrantzia azaldu zuen. Jarraian duzu hitzaldia ikusteko aukera, grabaketan akats txiki batzuk izan ziren bainan garrantzitsuena grabatuta geratu zen;

Bigarren hitzaldian, Ander Glez de Txabarri, Arkamurka Natura Elkarteko kideak, "Eguzki sistema, kaosetik egiturara" izenburuaarekin aurkeztu zuen hitzaldia. Eguzki Sisteman gertatzen diren prozesu konplexuak nola kaosetik egitura ordenatua lortzen duten azaldu zuen, ikuspegi sakon eta argigarri bat eskainiz. Jarraian duzu hitzaldia ikusteko aukera;

Jarraian Torreoian egin zen gau behaketan ateratako argazki batzuk dituzue ikusgai;

















2025(e)ko apirilaren 2(a), asteazkena

TXORI KANTUEN MELODIA ETA ORKIDEEN MAGIAZ GOZATZEKO IRTEERAK ARKAMURKAREKIN

Udaberria etorri da, urtero bezala, Arkamurka natur taldetik zenbait irteera egin izan ohi ditugu naturaz gozatzeko. Aurten Zarauzko hainbat parajetara hurbiltzea da gure asmoa: Vistalegre parkera eta Zarauzko lorategietara. Betiere naturaren-balioak zaindu eta balioan jartzeko. Gaur egun, kontzientzia ekologiko haundia dagoen arren, pertsona askok ez dituzte euren inguruko hegaztiak zein orkide edo landareak ezagutzen eta irteera hauen helburuetako bat hori da, besteak beste gure inguruan degun basabizitza eder hontaz jabetzea eta bide batez gozatzea. 

TXORI KANTAK;

Apirilak 12, larunbata, GOIZEKO 09,30 etan Vistalegreko  parkearen (Torreoia) sarreran 

Ibilaldia, batere zailtasunik gabekoa izango da eta bidean gure inguruko txoriak eta hauen kantu ezberdinak ezagutzen lagunduko duten azalpenak emango ditu Arkamurkako kide den Pello Izkeaga ornitologoak. Adin eta ezaguera maila guztikoentzat dago zuzendua ibilaldi hau. Jarduera Vistalegreko parkean zehar izango da eta guztira bi edo 3 ordu inguruko iraupena izango du, prismatikoak  eta hegazti gidaren bat ekartzea ere gomendatzen da
   
  LORATEGIETAKO ORKIDEAK  
 
         Apirilak 13, igandea, GOIZEKO 09,30 etan 
                Agueseko biribilgunean   
                  

Zarautz inguruko orkideak ezagutzeko irteera hau Arkamurka taldeko Juantxo Unzuetak eta Eraztun Berde Urdineko arduradunak gidatuko dute, eta goiz buelta izango da. Hala, "oso familia anitza osatzen duten, eta bizi ziklo konplexu eta forma zein eraldaketa askotariko loreak" ezagutzeko aukera eskainiko da.


Goiko panel honetan ikusten diren orkideetako batzuetaz gozatzeko aukera izango da irteera honetan.